BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EZ DITU ONARTU ELKARREKIN ETA PP TALDEEK 2025EKO BIZKAIKO AURREKONTUEI AURKEZTUTAKO OSOKO ZUZENKETA-ESKEAK

  • EH Bilduk berea erretirau dau, oraindino Kontuen inguruko akordioak lortzea “bideragarria” ikusten dauelako, eta abstenidu egin da gaur goizean Gernikan egindako osokoko bozketan.
     
  • Lurraldeko Kontuak onartzeko Batzar Nagusietako izapideak datorren astean jarraituko dau, martitzenetik aurrera, batzordeetan ia 500 zuzenketa-eske parzial eztabaidatuta.


(Gernikan, 2024ko gabonilaren 13an). 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arau proiektua martitzenetik aurrera izapidetuko da batzordean, zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko, gaur Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osokoak Kontuak itzultzeko hiru eskaeretatik bi atzera bota ostean. Osokoak ez ditu onartu Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak defendidu dituen osoko zuzenketa-eskeak, EH Bilduk bere zuzenketa-eskea erretiretea erabagi dau-eta. Foru Gobernuari eusten deutsien talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– gehiengo parlamentarioak zuzenketa-eske horreek atzera botatea lortu dau gaur goizean, bozketa bakarrean, eta, holan, datorren gabonilaren 27an, beste osoko baten, amaitzea aurreikusten dan aurrekontuen foru arau proiektuaren tramitazino prozesuagaz jarraitzeko aukerea emon dau. 

2025erako Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak 10.660 milioi euroko zenbateko osoa jasoten dau. Horreetatik 1.650 milioi Foru Aldundiak datorren urterako daukan zenbateko erabilgarriari jagokoz, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak gogora ekarri dauenez. Erakundeen konpromisoak kenduta –8.486 milioi–, Elixabete Etxanobe buru dauen Gobernuaren Legegintzaldiko bigarren aurrekontuak % 3,2 egin dau gora, hau da, aurton baino 51 milioi gehiago.

Berrojalbizen eretxiz, “asmo handiko aurrekontu solidarioak dira”, “zuhurtasunean” oinarrituta egindakoak, Bizkaia Denontzat agintaldiko planagaz lerrokatuta eta Bizkaiko beharrizanei erantzutean, eta, batez be, personen zaintzan, oinarrituta, Gizarte Ekintza Sailak Aldundiaren aurrekontu osoaren “% 44,2a” jasoten dau-eta. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, zorpetzea eta zorraren jaulkipena ia “ez dira aldatuko”, 1.830 milioi –BPPren % 4– eta 183 milioi, hurrenez hurren.

Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea izan da aurrekontu horreekaz bat ez etozala adierazo dauen lehenengo batzarkidea, eta osoko zuzenketa-eskearen aurkezpena defendidu dau, bere eretxiz, aurrekontu proiektuak “ez daukalako neurri garrantzitsurik” Bizkaiak dituan erronka garrantzitsuei aurre egiteko, izan be, lurraldea krisi ekosozial sakonean dago sartuta. Zerga sisteman aldaketea eskatu dau, bere eretxiz aberastasuna modu justuagoan banatzea ahalbidetuko dauen fiskalidadean aldaketak sartzeko “borondate faltea” dagoalako. “Hobeto batzea eta birbanatzea” da talde moreak Foru gobernuari eskatu deutsona. De Madariagak zerbitzu publikoen eredua aldatzea be eskatu dau, “esku pribaduetan ez ixteko”.

Urriaren 31n Batzar Nagusietan erregistrautako Aurrekontuen Foru Arau Proiektuaren edukiari buruzko kritika horreekaz bat egin dau Bizkaiko Talde Popularrak, eta talde horrek bere osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, kontu “kontinuistak” diralako. “Ez dago Etxanobe zigilurik”, esan dau Raquel González bozeroaleak, eta aurrekontuek “bide berean, itolarri fiskalean eta larregizko burokrazian” jarraitzen dabela salatu dau. Bere berbetan, zerga-politikek “larregizko diru-bilketea” ezarten dabe, herritarrei “diru gehiago ateratzen deutselako”. Mutualistei 400 milioi ordaindu arren, diru-bilketea “% 0,5” igon da aurten, eta 2025ean “% 7,7” igongo da. Bizkaitarrek jasaten daben presinoa “larregizkoa” dala erakusten daben Kutxa “beteak”. “Zergak barra-barra ordaintzen dirala” egiaztau ostean, Gonzálezek talentua erakartzean eta biztanleriaren zahartzearen ondorioak arintzeko inbersinoak hobetzean jarri dau arretea.

EH Bilduk, bere aldetik, osotasunezko zuzenketa-eskea erretiretea defendidu dau, Foru gobernuagaz eta horri eusten deutsien talde biakaz egindako bileretan izandako alkarrizketa prozesua eta konfiantza giroa “erraztu” gura dituala argudiatuz. “Atzo” erabagi eban alderdi abertzaleak zuzenketa-eske hori kentzea, prozesua errazteko eta “gaur aurrekontuaren kontra bozkatzea saihesteko”. Iker Casanova EH Bildu taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, akordioa “bideragarria” da eta “benetako aukerak” dagoz. “Asko” dago egiteko, aldeak “garrantzitsuak dira” eta posizinoak “urrunak”, baina daborduko “eukiak eta kopuru ekonomikoak” mahai ganean jarri dira, iragarri dau. Casanovak azaldu dauenez, sakoneko desbardintasunak trantsizinoei heltzeko moduan dagoz. Bere eretxiz, “sakoneko aldaketea” behar da, eta, horretarako, “lidergo publiko indartsua” eregi behar da, eraldaketa prozesu horreen “buru” izateko. Negoziazino esparru horretan jarten dabe “diru-bilketearen oinarria zabaltzea”, zerbitzu publikoak sendotzeko.

Foru gobernuari eusten deutsien talde bien eretxiz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aurrekontu horreek zerbitzu publikoen eta gizarte prestazinoen defentsea jasoten dabe, eta trantsizino hirukotxean, “demografikoan, digitalean eta berdean”, aurrera egitea ahalbidetzen dabe. Oposizinoko hiru taldeek akordioak lortzeko erakutsi daben jarrera negoziatzailea eskertu dabe. “Ezinezkoa izan da PPgaz eta Podemosegaz aurrera egitea”, baina biek baieztu dabenez EH Bildugaz akordioak lortzeko atea zabalik dago. Momentuz, osoko zuzenketa-eskea erretirau izana “seinale ona da”, Goyo Zurro bozeroale sozialistearen berbetan, 2025eko Aurrekontuen inguruan “nahiko zailtasun” dagozala onartu arren.

Bere esku-hartzean, Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak esan dau aurrekontuak “zuhurrak eta orekatuak” dirala, eta alkartasunaren, justizia sozialaren edo bardintasunaren inguruko “mehatxuen” kontra burrukatzea ahalbidetzen dabela. Zurrok azpimarratu dauenez, “% 49,5a” gizarte arloko gastura bideratuko da, mendekotasuna daukien personetara, gizarte zerbitzuetara, enplegura eta bardintasunera, hain zuzen be. Mobikortasun jasangarriaren aldeko apustua azpimarratu dau, Bizkaibusen aurrekontua % 8,8 handituta, eta udalek “lehen lerrotik” herritarren alde lan egin ahal izatea be nabarmendu dau, “1.170 milioi” euroko ekarpenagaz.

2025eko aurrekontuak “izaera sozial nabarmeneko kontuak dira eta lurraldearen kohesinoaren aldeko apustu garbia egiten dabe”, beraz, “zein kolektibo edo sektore laguntzeagaz ez zagozen ados esateko eskatzen deutsuet”. Hori da Jesus Lekerikabeaskoak, talde jeltzalearen bozeroaleak, osotasuneko zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen oposizinoko talde biei –PPri eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiari– zuzendu deutsen mezu nagusia. Azpimarratu dauenez, aurrekontu horreetako neurri nagusiek “erdiunean jarten ditue personak” eta “zerbitzu onak emoteko eta aberastasuna sortzeko” lanean jarraitzea ahalbidetzen dabe. Kontuak itzultzearen inpaktuak Gizarte Ekintzaren aurrekontua “40 milioi” murriztea ekarriko leuke, “eta hori ez dogu onartuko, gehiago lagundu eta gehien behar dauenari gitxiago eskatu behar jakolako, berbakaz eta ekintzakaz”.

 

ZUZENKETA-ESKE PARZIALEN EZTABAIDEA

Osoko zuzenketa-eske biak atzera bota ostean (aldeko 5 boto, kontrako 30 boto eta 13 abstentzino), Batzar Nagusietako izapideak martitzenean jarraituko dau eta barikura arte luzatuko da, ia 500 zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz, Ogasun eta Finantzetako batzordeak deituko dituan bederatzi saiotan, sail bakotxeko bat.