ADARREN SOINUAK EHUNDAKA MENDIZALE GIDAU DITU OIZEN DEIADAR MENDIEN EGUNEAN

  • Deiadar mendien martxea goizeko 09:00etan abiau da Garaitik, eta eguerdiko hamabietan Oizeko tontorrean batu da Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia egiteko aspaldiko erritua errepiketako.


(Garai, 2025eko bagilaren 8a). Dozenaka mendizale igon dira gaur goizean Oiz mendira, Bizkaiko Batzar Nagusiak batzeko egin dan dei tradizionala entzuteko Deiadar Mendien Egunaren beste edizino batean. Adarraren soinua ozen entzun da barriro deiadar tontor honetan eguerdiko hamabietan, Garaiko udalerritik igon eta gero. 
 
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako martxea goizeko bederatzietan hasi da Garaiko Udaletxearen ondoan. Parte hartzaileak mendiaren hegoaldeko isurialdetik igon dira Oiz mendiaren gailurrera (1.026 metro). Itzulera alde horretatik bertatik egin da, baina itzultzeko beste bide bat aukeratu da, ibilbide zirkularra diseinetako asmoagaz. San Kristobal baseleizan hornidurarako eta atsedenerako geldialdia egin da.

Deiadarrak alkartu ditu martxako parte hartzaileak Oizeko tontorrean. Bertan, Kriskitin Dantza Taldeko eta Jaizale Txistulari Alkarteko kideek, biak Durangokoak, aurreskuagaz eta tokiko dantza bategaz zabaldu dabe Batzar Nagusietara deitzeko adarren dei tradizionalaren ekitaldia.

Ehundaka lagunek gozau dabe Bizkaiko mendi ibilaldi herrikoien klasiko bihurtu dan jardunaldi bereziaz. Horreen artean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria egon da, eta bertaratutako guztiei zuzendu jake, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004tik antolatzen daben tradizino zahar honetan parte hartzeagaitik eskerrak emoteko.

Bertan izan dira, baita be, Erramun Osa (Garai), Aitor Agirre (Arrieta) edo Mireia Elkoroiribe (Durango) eskualdeko alkateak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak. Deiadar mendien igoera bakotxean urtero laguntzen daben bost mendi taldeetako kideak be ez dira falta izan: Balmaseda Mendi Taldea; Bilboko Gailurra; Lemoako Ganzabal; Durangoko Alpino Tabira; eta Bermeoko Sollube 707.

Tradizino dan lez, eguneko mendi talde anfitrioia, aurton Durangoko Alpino Tabira, arduratu da adar ofiziala joteaz eta, jarraian, Bilboko Gailurra klubeko ordezkari bati emon deutso. Talde hori arduratuko da datorren urteko egun berean Ganekogorta mendian egingo dan Deiadar Mendien Eguneko 2025eko edizinoa antolatzeaz. 


ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK

Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.

Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.

Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue XIV. gizaldian. Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas” testua, deiadarren tradizinoari buruzko lehen aitamena, hartu da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko urtero gailur desbardin batera igoteari eusteko erreferentzia lez.