KATALUNIAKO PARLAMENTUKO PRESIDENTEAK GERNIKAKO BATZARRETXEA BISITAU DAU

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Euskadin bisita ofizialean dagozan Josep Rull i Andreu eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiko beste kide bi hartu ditu.


(Gernikan, 2025eko zezeilaren 5ean). Kataluniako Parlamentuko Mahaiko ordezkaritza batek, Josep Rull i Andreu presidentea buru zala, Gernikako Batzarretxea bisitau dau gaur arratsaldean. Kataluniako ordezkaritzan Raquel Sans Guerra Lehen Presidenteordea eta Rosa Maria Ibarra Ollé Hirugarren Idazkaria be egon dira, eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko beste kide batzuek egin deutsie harrerea. 

Kataluniako legegintza-organo gorenaren presentzia Kataluniako organu legegileak Euskadira egindako bisita ofizialaren barruan dago. Gaur goizean bertan, hain zuzen be, Kataluniako ordezkari politikoakaz batera Foru uribilduan izan dan Bakartxo Tejeria Otermin Eusko Legebiltzarreko lehendakariak egin deutse harrerea Kataluniako Parlamentuko kideei. Kataluniako ordezkaritzeak Euskadira egindako bidaia bihar amaituko da Gasteizen, Ajuria Enera joateko asmoa dabe-eta. Bertan Imanol Pradales lehendakariak egingo deutse harrerea. Lehendakariak Kataluniara bisita ofiziala egin eban urtarrilean, Euskadiren eta Kataluniaren arteko hartu-emonak sendotzeko.

Foru parlamentutik egindako ibilbidean, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideek Batzarretxearen gela nagusiak ezagutu ahal izan ditue. Gernikako Arbolearen ondoan protokolozko agurrak jaso ostean, ohorezko aurreskua barne, segizioa Batzar Nagusietako egoitza barrura pasau da, eta bertan Osokoen Aretoan, Beiratearen Aretoan, Liburutegian eta lehendakariaren bulegoan gelditu dira. Azken leku horretan, Kataluniako Parlamentuko presidenteak Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu dau, Batzar Nagusietako lehendakariagaz opariak trukau aurretik.