BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKOAK SEI EBAZPEN-PROPOSAMEN ONARTU DITU POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDAREN BIGARREN SAIOAN

  • Horreen bidez, Bizkaiko parlamentuak energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabilteko neurriak bultzatzeko, bizikletak mailegatzeko Bizkaibizi programea zabaltzeko, talentuaren aldeko konpromisoa ezarteko, Uriben, Barrualden eta Ezkerraldean-Enkarterrin erreferentziazko eskualde-zentroak sortzeko, gazteentzako enpleo-programak indartzeko eta 2018-2028 aldirako Bizkaiko Garraio Plan Estrategikoa eguneratzeko eskatzen deutso Aldundiari.
     
  • Hasiera batean Politika Orokorreko osokoak eztabaidatzeko aurkeztutako 20 ekimenetatik (19 bozkatu dira EH Bilduk ekimen bat erretiratu daualako), Bizkaiko parlamentuak 6 ebazpen onartu ditu. Horreetako bat Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztutako proposamena da, eta ganerakoak talde horreen eta oposizinoaren artean adostutako ekimenak


(Gernikan, 2022ko urriaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egindako osokoan, joan dan eguazteneko Politika Orokorreko osokoaren jarraipenean, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako sei ebazpen-proposamen onartu dira. 20 ebazpen-proposamen eztabaidatu dira, baina azkenean 19 bozkatu dira. Aurrera egin daben aginduen artean, bat Foru Gobernua eusten daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– batera aurkeztutako ekimen bati jagoko, eta beste bostak alderdi horreen eta oposizinoaren artean adostu dira. 

Aurkeztutako parlamentu-ekimenek (gehienez be bost Batzar Nagusietako talde bakotxeko) Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak joan dan astean Politika Orokorrari buruzko azkenengo osokoan landu ebazan hainbat gai jasoten ditue. Bertan, berak eta bere gobernu-taldeak legegintzaldia amaitzeko hartutako konpromisoak azaldu ebazan. Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartutako ekimenak Foru Gobernuaren gobernu-programeari gehituko jakoz.

Kasu gehienetan, Batzar Nagusietako taldeek foru eskumeneko gaiak hobetzeko ideak planteau ditue. Holan, gaur Gernikan fiskalidadeaz, gazteen enpleoaz, krisiari aurre egiteko laguntzez, ekonomia suspertzeko neurriez, foru errepideetako bidesarien politikaz, garraio publikorako soluzinoez edo azpiegitura hidraulikoez egin da berba, besteak beste.

Zehatzago, osokoak Gobernua eusten daben talde biek alkarregaz ekarri dituen proposamenak onartu ditu. Horreetako lauk, EH Bildugaz, Elkarrekin Bizkaiagaz edo alderdi biakaz adostutako aldaketak jaso ditue. Parlamentuak onartutako hainbat ekimenetan, hau eskatu jako Foru Gobernuari: energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabilteko neurriak bultzatzen jarraitu daiala, bizikletak maileguan ixteko Bizkaibizi programa zabaldu daiala, talentuaren aldeko konpromisoa hartu daiala, Uribeko, Barrualdeko eta Ezkerraldea-Enkarterriko erreferentziazko eskualde-zentroak sortu daizala, gazteentzako enpleo-programak indartu daizala eta 2018-2028 aldirako Bizkaiko Garraio Plan Estrategikoa eguneratu daiala.

Juan Otermin Euskal Sozialisten bozeroalearen eretxiz, “ziurbakotasun orokorreko” egoerak “aurrean doguzan erronka ugariei soluzinoak eta proposamenak emoteko tresna hoberentzat” jarten dau politikea. Halan, “enpleo egonkorra eta kalidadekoa, osasunerako eskubidea eta klima-aldaketaren kontrako burrukea indartzea, gehien behar dabenak babestea, bardintasuna zabaltzea, inbertsinoa erakartea, gazteen etorkizuna bermatzea eta pentsinoen erosteko ahalmena indartzea” aitatu ditu, besteak beste.

Beste alde batetik, Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleen Batzar Nagusietako bozeroaleak gobernukide biek emondako bultzadea defendidu dau, eta etorkizunean Bizkaia hobetzeko akordio “zabalagoak” lortzeko asmoa azaldu dau. Hurrengo “erronkatzat” foru aurrekontuen negoziazinoa jarri dau, hauteskundeak gertu dagozanez “itxaropen gitxi” izan arren.


PROPOSAMENEN EUKIA

Holan, Foru Gobernua eusten daben talde biek akordioa lortu dabe EH Bildugaz, erdibideko hiru proposamenetan talde horren sinadurea jarteko. Ekimen batek, erakundeen, ikastetxeen eta eragile ekonomiko eta sozialen artean talentuaren aldeko konpromiso “zabala” lortu daiala eskatzen deutso Aldundiari, eragileen arteko lankidetzea bultzatuz eta enpresa-sarearen gaitasunei balioa emonez.

Modu berean, Bizkaiko parlamentuak hiru talde horreek bultzatutako beste erdibideko proposamen bat onartu dau, langabezian dagozan gazteei, aldi baterako lan-erregulazinoko espedienteetan dagozanei edo behin-behineko kontratuakaz dagozanei enpleoan laguntzeko programak indartzeko. Ekimena zaurgarritasun-egoeran dagozan gazteakaz be gogoratu da, laneratzeko programak indartzeko.

Aldundia babesten daben taldeek eta EH Bilduk adostutako hirugarren ekimenak energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabilteko neurriak bultzatzen ditu, Foru Aldundiaren Energia Jarduketarako Plan Orokorra onartuz. Plan horretan oinarrituta, ibilgailu elektrikoak kargetako puntuak instalauko dira eta foru-ibilgailuen flotea pixkanaka barrituko da. Akordio horren barruan sartzen da, baita be, garraioan jasangarritasun ekonomikoko neurriak sartzea, ikasteko bekei eta laguntzei jagokenez, bai eta gas naturalagazko mendekotasuna murriztea be. Hiru taldeek “urte amaierarako” klima-aldaketari buruzko diagnostikoa amaitzera konbidau dabe Aldundia.

Modu berean, Batzar Nagusietako talde guztiek, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak izan ezik, sinatutako beste ebazpen-proposamen bi be onartu ditu osokoak. Horreetako batean, Bizkaibizi proiektua gaur egun atxikita dagozan 9 udalen artean zabaltzea eta udalerri gehiago sar daitezala bultzatzea planteetan da. Testuak eremu estrategikoetan “bizikletentzako aparkalekuak” martxan jartea, eta “egoera sozioekonomikoagaz” bat datorren tarifa-politikea ezartea eskatzen dau.

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiaren beste erdibideko proposamen baten bidez, Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Plan Estrategikoan genero-ikuspegia eta ohitura eta behar barrien azterketea sartzea planteau da. Plan hori eguneratu ostean, udalakaz parte hartzeko prozesua edegitea eskatzen da, eta, gero, dokumentua Batzar Nagusiei helduarazotea.

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek bakarrik defendidu dabe Uriben, Barrualden eta Ezkerraldea-Enkarterrin gizarte-zerbitzuetan erreferentziazko eskualde-zentroak sortzea. Kontrako botorik ez eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzino bakarra izan dauen ekimenak, gizarte-zerbitzuetako sektore bakotxean unidade soziosanitarioetan plazak sortzea jasoten dau; Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea (GUFE) arreta zuzeneko profesionalez hornitzea zentro horreetako talde espezializauak eratzeko, “kudeaketa publikokoak izan daitezan”; eta egoitzako arretea hobetzeko prozedurak egiten laguntzea, Bizkaiko zentro guztietara zabalduz.


ONARTU EZ DIRAN EBAZPENAK

Beste alde batetik, osokoak atzera bota ditu joan dan eguazteneko Politika Orokorreko Osokoa amaitu eta 48 orduko epean erregistrau ziran hogei ebazpen proposamenetatik (5 Talde Berezia-PP Bizkaiarenak, 4 Elkarrekin Bizkaiarenak eta 4 EH Bildurenak) hamahiru. Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak hiru errazoirengaitik justifikau dau ez onartze hori: planteetan ziran epe “motzak”; “gure eskumenetatik harago doazan” eskakizunak; edo “gure eredutik urrun” egotea.

Holan, tintontzian geratu dira Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen bost proposamenak, besteak beste, zergak bajetea aurreikusten dauen talka-plan bat egitea, zehatzago, 40.000 eurorainoko errendimenduak dituen zergadunen errentea jaistea, oinarrizko produktuei BEZ bajetea edo “epe ertainean” oinordetza eta ondarearen zergak ezabatzea. Eduardo Andrade talde horretako bozeroaleak laguntasunik ez daukien adinbakoetan eta bidesarietan be jarri dau arretea. Laguntasunik ez daukien adinbakoei jagokenez, PPko batzarkideak neurri juridiko “zorrotzak” eskatu ditu “hobeto” zaintzeko, baliabide fisiko “egokiakaz”, adinez nagusi diranean aurrera egin ahal izan daien. “Eta txarto portetan danari, behar dan besteko zorroztasuna”, esan dau. Eta bidesari biak kentzea eskatu dau, bai ibilgailu astunentzat, bai AP-8a guztiz libre ixteko.

Onartu bako ebazpen-proposamenetan, enpleoaren eta klausula sozialen aplikazinoaren, fiskalidadearen, egoitza-ereduaren eta 15 egoitza-zentro publiko berreskuratzearen inguruko neurriak defendidu ditu Elkarrekin Bizkaiak. Eneritz de Madariaga taldeko bozeroaleak fiskalidade “progresibo eta bidezkoaren” alde egiteko erreformea eskatu dau. “Gaur egun, Aldundiak energia aurrezteko plana eginda euki beharko eban”, bai eta “energia ekoizteko eta merkaturatzeko energia-enpresa publikoa” sortuta be. Horrez gain, zaintzaren arloko prestazino ekonomikoak barrikustea be eskatu dau.

Erreforma fiskala oposizinoko talde nagusiaren eskaeretako bat be izan da. EH Bilduk azkenengo erreforma fiskal biak (2014 eta 2018) barrikustea eskatu dau, “urtea amaitu baino lehen”, orain dala urte biko Politika Orokorreko osokoan jeltzaleakaz eta sozialistakaz adostu eben moduan. Bea Ilardia bozeroaleak, “egoera hau ez betikotzea” eskatu dau, hau da, azterketa hori gehiago ez atzeratzea, fiskalidade “justua eta bidezkoa” eregitea ahalbidetuko dauen hausnarketa “sakona” zabaltzeko. Modu berean, garraio publikoan deskontuak luzatzeko, GUFEren kudeaketa zuzena izango daben egoitza barri bi eregiteko eta arlo hidraulikoan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartuta egon edo ez lurraldeko udal guztientzat “beharrezko” finantziazinoa bermatzeko eskatu deutso Aldundiari.