KIDS’ GUERNICA PROIEKTUAK UKRAINAKO ETA JAPONIAKO HAURREK MARGOTUTAKO BI MURAL ERAMAN DITU AZKUNA ZENTROA - ALHÓNDIGA BILBAORA

  • Kids’ Guernica mundu osoko haurren artean bakearen kultura sustatzen duen proiektu artistikoa da.
     
  • Zentroko Kulturen Atarian formatu handiko bi horma-irudi jarri dira, Picassoren lanean inspiratuak.

 

(Bilbo, 2025eko apirilaren 23a). Kids’ Guernica, mundu osoko haurren artean bakearen kultura sustatzen duen proiektu artistiko kulturala, aurkeztu da gaur Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko Kulturen Atarian. Erakusketa Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute, eta Ukrainako eta Japoniako neska-mutilek margotutako bi horma-irudik osatzen dute. Erakusketa apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren oroipenean kokatzen da.

Kids’ Guernicak artea sustatzen du, adierazteko eta adiskidetzeko tresna gisa. Bakearen aldeko horma-irudi horietarako inspirazioa Pablo Picassoren Gernika margolan unibertsaletik sortu zen, gerrek ekartzen duten izugarrikeriaren testigantza gisa. Ondare artistiko horretatik abiatuta, mundu osoko haurrek sortzen dituzte lan kolektibo horiek, eta bake eta elkartasun globaleko mezua helarazten dute.

Bilbon apirilaren 27ra arte erakutsiko dituzte gerra bat jasatea zer den ondo dakiten bi komunitate lotzen dituzten lan horietako bi: Japonia eta Ukraina.

All children 's dreams in one word "Peace". Murala 2024an margotu zuten Irpineko Ekonomia Fakultateko ikasleek, Ukrainan, errusiarren inbasioak gehien zigortu zuen hirietako bat, zeinaren zubia 2022an suntsitua izan zen. Obra kolektibo honen bidez, jasaten ari diren suntsipenagatik eta sarraskiengatik sentitzen duten mina eta bakea ahalik eta lasterren iristeko nahia erakusten dute.

Ondoan Kayoko Sakura III Project ikus daiteke, Himi Bigarren Hezkuntzako ikasleek 2023an Nagasaki hiri japoniarraren inguruan sortutako murala. Kasu honetan, Kayoko Sakura III proiektua helarazi diote olana handi honi. Urtero, bonba atomikoaren biktima den Kayoko Hayashiren gereziondoaren kimuak banatzen dituzte munduan zehar. Lore-petaloen, eskuen aztarnen eta banderen bidez, Gernikak eta Nagasakik, jakinduriaz eta ausardiaz, hiri baketsu eta zoriontsuak beren hondakinetatik sortzen jakin dutela adierazten dute.