ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ETA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BALIOA EMON DEUTSIE EMAKUMEEK BIZKAIKO PAPER-INDUSTRIA GARATZEKO EGIN DABEN LANARI

  • Museoak Kadagua bailarako fabrikarik zaharrenaren dokumentazino historikoa digitalizau eta jentearen eskura jarri dau. Hain zuzen be, tabakoa erreteko papera egiten eban fabrikea izan zan, Antonio Serrano Aguinaga ingeniari iruindarrak 1871. urtean Zallan sortutakoa.

  • Sasoirik onenetan, lan asko egoanean, emakumeak fabrikako beharginen % 50 izatera iritsi ziran, eta, holan, estereotipo tradizionalak apurtu ebezan, hau da, emakumeak industria sektorean lekurik ez eukiteari lotutako estereotipoak.

 

(Abellaneda, 2025eko uztailaren 9an) Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Kadagua bailarako lantegirik zaharrenetako baten dokumentazino historikoa digitalizau eta jentearen eskura jarri dabe, XIX. mendearen amaieratik hona emakumeek industrian euki daben eta gitxi autortu jaken garrantzia nabarmentzeko asmoz.

Ekimena erakunde biek ondare historikoa berreskuratzeko eta Bizkaiko historia ekonomikoan emakumeen beharra ikusarazoteko daben konpromisoaren barruan dago. Oraingoan, Antonio Serrano Aguinaga ingeniari iruindarrak 1871n Zallako Ibarra auzoan sortutako erreteko paper-fabrikeari tokau jako, Enkarterri eskualdeko lehenengo fabrika-instalazinoetako bati.

Fabrikeak, edegi zanetik, emakume ugari izan ebazan plantillan, batez be, 1910 eta 1920ko hamarkadetan, baina baita Gerra Zibilean be. Lan asko egoan sasoietan, emakumeak beharginen % 50 izatera iritsi ziran. Behargin horreek lastoa garbitzen hasi ziran, eta denporeagaz makineria espezializaua erabili eben. Era horretan, industria-munduan emakumerik ez egoteagaz lotutako estereotipo tradizionalak apurtu ebezan.

Nomina Liburuak (1895 – 1955) kontserbeteari eta digitalizateari esker, aitzindari horreen izen eta betebeharren zerrenda osoa kontsultatu daiteke gaur egun museoaren webgunean. Josefa Ariño, Fructosa Echevarría, Tomasa San Cristóbal eta Perfecta Aresti agertzen dira, beste askoren artean.

Bestalde, Maria Urdampilleta Palacio agertzen da, fabrikaren oinordekoen emaztea eta persona garrantzitsua; izan be, enpresa kudeatzen egindako lanaz gain, Longarreko inguru arkitektonikoaren sustatzailea be izan zan. Inguru horretan egozan —eta hondino be badagoz— Antonio de Araluze arkitektoak proiektautako jauregi-txaletak, kapila neogotikoak eta abadetxeak.

Proiektua testigantza historiko eta sozial baliotsua da, eta Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek beharginen memoriagazko eta ondarearen interpretazinoan egiten dan genero ikuspegiagazko daben konpromiso instituzionala indartzen dau.