BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK ALDUNDIARI ZUZENDUTAKO ZORTZI EBAZPEN-PROPOSAMEN ONARTU DITU

  • Politika Orokorreko osokoaren jarraipeneko saioan hasiera baten eztabaidatzeko aurkeztu ziran 20 ekimenetatik, Bizkaiko Batzar Nagusiek Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztutako hiru ebazpen eta talde biek oposizinoagaz adostu dituen beste bost onartu ditue gaur.
     
  • Foru Aldundiari norabide jakin batean jarduteko eskaerea egiteko aurrera atera diran aginduen artean honeek dagoz: Enkarterriko garraio publikoa hobetzea; Bizkaian industriak daukan pisua berreskuratzeko politikak bultzatzea; Netanyahuren gobernuak Gazari ezarritako blokeoa amaitzeko eskatzea; etxebizitza babestua eregiteko lurzoruaren erabilgarritasuna handitzea; kolektibo kalteberentzako laneratze politikak bultzatzea; erronka demografikoaren aurrean estrategia bat lantzea; edo zaintzaile profesionalen lana balioan jartea. 


(Gernikan, 2025eko urriaren 2an). Gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, joan dan egueneko Politika Orokorreko saioaren jarraipenak, Batzar Nagusietako taldeek, hasieran erregistrau ziran hogei proposamenetatik zortzi Ebazpen-proposamen onetsi ditu. Hiru agindu Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztu dituen idazkiei jagokez, eta beste lau, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek oposizinoagaz adostu dituen erdibideko ekimenei. Zortzigarrena Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak sinatutako proposamena da. 

Aurkeztutako 20 ekimenek (Batzar Nagusietako talde bakotxeko bost gehienez), joan dan astean Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Politika Orokorreko bigarren osokoan landu ebazan gai batzuk jasoten ebezan. Joan dan eguenean Elixabete Etxanobe Landajuelak Legegintzaldiaren erdiaren balantzea egin eban eta bere gobernu taldeak ikasturte politiko honetarako dituan konpromisoak azaldu ebazan. Foru Aldundiak kontuan hartu beharko ditu hemendik aurrera Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartu dituen zortzi ekimenak. 

Osokoak, Gobernuari eusten deutsien talde biek alkarregaz ekarri dituen bost proposamenetatik hiru aldaketarik barik onartu ditu. Batzar Nagusiek Etxanoberen Gobernuari beste erakunde batzuekaz lankidetzan jarduteko eskatzeko ekimenak onartu ditue, babestutako etxebizitzak eregiteko lurzoruaren erabilgarritasuna handitzeko. Modu berean, talde biek Foru gobernuak “erronka demografikoaren aurreko estrategia” lantzea bultzatu dabe. Jeltzaleek eta sozialistek, euren proposamenetan, Gazak bizi dauen egoerearen aurrean Foru parlamentuak egindako gaitzespena be jasoten eben, 14 puntu jasoten dituan testu zabalean, horreen artean, Nazinoarteko Justizia Korteak herri palestinarraren kontrako “genozidiotzat” joten dauen horri buruz egiten dituan eztabaidak lurralde lez hartzea. 

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen beste proposamen bik aldaketak jaso ditue, oposizinoagaz akordioak lortu ostean. EH Bildugaz eta Elkarrekin Bizkaiagaz testu bat adostu dabe, barrikuntzea, oinarrizko digitalizazinoa eta digitalizazino aurreratua eta industriaren deskarbonizazinoa bultzatzera zuzendutako programak handitu daitezan. Bizkaiko garapen industriala babestea eskatzen da, alderdi ekonomikoak ez eze, justizia soziala eta jasangarritasuna be kontuan hartuta. 

Aldi berean, kasu honetan EH Bildugaz akordioa lortu ostean, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek aldaketak egin ditue euren beste proposamen baten, Aldundiak kolektibo kalteberentzako (iraupen luzeko lanbakoak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak, gazteak, migratzaileak eta dibertsitate funtzionala daukien personak) laneratze programak handitu daizan.


ONARTU DIRAN ERDIBIDEKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Horrez gain, osokoak oposizinoak planteau dituan beste ebazpen-proposamen batzuk onartu ditu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek akordioak lortu ditue Bizkaiko Talde Popularraren ekimen bat eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen beste bat aldatzeko.

Holan, jeltzaleek eta sozialistek erdibideko proposamena sinatu dabe Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiagaz, Aldundiak Enkarterriko garraio publikoa hobetu daian. Onartutako ebazpen-proposamenean “eskariaren araberako zerbitzuak” eskatzen dira, Lanestosa, Karrantza, Turtzios, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Gordexolako urruneko auzoak lotzeko, bai eta eskualdeko linea nagusietan maiztasunak eta ordutegiak handitzeko be.

Foru gobernuari eusten deutsien talde biek Bizkaiko Talde Popularragaz adostutako beste ekimen batek Bizkaiko ekonomia suspertzea dau helburu, industriak Bizkaian eukan pisua berreskuratuz. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek, oraingoan aldaketarik barik, zaintzaile profesionalen beharra balioan jarteko Elkarrekin Bizkaiak defendidu dauen lehenengo proposamena be onartu dabe, euren egitekoak eta etxean zaintzak eskintzen dituan kolektibo horren eskubideak azpimarratuz.


ONARTU EZ  DIRAN EBAZPENAK

Beste alde batetik, Osokoak ez ditu onartu oposizinoko hiru taldeek erregistrautako beste 11 ebazpen-proposamen. Hiru Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarenak ziran, lau Bizkaiko Talde Popularrarenak eta beste lau EH Bilduk aurkeztutakoak, talde horrek bere ekimenetako bat baztertu eta gero. Horreen bitartez, oposizinoak Legealdiaren bukaerara bitarteko hainbat foru proiektu eta zerbitzutan Aldundiaren plangintzea eta lehentasunak baldintzatu gura ebazan. 

Holan, talde moreak zaintzaile profesionalen lanari balioa emotea, Errentan seme-alabengatiko kenkaria eraldatzea eta udalakaz akordioak lortzea planteetan eban, erresilientzia energetikoa indartzeko eta energiaren produkzinoaren eta kudeaketearen ganeko kontrol handiagoa bermatzeko. 

Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, gizarte zerbitzuak hobetzea planteau dau, mendekotasunaren balorazinoa, arreta goiztarra eta bakarrik dagozan adinbakoen harrerea lako arloetan. Horrez gain, bidesarien politikari (dobakotasuna), Lamiakoko ibai azpikoari, AHT Bilboko erdiunera etorteari edo metroaren 4. eta 5. lineen garapenari jagokenez dagozan jarrerak barriro aztertzea eskatu dabe. Beste ekimen baten, zerga-sisteman aldaketak egitea planteetan eben, zergadunen eta enpresen “arintze fiskala” lortzeko asmoz. 

Bukatzeko, EH Bilduk planteau dau, arrakastarik barik, baita be, Aldundiak modu loteslean onartu daiala Urdaibaiko Guggenheimi buruzko entzute prozesua edo sexu indarkeriaren biktimei arretea emoteko krisi zentroetan giza baliabideen hazkundea jasotea. Horrez gain, udal finantzaketarako sistema barria zehazteko lanak arintzea eta Lamiakoko ibaipekoaren proiektua bertan behera ixtea eskatu dau.