ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ESKUALDEAN IZANDAKO GERRA ZIBILARI ETA ERREPRESIOARI BURUZKO II. KONGRESUA HARTUKO DAU
- Bizkaiko Batzar Nagusiakaz eta Burdin Hesia Oroimenaren Museoagaz batera antolatutako jardunaldiak hainbat espezialista batuko ditu datorren zapatuan, maiatzaren 23an.
- Aldi berean, tropa frankisten okupazinoaren formatu handiko 26 argazki aurkeztuko diran “1937ko ekaina. Enkarterrietako okupazioa, zuri-beltzean” erakusketea edegiko da.
- Kongresurako izen-emoteak dobakoak dira, eta museoaren webgunean egin daitekez (www.enkarterrimuseoa.eus).
(Abellanedan, 2026ko maiatzaren 5ean). Enkarterrietako Museoak Gerra Zibila eta Errepresioa Enkarterrin II. Kongresua hartuko dau datorren zapatuan, maiatzaren 23an. Ekimen akademiko eta dibulgatibo hori Enkarterrietako Museoak berak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Burdin Hesia Oroimenaren Museoak antolatu dabe, hainbat adituren ikerketen bitartez lurraldeko memoria historikoan sakontzeko.
Kongresuagaz batera, “1937ko ekaina. Enkarterrietako okupazioa, zuri-beltzean” izeneko erakusketea egongo da, eta bertan 1937ko bagilean Enkarterri okupau eben egunetako formatu handiko 26 argazki aurkeztuko dira. Alde nazionalak egindako irudi asko ezezagunak dira jentearentzat eta Zalla, Gueñes, Gordexola, Balmaseda, Muskiz, Abanto, Portugalete, Sestao eta Barakaldo lako herrietan gerrak eragindako hondamendiak erakusten ditue.
Gerra Zibileko fase haretan jazotakoa gogorarazoteko ekimen horren barruan, bagilaren 19an, “Sopuerta gerran: Cabezamonte-Bezi sektorea” izeneko ondare-ibilbidea egingo da. Bertan, Sopuertako mendialde horretan, Enkarterrietako Museotik oso gertu, egozan Gerra Zibileko puntu estrategikoak zehartuko dira.
EUREN AZKEN LANAK EKARRIKO DITUEN HAMABOST HIZLARI
Maiatzaren 23ko kongresuaren programazinoa 9:30ean hasi eta egun osoan zehar luzatuko da, garai haretako ikerketak egin dituen 15 adituren parte-hartzeagaz. Goizeko blokean berbaldi honeek izango dira: Eduardo Renobales Martínen II. Errepublikako pistolismoari buruzkoa; mobilizautako industriak Xabier Herrero Acostak azalduta; eta Juan Pablo Domínguez Varona “Triskel” eta Aiyoa Arroita Lafuenteren, biak Aranzadiko ikertzaileak, Euskadiko “gasaren kontrako” gerrearen ganeko azterketea.
Etenaldi baten ondoren, Aitor Miñambres Amezaga Burdin Hesia Oroimenaren Museoko zuzendariak gotorleku defentsibo horren zehetasunak emongo ditu, eta ondoren, Fernando Obregon Goyarrola eta Luis Alonso Pascual etorriko dira, eskualdearen mendebaldean eta Sestaon izandako gatazkak aztertzeko. Goizeko saioa amaitzeko, Juan Ignacio Rodríguez Camarerok Ortuellako Errepublikatik frankismorako igaroaldiari buruz egingo dau berba, eta Josetxo Álvarez Gutierrezek Mena Haraneko urte hareetako errepresioaren barri emongo deusku.
Arratsaldean, kongresuan, Jon Penche Gonzálezen kartzelako sistemeari buruzko berbaldia izango da, eta, ondoren, Mikel Diego Barajasek eta Mónica Calvo Ortizek errepresio ekonomikoa eta Sestaon emakumeen kontrakoa aztertuko ditue, hurrenez hurren. Atsedenaldi labur baten ostean, Javier de la Colina Aranzetak makiak aztertuko ditu, eta Javier Barrio Marro Enkarterrietako Museoko zuzendariak aurkeztuta presoen eta hareen familien egoerea Fabio Murgaren lantegian.
Kongresuaren itxieran, Juantxu Zorrilla Ruizek Balmasedako azken alkate demokratikoa izan zan José de los Erosen figureari buruz egingo dau berba. Eta Jon Ortiz Domínguezek, Rafael Arriola San Sebastiánek eta Zunbeltz Matabuena Yarzak Karrantzako eta Balmasedako errepresioari buruz egingo dituen analisiak be izango dira.