BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EZ DITU ONARTU BIZKAIKO 2026KO AURREKONTUEN KONTRA OPOSIZINOAK AURKEZTUTAKO OSOTASUNEZKO ZUZENKETA-ESKEAK
- Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Lurraldeko Kontuak Aldundiari itzultzearen kontrako botoa emon dabe, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu taldeek kontrakoa eskatu daben arren.
- Aurrekontuak onartzeko izapide parlamentarioak datorren astean jarraituko dau, martitzenetik aurrera, Ogasun eta Finantzetako batzordean 514 zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz.
(Gernikan, 2025eko gabonilaren 12an). 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuak batzordean jarraituko dau datorren martitzenetik aurrera, 514 zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz, gaur Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osokoak, bozketa bakarrean (aldeko 19 boto eta kontrako 31), oposizinoaren Kontuak itzultzeko hiru eskaerak atzera bota eta gero. Osokoak ez ditu onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu taldeek defendidu dituen Osotasunezko zuzenketa-eskeak. Foru gobernuari eusten deutsien talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– gehiengo parlamentarioak ekimen horreek atzera botatea, eta, holan, datorren gabonilaren 29an, beste osoko batean amaitzea aurreikusten dan aurrekontuen foru arauaren proiektuaren tramitazino prozesuagaz jarraitzea ahalbidetzea eragin dau.
2026rako Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuak 11.320 milioi euroko zenbatekoa jasoten dau guztira, eta horreetatik 1.716 milioi bat datoz Foru Aldundiak datorren urterako erabilgarri daukanagaz (beharginen gastuak kontuan hartu barik), Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak saioaren hasieran gogora ekarri dauenez. Erakundeen konpromisoak kenduta –guztira 9.071 milioi–, Elixabete Etxanobe Landajuela buru dauen Foru gobernuaren Legealdiko hirugarren aurrekontua 64,4 milioi hazi da aurtengoagaz alderatuta. Berrojalbizek azpimarratu dauenez, zorrak ez ditu 1.830 milioiak gaindituko, hau da, lurraldeko BPGaren “% 4 baino ez”. Erakunde-konpromisoei jagokenez, Aurrekontuak 7.000 milioi baino gehiago erreserbau ditu Eusko Jaurlaritzarentzat; 675 milioi Kuporako; 1.238 milioi udalentzat –zifra “errekorra”– eta 10,5 milioi Batzar Nagusien gastuei aurre egiteko.
Aurrekontu hori, Berrojalbizek adierazo dauenez, gizarte arloko gastuaren, garraio publikoaren modernizazinoaren, Bizkaiko etorkizun ekonomikoaren eta enpleoaren arloetan “kalidadezko zerbitzu publikoak blindetako” eta itsasadarraren azpiko tunela eregiteko erabiliko da, Bizkaiko bide azpiegitura handiak ixteko. Bere esku-hartzearen bukaeran, Ogasun eta Finantzetako diputatuak esan dau penagarria dala oposizinoko talde bategaz be akordiorik lortu ez izana, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiagaz “atzoko azken ordura arte” ahaleginak egin dituan arren.
Aurrekontu horreekaz bat ez etozala adierazo dauen lehenengo batzarkidea Eneritz de Madariaga Martin Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea izan da, eta, Aldundiak akordioa lortzeko egin dauen “ahalegina” berretsi arren, osotasunezko zuzenketa-eskea aurkeztea defendidu dau, bere eretxiz, proponidutako kontuak “kontserbadoreak” diralako eta ez dabelako “eraldaketarako anbizinorik”. De Madariagak kritikau dauenez, aurrekontuak ez deutso heltzen Bizkaiko egiturazko gizarte hauskortasunari, biztanleriaren herena baino gehiago prekaridadean edo gizarte bazterketan bizi dala erakusten dauen FOESSA txostenak nabarmentzen dauen lez. Elkarrekin Bizkaia taldeko batzarkideak funtsezko neurriak falta diran funtsezko bost arlo proponidu ditu: pobreziaren kontrako mekanismoak, egoera zaurgarrian dagozanei arretea emoteko zerbitzuak, garraio publiko eskuragarria, enpleo duina eta kalidadekoa, eta energia-trantsizino justua.
Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak aurkeztu dauen Osotasunezko zuzenketa-eskea defendidu dau, aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez daukazalako lurraldearen “egiturazko erronka sakonei” aurre egiteko beharrezkoak diran anbizino eta ikuspegi estrategikoak. Gonzálezek “immobilismo eta erosotasun instituzinonalaren eta lidergoari uko egitearen” adierazpidetzat jo dau aurrekontua, eta Aldundiak jarraitutasuna etsipenagaz nahasten dauela adierazo dau, adierazle negatiboen aurrean konponbideak diagnostiketea, zuzentzea eta proiektetea saihesten dauelako. Bizkaia, bere eretxiz, alde ekonomikotik atzeratuta geratzen ari da, Euskadin gitxien hazten ari dan lurraldea da, eta egiturazko bultzadea galdu dau, industria-kuota txikiak eta enpleo pribaduaren geldialdiak agirian ixten dauenez. PPrentzat penagarria da aurrekontu-proiektuak ez ikusiarena egitea “serioa” dan barrindustrializazino-planaren, “lehiakorra” dan zerga-esparruaren eta egoera demografiko kritikoari aurre egiteko neurrien beharrari.
Iker Casanova Alonso EH Bilduko Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeroaleak, bere aldetik, osotasunezko zuzenketa-eskea defendidu dau, proiektuak herritarren beharrei erantzuteko behar besteko partidarik ez daukala eta diru-bilketearen egituran eta gastuaren antolaketan “akatsak” dituala esanez. Casanovak adierazo dauenez, ekonomia % 2,5 hazi dan arren, aurrekontuak, termino errealetan, % 0,7ko igoerea baino ez dau izan, eta horrek “kontraktiboa” izatetik gertu jarten dau, “arlo publikoa pisua galtzen ari dalako ekonomiaren pisu globalagaz alderatuta”. EH Bilduko bozeroaleak onartu dan zerga-erreforma “atzerakoiari” egotzi deutso arlo publikoaren ahultze hori, horren ondorioz, “83 milioi euro” kendu behar izan diralako gastu publikoaren gaitasunetik. Orientazino fiskal horren ondorioz, Aldundiko bederatzi sailetatik bostek (Ekonomia Sustapena, Azpiegiturak, Ogasuna, Ingurune Naturala eta Enplegua eta Politika Publikoak) inflazinoaren eragina apliketean murrizketak izan ditue euren baliabideetan. Casanovak kritikau dauenez, diru-bilketea, neurri handian, BEZ eta PFEZ lako zerga erregresiboetan oinarritzen da, eta enpresa handiei mesede egiten deutsen eta hobariak dituan Soziedadeen ganeko Zergeak diru-sarreren % 7a baino ez dau emoten, aurreko urtean baino % 25 gitxiago. Azken batean, Casanovaren berbetan, aurrekontu proiektuak beharginen ganean jarten dau karga fiskal gehiena, eta “atseginagoa” da errenta altuakaz eta enpresa handiakaz. Eta, bukatzeko, akordioa lortzeko aurton topautako “hormea” kritikau dau, batez be Sabin Etxetik orkestrautako “betoa” dala eta.
Foru gobernuari eusten deutsien talde bietako bozeroaleek, joan dan zapatuan Gernikako Batzar Etxeak jasan eban eraso “onartuezina” gaitzetsiz hasi ditue euren berbaldiak. Aurrekontuei jagokenez, Goyo Zurro Tobajas bozeroale sozialistak 2026ko Kontuak defendidu ditu, eta azpimarratu dau lurraldeak ziurbakotasun geopolitiko, ekonomiko eta demografikoak markautako gaur egungo abaguneari “benetako sendotasunetik” egiten deutsola aurre, % 2,2tik gorako hazkunde ekonomikoan eta lan merkatu indartsuan oinarrituta. Kontuen izaera soziala da definizino nagusia, Gizarte Ekintza Sailak 800 milioi euro inguru kudeatzen ditu-eta, zainketak, mendekotasuna eta desgaitasuna erantzukizun publiko eta kolektibotzat hartzeko aukera politikoa islatuz. Bardintasunari modu estrukturalean heltzen jakola be azpimarratu dau, 28,8 milioi eurotik gorako zuzeneko inbertsinoagaz eta gastuaren % 82 baino gehiagori genero ikuspegia txertatuz. Ganera, lanbakotasunaren kronifikazinoari aurre egiteko enpleo duineko politika aktiboak indartu izana, mobikortasuna oinarrizko eskubide sozial lez bermatzeko garraioen aurrekontua % 6 igon izana eta udalen finantziazinoa 1.238 milioi eurora heldu izana azpimarratu ditu.
Eta, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Batzar Nagusietako talde jeltzaleko bozeroalearen eretxiz, 2026ko aurrekontuek Aldundiak Bizkaiko herritarrei eskaintzen deutsezan zerbitzuak hobetzen lagunduko dabe, “herritarren arretea eta bizi kalidadea hobetzen jarraitzeko”. EAJ-PNVk kritikau egin dau EH Bilduren jarrerea, igaz Aurrekontua adostu eta akordioa ahalbidetu eben partida sozialak indartu diran arren aurton kontrako jarrerea erakustea erabagi dauelako, “etekin politikoak” dirala-eta. Lekerikabeaskoak eskaria egin deutso talde horri, joan dan urtean akordioa lortzea ahalbidetu eben partidak –gizarte ongizatea, garraio publikoa eta lurralde kohesinoa– indartzen dituen Kontuak babesteari uko egiteko benetako arrazoiak azaldu daizan. 2026ko Kontuei jagokenez, Lekerikabeaskoak horreen izaera “soziala eta lurralde kohesinokoa” azpimarratu ditu, eta adierazo dau “854,8 milioi baino gehiago bideratuko dirala, hain zuzen be, egoera zaurgarrienean dagozan personak, beharrizan gehien daukiezenak edo baztertuta dagozanak kontuan hartzeko”. Zehatzago esanda, Gizarte Ekintzaren aurrekontua % 5,2 handitu da eta 767 milioira iritsi da, sail horretarako inoizko zuzkidurarik handiena. Ganera, bozeroale jeltzaleak kontuen etorkizuneko ikuspegia azpimarratu dau, Bizitza Luzeari eta Iraupen Luzeko Zainketei buruzko Behaketea eta Ikerketako Zuzendaritzaren sorrerea aitatuz, erronka demografikora egokitzeko.
ZUZENKETA-ESKE PARZIALEN EZTABAIDEA
Osotasunezko hiru zuzenketa-eskeak atzera bota ostean, Batzar Nagusietako tramiteak aurrera jarraituko dau martitzenetik, hilaren 16tik, barikura, hilaren 19ra, 514 zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz, Ogasun eta Finantzetako batzordearen bederatzi saiotan, sail bakotxeko bat.
Martitzena 16
10:30 H. HERRI ADMINISTRAZIOA ETA ERAKUNDE HARREMANAK
12.30 H. EUSKARA, KULTURA ETA KIROLA
16:00 H. EKONOMIA SUSTAPENA
Eguaztena, 17
09.30 H. GARRAIOAK, MUGIKORTASUNA ETA TURISMOA
12.00 H. INGURUNE NATURALA ETA NEKAZARITZA
16:00 H. AZPIEGITURAK ETA LURRALDE GARAPENA
Eguena 18
12:00 H. GIZARTE EKINTZA
16:00 H. ENPLEGUA, GIZARTE KOHESINOA ETA BARDINTASUNA
Barikua 19
09.30 H. OGASUNA ETA FINANTZAK









