BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GERNIKA BATAILOIKO GUDARIEN IRUDIA GORAIPATU DABE BATZARRETXEAN EGINDAKO HARRERAN

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek harrerea egin deutsee gaur Bigarren Mundu Gerran Frantzian askatasunaren alde burrukatu zan eskuadroi mitikoko kideen senideei.

 

(Gernikan, 2025eko apirilaren 5ean). Gernikako Batzarretxeak Gernika Batailoiari egin jakon omenaldian parte hartu daben persona asko batu ditu gaur, gudarien senideak, besteak beste. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria arduratu da segizinoari harrerea egiteaz eta gidatuteaz Mahaiko kideakaz eta Eusko Jaurlaritzaren esku dagoan eta aldez aurretik foru-uribilduan omenaldi sentidua bultzatu dauen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko ordezkariakaz batera.

Bizkaiko ordezkariek babestuta, gudari ohien senideek bisitea egin dabe lurraldeko herri soberanotasunaren egoitza ofizialera, gudariak barriro be Gernikako Arbolaren ondoan ohoratuak izan diran lekura. Euren ondorengoei ohorezko aurreskuagaz harrerea egin ostean, senide taldeak ibilbidea egin dau Batzarretxeko egoitza nagusietatik. Arbola Zaharrean eta Gernikako Arbolan pausatu ostean, Batzarretxeko Ohorezko Liburuan itxi ditue euren mezua eta sinadurak.

Aurretik, Gernika Batailoiko gudarien, orain dala 80 urte Medocen, Pointe Graveko guduan, Frantzia naziengandik askatzen lagundu eben gizonen, omenezko hainbat ekitaldi egin dira Gernikan. Ikurrina bandera lez eta faxistek 1936ko jorrailaren 28an bonbardeau eben uribilduaren izena hartuta, Bigarren Mundu Gerran faxismoaren kontra eta aliauen alde burrukatu zan euskal unidade militarra izan zan.

Orain dala 10 urte gudu horren 70. urteurrena ospatu zanetik Gernikako Arbolaren oinordeko bat hazten ari da Frantziako Vendais Montaliveteko lurretan, Carnot Brigadak gogor armautako tropa alemaniarren kontra burrukatu eban 40. Kota mitikoan. Atzerriko errejimendu mistoa boluntario magrebtarrek, somaliarrek, Aragoiko eta Kataluniako anarkistek eta Gernika Batailoiko gudariek osotzen eben, sentsibilitate politiko guztietako 200 gizon inguruk.