ENKARTERRIETAKO MUSEOAK “ARPEGIKO KIRURGIA” EGIN DEUTSO 700 URTE DITUAN ESKULTURA GOTIKO BATI

  • 1300 eta 1350 bitartean datautako Lartundoko (Gordexola) San Bartolomeko tailu gotikoak bere jatorrizko itxura berreskuratu dau, abenduaren 14an Enkarterrietako museoan bertan berbaldi-tailerra emongo dauen Rocío Fernández Amezua zaharberritzailearen lanari esker.
     
  • Lana Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek bultzatu dabe, Enkarterriko arte gotikoari buruzko gaur egungo proiektuaren eta erakusketearen barruan.

 

(Bilbon, 2024ko zemendiaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak, iraganean Lartundoko (Gordexola) San Bartolome eta Santa Ageda baseleizari, gaur egun Lartundoko Santa Ageda, itxi jakon XIV. mendeko tailua berreskuratu dau. Eskulturea 1300 eta 1350 artean dago datauta, eta udabarrira arte Enkarterrietako museoan egongo den aldi baterako “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketan ikus daiteken zaharrenetakoa da.

Tailua oso hondatuta iritsi zan esposizinoa edegi baino lehen kalte larriakaz euskarrian: galerak ezkerreko eskuan, eskoiko besoaren zati baten eta gorputzaren beste alde batzuetan. Ganera, bere janzkera apaintzen eban polikromiaren zati handi bat ezkutauta eukan. Zaharbarritzeagaz batera, piezea sendotu egin da, degradazinoa geldituz. Halanda be, jarduketa nagusia arpegian eta buruan egin da, gaur egun arpegiko “lifting” deituko geunkena eginez; izan be, bermargotze modernoak kendu dira, arpegira bere ezaugarriak, adierazkortasuna eta xehetasun nagusiak itzulita. 

Tailua Rocio Fernández Amezuak zaharbarritu dau, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatuta, eta erakusketea amaitu ostean, Abellanedako (Sopuerta) museoko aretoetako batean sartuko da. Bilboko Eleiz Museoaren/Gotzaindegiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko akordioari esker lortu da hori. 

Tailuak garai haretako eskultura gotikoen ezaugarri nagusiak ditu. Irudi liraina da, estatikoa. Bere arpegiaren adierazkortasun eskasagaitik nabarmentzen da, gotiko berantiarrean ohikoa, bere forma luzangagaz, arpegikera hieratikoa, begi handiak, bizarra eta ulea oso kizkurrak, eta estiloaren eta garaiaren oso adierazgarriak diran belarri handiak. 

Eskulturak historia gorabeheratsua dau, tailu gotiko askogaz jazoten dan lez. Gordexolako Lartundoko San Bartolome eta Santa Ageda baseleizearen irudi nagusia izan zala uste da. Denporak aurrera egin ahala, barriz, San Bartolomeren izena galdu egin zan, eta 1851etik aurrera ez zan jaia ospatu. Gaur egun, baseleizea Santa Ageda izenez baino ez da ezagutzen. Aldaketa horrek tailuaren pixkanakako degradazinoa eragin eban, eta, ondorioz, Gordexolako eleiza nagusira eroan eben, Molinargo San Juanera. Geroago, Bizkaiko Arte Sakratuaren Museora eroan eben, egoera txarrean egoalako. 

2024ko bagilean Enkarterrietako Museoan inaugurau zan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketearen barruan sartu zan. Enkarterriko pieza gotikoak zaharbarritzeko eta berreskuratzeko proiektu orokor batean be sartu zan. Lehenengo fasean, Bizkaiko Foru Aldundiko Zaharbarritze Zerbitzuak Enkarterriko hainbat udalerritako zortzi tailu berreskuratu ebazan, eta beste hiru –aitatutako San Bartolomerena gehi San Nikolasena, eta izen ezezaguneko hirugarren bat, danak Gordexolakoak– Bizkaiko Batzar Nagusiek finantzauta eta Rocío Fernández Amezuak zaharbarrituta, apurka-apurka berreskuratzen joango dira. Lehenengoa, galdutako gaztezaroaren zati bat itzuli deutson lifting sakona jaso dauen Lartundoko San Bartolomeren hori izan da. 

 

ZAHARBARRITZE BERBALDI-TAILERRA, GABONILAREN 14AN 

Zaharberritzaileak berak zaharbarritzeari buruzko Berbaldi-Tailerra emongo dau Enkarterrietako Museoan, gabonilaren 14an. Bertan, zaharbarritu barri dan San Bartolome tailuan oinarrituz, Rocío Fernández Amezuak zaharbarritzea zer dan eta zer ez dan moduko oinarrizko galderei erantzungo deutse, eta jardunbide txarren kasuak eta horreei buruzko azalpen zehatzak, artelan bat ez kaltetzeko kontuan hartu beharreko ekintza zuzenak, esku-hartze bati ekiteko prozesuak eta erabili ohi diran elementuak eta tresnak aztertuko ditu. Zaharbarritze lanen inguruan sentsibilizau, horreek azaldu eta balioetsi gura dituan tailerra da, eta lan horreek egiteko behargin gaituak izateak dauen garrantzia azpimarratu gura da bertan. Izena emotea museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus).