GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA TURISMORAKO SAILAREN AURREKONTUA IZANGO DA ALDUNDI OSOAN EHUNEKOTAN GEHIEN HAZIKO DANA

  • Sonia Pérez Ezquerrak, beharginen gastuak kontuan hartu barik % 6,21eko igoerea eta 221,3 milioi euroko erabilgarria izango dituan aurrekontua kudeatuko dau.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko Aurrekontuak azaltzeko hirugarren jardunaldia egin dabe, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako saileko, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko eta Euskera, Kultura eta Kirol saileko titularren agerraldiakaz.
     
  • 2026ko Kontuen azalpena bihar amaituko da, Gizarte Ekintza eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailen aurrekontuen zehaztapenakaz.

 

(Bilbon, 2025eko azaroaren 10ean). Batzar Nagusietan 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen Proiektua azaltzeko hirugarren jardunaldia Sonia Pérez Ezquerra Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuaren agerraldiagaz hasi da. Bere sailaren aurrekontua izango da Aldundian ehunekotan gehien haziko dana. Perezek 221,3 milioi euro izango ditu, hau da, aurtengo aurrekontua baino % 6,21 gehiago. Argitu dauenez, “benetako” hazkundea “% 5ekoa” da, Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) egindako ekarpenak alde batera itxi ezkero.

Aurrekontuaren zatirik garrantzitsuena, aurreko urteetan lez, Bizkaibusen mantentze-lanetara bideratuko da. Gastu hori jasoten dauen programea –Bidaiarien Garraioa– 147,2 milioi eurokoa da, hau da, % 7,1 gehiago. Bizkaibusen zerbitzua hobetzeak, maiztasunak handitzeak eta eskaripeko garraioa zabaltzeak bultzatzen dabe zati hori.

Diputatu andreak baieztu dauenez, aurreikusita dagoanez, erosi gura diran hamabost “autobus elektrikoen arteko lehenengoak” 2026an jasoten hasiko da Bizkaibuseko flotea. Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez Pérezek adierazo dauenez, Garraio Saila “beste sei” erostea aztertzen ari da.

Garraio publikoaren arloan, Aldundiak beste partida handi bat bideratuko dau metrora. Holan, BGPra zuzendutako kopurua “5 milioi handiagoa” izango da, metroaren sarearen etorkizuneko luzapenari aurre egiteko eta, holan, 5. linea eregiteko lanei jarraipena emoteko. Lan horreetarako 15 milioi euro dagoz erreserbauta.

Sailaren beste jarduketa eremu batek, Mobikortasun Jasangarriaren arloak, 2.388.735 euro jasoko ditu, % 4,48ko igoerea, batez be Bizkaiko bizikleta publikoaren “BizkaiBizi” zerbitzua bultzatzearen ondorioz. Helburua beste 29 udalerritara heltzea da.

Bestalde, Turismo arloak 2,4 milioi euro izango ditu, 2025ean baino % 3,9 gehiago, eta horreek “jarduketa ildo nagusiei eusteko” balioko dabe.

 

4,3 MILIOI ORKONERAKO LOHIEN POZUA HOBETZEKO

Arantza Atutxa Lejarretak, Bizkaiko Batzar Nagusietako eguneko bigarren saioan, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko arduradun lez aurkeztu dituan aurrekontuak azaldu ditu. 79 milioi euroko aurrekontuak dira eta % 1,8ko igoerea dabe. Kontu horreen helburua Suspertze Planaren eta basogintzako laguntzen planaren ildo estrategikoei eustea eta lurralderako ingurumeneko inbertsinoak bultzatzea da, laburbildu dauenez.

Partida handien artean, “Ingurumen arloko Azpiegiturak” atalak 29,7 milioi eurora arte handitu dau bere gastu erabilgarria, hau da, % 8,57ko hazkundea izan dau. Aurrekontuaren barruan, 4,33 milioi euroko zuzkidurea dauen Orkonerako lohien pozua hobetzeko inbertsinoa sartzen da.

Beste partida handietako bat Nekazaritzea Garatzeko Zerbitzuak eroango dau. 17,6 milioi euro izango ditu, NPBren kudeaketarako, gazteentzako laguntzetarako, landa-garapenerako neurrietarako eta ustiategien modernizazinorako. Kontu horreen barruan, 5,9 milioi eurora helduko dan modernizazinorako laguntzen plana indartzea nabarmentzen da, baita belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko eta sektorean gazteak sartzeko neurri espezifikoak be.

Ogasun eta Finantza batzordean emondako azalpenean, Abeltzaintza Zerbitzuari esleituta dagozan 6,85 milioiak edo Baso Zerbitzuaren gastuak eta inbertsinoak estaliko dituen 10,16 milioiak be azpimarratu ditu Atutxak.

 

70 MILIOI EURO BAINO GEHIAGO EUSKERA, KULTURA ETA KIROL SAILERAKO

Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatuak itxi dau gaur arratsaldean 2026ko Bizkaiko Aurrekontuak azaltzeko hirugarren jardunaldia Batzar Nagusietan. Bere sailari jagokonez, 70.378.553 euro izango ditu bere eskumen-eremuko programak diruz estaltzeko, hau da, % 4,2 gehiago.

Sailaren jarduketa-ildoak honeek izango dira: lurraldean euskerea suspertzea, kultur adierazpen desbardinak sustatzea tokiko talentuaren proiekzinoa bultzatuta eta kirolaren presentzia bizitzako etapa guztietan erraztea. Horretarako, 70,4 milioiak holan banatuko dira: 8.823.000 euro euskerearen normalizazinorako; 46.119.553 euro kultura eta ondarerako; eta 11.182.000 euro kirola sustatzeko. Gainerakoa –4.253.500 euro– saileko zerbitzu orokorretara zuzenduko da.

Bere agerraldian, Atutxak hainbat mugarri finkatu ditu 2026rako: Arte Ederretako Museo eta Euskal Museo barrituak barriro zabaltzea, eta EMYAren (European Museum of de Year Awards) batzarra eta galea berton egitea, Euskararen Etxea anfitrioi dala.