ENKARTERRIETAKO MUSEOAK XIV. ETA XVI. MENDEEN ARTEKO TAILU GOTIKOEN ZAHARBARRITZE LANA AMAITU DAU

  • Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak 11 erlijino-pieza berreskuratzeko gauzatu daben proiektua apirilaren 30era arte Abellanedako museoan zabalik egongo dan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketaren barruan dago.

 

(Bilbon, 2025eko apirilaren 15ean). Apirilaren bukaeran amaituko dan Enkarterrietako Museoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” proiektuaren emaitzea Jesús Muñiz Petralanda ikertzailearen argitalpen bat, Enkarterrietako Museoan egindako erakusketa bat eta Enkarterrietan egon diran arte gotikoko 50 pieza baino gehiagoren balioa azpimarratu gura izan daben jardueren programa zabala izan dira.

Programa zabal horren barruan, ekintza esanguratsuenetakoa XIV. mendetik XVI. mendearen hasierara bitarteko 11 tailu zaharbarritzeko prozesua izan da. Helburua ez zan bakarrik ikertzea eta zabaltzea, baita berreskuratzea eta kontserbetea be. Hori dala eta, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Eleiz Museoan eta Euskal Museoan kontserbetan ziran tailuak zaharbarritzeaz enkargau dan Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Ondare Zerbitzuak, pieza horreek zaharbarritzeko prozesua gauzatu dabe.

Zaharbarritze prozesuaren zati bategaz batera, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatuta hiru pieza zaharbarritzeko ardurea izan dauen Rocío Fernández Amezuak emondako zaharbarritze tailerrak be egon dira. Zaharberritzaileak, tailuak berreskuratzeaz gain, aurreko mendeetako margolanen eta polikromien ondoriozko ezkutuko zehetasun ugari argitara aterateko erabilitako teknikea be erakutsi deutso jenteari.

Zaharbarritze prozesua, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Eleiz Museoaren eta Euskal Museoaren arteko mailegu hitzarmenagaz bukatu da, pieza horreek guztiak Enkarterrietako Museoan geratu daitezan (Gueñesera bueltauko dan Madalena izan ezik), bertako bilduma iraunkorraren parte izateko.

 

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatuta Rocío Fernández Amezuak zaharbarritutako tailuak:

• Lartundoko San Bartolome (Gordexola). XIV. mendeko tailua, Erdi Aroan oso ohikoa zan beste irudi bat irudikatzen dauena, kate bategaz deabru bat eroaten ari dan San Bartolomerena.

• Zalduko santu ezezaguna (Gordexola). Egoera txarrean egoanez nor zan jakitea be lortu ezin izan dan XIV. mendeko tailua. Zaharbarritzean bere ezaugarri asko azaleratu dira.

• Zalduko San Nikolas (Gordexola). Zaharbarritzen azkena izan dan eta San Nikolas irudikatzen dauen XIV. mendeko tailea.

 

Aldundiak zaharbarritutako tailuak:

• Pobeñako Andra Mari (Muskiz). XIV. mendeko datea dau, eta euskal munduan ohikoa dan Jesus umea belaunen gainean jesarrita daben birjinen motea irudikatzen dau. Irudikapen ezagunena Bilboko “Begoñako Amatxu” da.

• Taramonako Madalena (Gueñes). XIV. mendeko datea dau, erakusketako tailu onenetakoa da eta Erdi Aroko toka dauen emakume bat irudikatzen dau, XIV. mendeko ohiko formatua.

• Balmasedako San Benito. Harriz egindako erakusketako bi tailetako bat XIV. mende amaierakoa edo XVI. mende hasierakoa da. Balmasedako San Benito baseleiza desagertuan egon zan eta Erdi Aroko burukoa dauen frailea irudikatzen dau.

• Santeliceseko San Juan (Artzentales). San Juan irudikatzen dauen XV. mendeko tailu handia.

• Muñatoneseko San Martinen tailua (Muskiz). San Martin apezpikua irudikatzen dauen XVI. mendearen hasierako irudi txikia. Baleike Salazar familiaren kapillan egotea, Muskizen, Zaraitzutarren Muñatoneseko San Martin Torre ospetsuaren ondoan.

Bermejilloko San Bizente eta San Lorentzo (Gueñes). XV. mendeko irudi txiki bi, garai haretako orrazkera tipikoakaz, gaur egun baselizea dan Gueñeseko eleiza zaharrean (Bermejilloko San Lorenzo) egon ziranak. Oso pieza interesgarri bi dira. Oso egoera txarrean egozan eta salbetea lortu da.

• Zalduko San Sebastian (Gordexola). Erdi Aroko irudi tradizional bat irudikatzen dauen XIV. mendeko irudi herrikoia, bere gorputza zehartzen daben geziakaz torturautako San Sebastianena.

 

Pieza horreek eta beste 27 Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoan dagoan eta erretaula, irudi eta margoen artean ondare balio handiko eskulturak batzen dituan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketan ikusi daitekez. Erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsua itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritzen da.