ENKARTERRIETAKO MUSEOAK 13.000 BISITARITIK GORA EUKI DITU 2023AN

  • Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzako Enkarterriko kulturgunearen bisitari-kopurua aurreko urtean baino % 4 handiagoa izan da 2023an.

 

(Abellaneda, 2024ko urtarrilaren 16an). Enkarterrietako Museoak 13.100 lagunen bisitea euki eban igaz; hau da, 2022an baino ia bostehun bisitari gehiago. Zifra horregaz, pandemia aurreko emoitzak berreskuratu ditu Abellanedan (Sopuerta) kokatutako kulturguneak.

Bizkaiko Batzar Nagusiak dira museoaren ugazabak, eta, Enkarterriko eta Bizkaiko ondarea balioan ipintea xede, egitarau zabal eta askotarikoa euki dau 2023an: jarduera didaktikoak, bisita gidatuak, ibilbide kulturalak, berbaldiak, jardunaldiak… Abellanedako Batzar Etxeko monumentu-multzoan kokatuta dago kulturgunea, eta haren arrakastaren erakusgarri da antolatutako jardueretan eskainitako plazak bete egin direla guztiz.

2023ko jardueren artean, nabarmentzekoa izan da “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herrian zehar XIX. mendean” proiektua. Haren barruan antolatu dan aldi baterako erakusketea aurtengo zezeilaren 29ra arte egongo da ikusbide. Proiektu horretatik beste jarduera e batzuk be eratorri dira, ganera. Aipagarriena, alemaniar ingeniariaren bidaia-koaderno guztiak digitalizetea eta argitaratzea; koaderno horreetan, XIX. mendearen erdialdeko Bizkaiko eta Gipuzkoako paisaia argitarabakoak ikusi daitekez.

Bestalde, jarduera pedagogikoen arloan, tailerrak antolatu dira ikasle adinbakoentzat, urtero legez. Arlo horretan, azpimarratzekoa da Bigarren Hezkuntzako ikasleek andrazkoen memoria historikoa berreskuratzea ardatz daukan proiektu barri eta barritzaile baten –“Amama influencer”– bigarren zatiaren prestaketea. Proiektu horren bidez, eskualdeko andrazkoen historian eta andrek Enkarterriko fabriketan euki eben presentzian sakondu gura da.

Ondarearen berreskurapenari jagokonez, 2023an Arechabala-Chavarri familiaren (XV.-XIX. mendeak) dokumentu-bildumea digitalizetako lanak amaitu dira, baita Trapagaraneko eta Barakaldoko fabrikei eta historiari buruzko dokumentu-funts barriak erosi be.

Era berean, museoaren ohiko programazioaren parte diran beste proiektu batzuk jarraipena euki dabe; esaterako, Kulturem familiarteko proiektuak, Gabonetako egitarauak, Burdinolen Ibilbideak, eskualdean barrenako ibilbide kulturalek eta “Batzarretik Batzarrera” proiektuak, zeinagaz ezagutzera emon gura diran, bisita gidatuen bidez, Bizkaiko Batzarren lau egoitzak (Bilbo, Gernika, Gerediaga eta Abellaneda).

Lankidetzen atalean, 2023an Viento fuerte del norte liburua aurkeztu zan, italiarrek Enkarterrin egindako bonbardaketei buruzko lana, Italiako artxiboetatik ateratako dokumentazinoan oinarritua, eta, aurkezpenaren osagarri, hegazkin faxistek suntsitutako eremuetan barrenako ibilbidea egin zan.

  

HURRENGO PROIEKTUA

Igaz, Enkarterrietako Museoak eskualdeko arte gotikoaren ganeko ikerketea abiau eben, eta aurten buru emongo deutso egitasmo horri, Enkarterrin oso ugaria eta aldi berean ezezaguna dan arte horri buruzko erakusketa bat aurkeztuz eta argitalpen bat plazaratuz. Jesús Muñiz Petralanda artearen historialariagaz lankidetzan egiten dabil lan hori museoa.