BIZKAIKO POLITIKA OROKORREKO OSOKO BATZARRA DATORREN EGUENEAN, HILAREN 25EAN, EGINGO DA GERNIKAN

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak bere kudeaketearen bigarren balantzea egingo dau osokoan eta urte politiko honetarako gobernu-ekintzaren barri emongo dau.

 

(Bilbon, 2025eko irailaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Politika Orokorreko lehenengo osoko batzarra egingo dabe eguenean, irailaren 25ean. Aldundiak berak eskatuta eta Batzar Nagusietako lehendakariak Mahaiko eta Taldeburuen Batzarreko kideei proposamena jakinarazo ostean, Gernikako Batzar Etxera deituko dira batzarkideak. Azkenengo urte politikoan Elixabete Etxanobe Landajuelak Bizkaiko Foru Aldundian egindako kudeaketaren ganeko osoko monografikoa izango da, eta hurrengo ekitaldirako gobernu-ekintzaren barri be emongo da bertan.

Osoko Batzarra Foru Gobernuko arduradun nagusiaren berbaldiagaz hasiko da. Etxanobek ordu bi izango ditu azalpenak emoteko eta, ordubeteko atsedenaldiaren ostean, Batzar Nagusietako talde bakotxak 30 minutuko txanda bana izango dau Bizkaiko Gobernuko arduradunari erantzuteko, Batzar Nagusien araudiak ezarten dauen lez.

Eztabaideak aurrera jarraituko dau Ahaldun Nagusiaren erantzunagaz, eta, ostean, Batzar Nagusietako taldeek barriro esku hartuko dabe, azkenengo hauteskundeetan lortutako ordezkaritzearen araberako ordenan, ordezkaritza txikiena lortu eban taldetik hasi eta handiena lortu ebanera (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Euzko Abertzaleak). Bozeroale bakotxak 10 minutu izango ditu Etxanoberi erantzuteko.

Eztabaidea amaituta, bost taldeek 48 orduko epea izango dabe ebazpen-proposamenak aurkezteko, eta horreek hurrengo eguenarako, urriaren 2rako, aurreikusita dagoan Osoko Batzarrean eztabaidatuko dira. Mahaiak izapidetzeko onartuko ditu eztabaidagai dan gaiagaz bat datozan ebazpen-proposamenak.

Lotutako estekak: