BIZKAIKO MENDIEI BURUZKO FORU ARAUAREN PROIEKTUA BATZAR NAGUSIETAN IZAPIDETZEN ARI DA, BATZORDEAN 126 ZUZENKETA-ESKE EZTABAIDATU ETA GERO
- Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak Batzar Nagusietako taldeen 15 zuzenketa-eske onartu ditu gaur, eta erespena prest itxi dau Osokoan onartzeko, aldaketa gehiago negozietako aukerea zabalik, Aldundiari eusten deutsien talde biek aurreratu dabenez.
- Gaur onartu diran aldaketen artean, azpimarratzekoa da eukaliptoaren birpopulaketa barrien debekuaren luzapena Baso Baliabideen Antolamendurako Planak (BBAP) onartu eta indarrean sartu arte.
(Bilbon, 2026ko jorrailaren 14an). Mendiei buruzko Foru Arau barriaren proiektuak, 1994tik indarrean dagoan araudia eguneratzeko diseinautako testuak, beste izapide bat gainditu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, joan dan gabonilean Foru Aldundiak erregistrau eban testuaren zuzenketa-eske parzialak eztabaidatu eta gero. Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatzen ari dan erregulazinoak baso-lurren 132.000 hektarearen kudeaketan dau eragina, hau da, lurraldearen azalera osoaren % 60an. Horreen artean lau lurzatitik hiru norbanakoenak dira.
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak jatorrizko testuari aurkeztu jakozan 126 zuzenketa-eskeak eztabaidatu ditu. Hiru zuzenketa-eske batera aurkeztu ditue Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek; 41 EH Bilduk; 36 Bizkaiko Talde Popularrak; eta 46 Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak. Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeak onartu egin dau arauaren proiektuan 15 aldaketa sartzea, eta hori Osokoak bermatu beharko dau orain, indarrean sartu daiten. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek defendidu dituen zuzenketa-eske bi, EH Bilduren beste zuzenketa-eske bi eta Bizkaiko Talde Popularraren beste 10 onetsi ditue, baita eukaliptoaren moratoriaren jarraipenari buruzko erdibideko zuzenketa-eske bat be.
Onartutako zuzenketa-eskeen artean, gehienak teknikoak, arauaren proiektuari seigarren xedapen gehigarria gehitzen deutson eta lau alderdik (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskearen onarpena nabarmendu da. Aldaketa horretan, eukaliptoaren birpopulaketa barriak debekau egiten dira Baso Baliabideen Antolamendurako Planak (BBAP) onartu eta indarrean jarri arte. Baso-administrazinoak aldez aurretik onartutako kudeaketa-tresnetan aurreikusitako baso-barritzeak salbuetsita dagoz. Adostutako testuan oinarrituta, BBAPak indarrean sartu arte, aurreko okupazinoan espezie horren masea nagusi zan lurretan baino ezin izango da eukaliptoagaz basobarritu. Baso Baliabideen Antolamendu Planak indarrean sartzen diranean horreek ezarriko ditue eukaliptoa landatzeko edo ekosistemen iraunkortasuna arriskuan jarri daikean beste edozein espezie landatzeko muga espezifikoak.
Arau-proiektua 5 izenburuk, 4 xedapen-moltsok eta 120 artikuluk osotzen dabe, eta oraindino be aldaketetarako zabalik dago, testua legez ziurtatu behar dauen Osokoa egin arte. Aldaketa horreek erdibideko zuzenketa-eske lez heldu daitekez, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga bozeroale jeltzaleak behin baino gehiagotan esan dauenez. Oposizinoko taldeek Osokorako erreserbau ditue euren zuzenketa-eske guztiak.