BIZKAIBIZI FORU SISTEMEA EGUNERO 3.000 ALOKAIRURA HELDU DA
- Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, 2023ko datuetan oinarrituta dagoan lurraldeko bizikletearen lehenengo barometroaren emaitzak aurkezteko. Bertan Aldundiaren bizikleten alokairu sistemearen lehenengo balantzea jasoten da.
(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 23an). Aldundiak lurraldeko bizikletaren lehenengo barometroa aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Turismo batzordean. Bizkaiko biztanleen artean bizikletea erabilteko ohiturak jasoteko igazko datuak erabili dituan azterlan horretan Bizkaibiziren lehenengo balantzea be jasoten da. Aldundiaren bizikleten alokairu sistemea 268.885 bidaiagaz eta 36.000 erabiltzailegaz itxi zan igaz. Horreetatik “18.000 baino gehiago” “aktiboak” dira. Gaur egun, alokairuaren batez bestekoa “egunean 3.000 unidadekoa” da, eta “gailurra” alokatutako “5.236” unidade dira.
Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatua izan da Batzar Nagusietako taldeei Bizkaibiziren magnitude nagusien barri emotearen arduraduna, bizikletari buruzko batzorde monografikoan. Aldundiko arduradunak laburpenean adierazo dauenez, sistemak “oso harrera ona” izan dau herritarren artean, lurraldeko biztanleen % 72ak ezagutzen dabelako, eta ehuneko hori % 80koa dalako atxikitako udalerrien artean. Erabiltzaileak zerbitzuagaz “oso pozik edo nahiko pozik” dagozala adierazoten dabe, eta, batez beste, “6,4” puntuko balorazinoa emoten deutsie.
Erabiltzailearen profilari jagokonez, % 60 gizonezkoak dira eta % 40 emakumezkoak. Bizikleta elektrikoak erabilten dituen personen % 35,4ak 19 eta 29 urte bitartean ditu. Ondoren, 40 eta 49 urte bitartekoak dagoz, % 21,9gaz. Pérezek zehaztu dauenez, sistemeak “524 bizikleta” ditu, gaur egun eta “hilebete honen bukaeran” aurreikusitako 650 unidade guztiak zirkuletan egotea espero da. Gaur egun kontabilizautako bidaiak “310.918” alokairu hartzen ditue.
Foru diputatuak adierazo dauenez, bidaiaren batez bestekoa “17 minutukoa” da. Bidaien % 86,7a ordu erdira arteko tarifetara egokitu zan. Eguneko “puntako” orduak, alokairuei jagokenez, goizeko 10ak eta arratsaldeko ordu biak eta seiak dira.
Bizikletak hartzeko lekuei jagokenez, Santurtzi Parkea da gehien erabilten dan puntua, eta Artegabeitia eta Kareaga gitxien erabilten diranak. Erabilera gehien batzen dituen udalerriak Barakaldo eta Getxo dira, eta bidaia gitxien egiten diran udalerriak Berango, Erandio eta Bilbo.
Ganera, bere udalerrian BizkaiBizi zerbitzua dabenen % 58ak autortzen dau zerbitzu horregaz “oso pozik edo nahiko pozik” dagoala, eta balorazinoa 6,4koa emoten deutso batez beste. “Kontuan izan behar da inkestea 2023ko urritik zemendira egin zala, BizkaiBizi martxan jarri eta gitxira, eta, halanda be, ezagutza eta onarpen maila oso handia izan zala hasiera-hasieratik”, adierazo dau foru diputatuak.
2,6 BIZIKLETA ETXE BAKOTXEKO
Aldundiak mila persona baino gehiagoko laginaren bidez egindako lehenengo barometroari jagokonez, ikusi da bizkaitarren “% 50ak” bizikletea daukala eta etxeen “% 69ak” gitxienez bizikleta bat daukala. “2,6” bizikleta dagoz etxe bakoitzean. Inkestan parte hartu daben personen % 13ak “ohiko” erabiltzailea dala adierazo dau.
Bizkaiko etxeetan gehien aurki daikegun bizikleta motea mendikoa da (etxean bizikletea daukiela dinotenen % 71ak gitxienez mendiko bizikleta bat dauka), ondoren urikoa (bizikletea daukiela dinotenen % 47ak paseorako bizikleta bat dauka gitxienez) eta, azkenik, errepidekoa (% 22ak). Bizikleta-eredu barriei jagokenez, uriko bizikleten parkearen % 2a elektrikoa dala adierazoten dau barometroak.
Bizikleten erabilgarritasuna murriztu egiten da udalerriaren tamainua handitzen dan heinean. Bizikletaren erabilerea kirolagaz (% 49) eta osasunagaz (% 44) lotzen da batez be, eta mobikortasuna (% 36) eta ingurumena (31) be badagoz errazoien artean.