BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EKIALDE HURBILEKO GERRA GATAZKEARI ERANTZUTEKO ZERGA NEURRIAK ONARTU DITU
- Foru parlamentuak baiezkoa emon deutso Aldundiak aurkeztu dauen eta hilebete eskasean daborduko 3.212 zergaduni 43,34 milioi euroko zerga-zorrak atzeratzeko aukerea emon dauen Foru Dekretu Arauemoileari.
- Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak Aldundiak aurkeztutako dekretuaren alde agertu dira, eta oposizinoko taldeak (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu) abstenidu egin dira.
- Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak, beste Dekretu bat onartu aurretik, apirilean BEZean “1.689 likidazino” azkartu dirala, eta horrek Bizkaiko zergadunentzako “80 milioi euro inguruko” eragin ekonomiko positiboa ekarri dauela baieztu dau.
- Batzar Nagusiek, 3 hilebeteko epean gehienez, Bizkaian etxebizitza-edukitzaile handiak identifiketako erespideak garatzea onetsi dabe, arlo horretan politika publikoak zuzen apliketan dirala bermatzeko.
(Gernikan, 2026ko maiatzaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak, gerra gatazkak Ekialde Hurbilean eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko preminazko zerga neurrien paketea ezarten dauen apirilaren 16ko 1/2026 Foru Dekretu Arauemoilea balioztatzea onetsi dau gaur. Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak “enpresa sareari likidezia emotea eta lurraldean inbertsino eta kontratazino planak gelditzea saihestea” helburu nagusi dauen dekretua defendidu dau.
Joan dan zezeilaren 28an Irango erregimenaren kontra martxan jarritako operazino bateratuak sortutako ezegonkortasunari erantzuten deutso ekimenak. Operazino horrek hegazkortasuna eragin dau energiaren merkaduetan, eta beherakadak nazinoarteko burtsetan. Egoera horren aurrean, Bizkaiko Foru Ogasunak, Arabako eta Gipuzkoako ogasunakaz koordinauta, zuzeneko lau jarduketa-ardatz diseinau ditu zergadunentzat.
Talka-neurrien artean, autonomoentzako, mikro enpresentzako eta enpresa txikientzako zerga-zorren salbuespenezko geroratzea nabarmentzen da. Hilebeteko indarraldian, tresna horri esker, 3.212 zergadunentzat (horreetatik 1.090 jarduerea daukien persona fisikoak eta 2.122 persona juridikoak) mesedegarri izan diran 3.608 geroratze gauzatu dira eta 43.344.800 euro mobilizau dira zor geroratuan. Ganera, autonomoen kolektiboa 2026ko lehenengo hiruhilekoari jagokozan PFEZaren ordainketa zatikatuetatik salbuestea onartu da.
Jarduera ekonomikoa sustatzeko, dekretuak 2026ko ekitaldian ezohiko amortizazino azkartua aurreikusten dau soziedadeen ganeko zergan aktibo barrientzat. Ganera, enpleoa sortzeagaitiko biztugarriak handitu egin dira: kontratazinoagaitiko kenkari orokorra % 25etik % 35era igon da, eta gazteen eta emakumeen kasuan, barriz, ehunekoa % 35etik % 45era igon da, modu berezian.
Azkenik, testuak aldaketa tekniko txikiagoak be jasoten ditu, horreen artean salbuespenak Ondare Eskualdaketen ganeko Zergan energia aurrezpeneko ziurtagirietarako, eta murrizketea Jarduera Ekonomikoen ganeko Zergan (JEZ), labeak eta galdara elektrikoak instalautako potentzia-zenbaketatik kanpo itxita.
ARGIAREN ETA GASAREN FAKTUREAREN MURRIZKETEA
Horrez gain, osokoak beste foru dekretu bat onartu dau, Ekialde Ertaineko krisi horri erantzuteko Balio Erantsiaren ganeko Zergan eta Energia Elektrikoaren Produkzinoaren Balioaren ganeko Zergan hartutako neurri batzuk balioztatzeko. Barriro be, jeltzaleek eta sozialistek aldeko botoa emon dabe eta ganerako taldeak abstenidu egin dira.
Balio Erantsiaren ganeko Zergeari (BEZ) jagokonez, Berrojalbiz Zabalak, 2026ko bagilaren 30era arte % 10eko tasa murriztuak (ohiko % 21aren aldean) modu berezian eta aldi baterako aplikauko dirala zehaztu dau. Beherapen horrek mesede egiten deutse 10 kW-tik beherako potentzia daben energia elektrikoko kontratuei –etxe eta kontsumitzaile zaurgarri gehienak barru hartzen ditu–, bai eta gas naturalari, briketei, biomasa-pelletei, egurrari eta karburante eta erregaiei be. Bagilean murrizketa horreen indarraldia, “eragindako produktuen kontsumorako prezioen indizearen bilakaerearen” menpe egongo da.
Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren ganeko Zergeari jagokonez, foru-araudiak murrizketak sartzen ditu zerga-oinarriaren kalkuluan, enpresek handizkako merkaduan jasaten daben kostuen igoerea konpentsetako.
Azkenik, zerga sistemearen kudeaketa integralerako ahalmenak erabiliz, Foru Ogasunak BEZaren itzulketak azkartu ditu enpresei berehalako likidezia injektetako helburuagaz. Berrojalbizek baieztu dauenez, joan dan apirilean “1.689 likidazino” azkartu ziran guztira, eta horrek “80 milioi euro inguruko” eragin ekonomiko positiboa ekarri deutse Bizkaiko zergadunei.
EUKITZAILE HANDIEN IDENTIFIKAZINOA
Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek akordioa lortu dabe talde morearen mozino bat aldatzen dauen erdibideko zuzenketa-eskea onartzeko, gehienez be 3 hilebeteko epean Bizkaian etxebizitza-eukitzaile handiak identifiketako erespideak aurkezteko. Helburua etxebizitzaren arloko politika publikoak behar dan lez apliketan dirala bermatzea da, izan be, erakundeek “ezin dabe modu berean tratau bizitzeko etxebizitza gura dauena, hori oinarrizko eskubidea dalako, eta espekuletako eta negozioa egiteko etxebizitzak pilatzen dituana”, esan dau Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martín batzarkideak.
PPko ordezkarien ezezkoa baino jaso ez dauen zuzenketa-eske horri esker, Aldundiak, identifikazino horren ostean, hartutako erespideak, Bizkaian identifikautako eukitzaile handien kopurua, etxebizitzen kopurua eta horreen lurralde-banaketea jasoko dituan txostena aurkeztu beharko dau, beti be informazino hori anonimoa dala bermatuz.
EH BILDUREN MOZINOAK
Oposizinoko talde nagusia Foru gobernuari egindako Itaunetatik eratorritako mozino bigaz heldu da osokora, baina ez dira onartu. Bozketa bietan, koalizino abertzaleak Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, Bizkaiko talde popularra abstenidu egin da, eta jeltzaleek eta sozialistek kontrako botoa emon dabe.
Lehenengo mozinoan, EH Bilduk eskaerea egin deutso Aldundiari, gremioen alkarteakaz sinatutako hitzarmenetan derrigorrezko klausulak sartu daizan, alkarte horreek antolatzen dituen jarduerak ez daitezan euren kideetara mugatu. Aitor Llano Lana batzarkideak azaldu dauenez, helburua, onura eta programa horreek tokiko txikizkako merkatariei, inguruko alkarteei, behargin autonomoei eta kide ez diran mikroenpresei be zabaltzea da. Horrez gain, mozinoak, alkartuta ez dagozan eragile ekonomikoei zuzendutako oinarri espezifikoak eta norgehiagokakoak prestetea eskatzen eban, tokiko konsumoa sustatzeko eta lurraldeko produkzino sarea indartzeko.
Bigarren mozinoan, EH Bildu adinekoen egoitzetako zehapen espedienteen kudeaketan zentrau da, zehapenek 2025ean nabarmen gora egin ebela esanez, baina administrazinoaren moteltasuna eta ebazteko orduan dauen gardentasun faltea kritikauz. Izaskun Duque Santacoloma batzarkideak azaldu dauenez, egoitzen “% 72k” zigor-espedientea izan eben igaz, eta horrek, bere berbetan, arazoa “orokorra” dala eta horren atzean “huts egin dauen” zainketen eredua dagoala adierazoten dau. Hori dala eta, arrakastarik barik, “pausu bat aurrera emoteko” eskatu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, “eredu publikoa eta komunitarioa sortzeko”, ikuskapen zerbitzuko plantilla sendotzetik hasita, izapideak arintzeko, arau-hauste larriak daukiezan zentroen kontra irmetasun handiagoz jarduteko eta kontuak aurkezteko.
LAGUNTZA PERTSONALERAKO PRESTAZINO EKONOMIKOA
Osokoak ez dau onartu, ezta be, beste lurralde historiko batzuetakoakaz alderatuta dagozan desbardintasunak ezabatzeko lurraldean laguntza pertsonalerako prestazino ekonomikoa jasoteko erespideak parekatzea eskatzen eban Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako arauz besteko proposamena. Mozinoak salatzen eban Bizkaiko egungo araudiak laguntza hori 18 eta 65 urte bitarteko petsonetara mugatzen dauela –adinbakoak eta mendekotasun egoeran dagozan adinekoak alde batera itxita– eta Arabakoak edo Gipuzkoakoak baino zenbateko txikiagoak eskaintzen dituala.
Hori dala eta, Batzar Nagusietako taldeak eskaria egiten eutsan Foru Aldundiari, adin-mugak kentzeko, prestazinoa 3 urtetik aurrera eta gehieneko mugarik barik autortzea ahalbidetuz, baita diru-zenbatekoak handitzeko be, bizitza independentea ekidadez gauzatzeko behar diran laguntzak bermatzeko. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Bizkaiko araudia defendidu dabe, Bizkaiko lurraldeak adin txikikoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat "laguntza egokiak" bermatzen dituen beste tresna batzuk ditualako.