BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BARDINTASUNA LANTZEKO DEIA EGIN DEUTSEE BATZARKIDEEI ETA BEHARGINEI

  • Jardunaldia, 2025era arte urtero hobetu beharreko 65 ekintza jasoten dituan Bizkaiko Batzar Nagusien II. Bardintasun Planaren barruan dago.

 

(Bilbon, 2023ko urriaren 11an). Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planak etapak erretzen jarraitzen dau, planaren hasieran egin zan ibilbide orrian oinarrituta. Plana apliketako beste fase bat gaur goizean hasi da Bilboko egoitzan egin dan informazino jardunaldiagaz. Topaketa horretan, Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak eta Bizkaiko parlamentuko Bardintasun Taldeak ekimenagaz bat egiteko gonbidapena luzatu deutsee Batzar Nagusiak osatzen dituen guztiei, hau da batzarkideei eta beharginei. Bileraren asmoa, erakundean gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna bultzatzea eta, bide batez, Bizkaiko gizartearen aurrean eredu izatea bilatzen dauen plan honen indarraldian gauzatuko diran ekintzak zehatz-mehatz azaltzea zan. 

Joan dan maiatzeko hauteskundeen ostean, planean parte hartzen ari ziran persona askok lekua itxi deutsee Batzar Nagusietan bardintasunaren arloan lan egingo daben protagonista barriei, erakundeak plana talde politiko guztietako ordezkariengana zabaldu gura dauelako. XII. agintaldia bagilean hasi zanez arpegi barriak sartu ziran parlamentuan, eta, beraz, beharrezkoa zan prestakuntza-jardunaldi barria deitzea, bardintasun-plan barriaren aurrerapenak, irismena eta ekintzak azaltzeko. Bardintasun-politiken inplikazino handiagoa eta, beraz, eragin handiagoa bilatzen da.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.