ENKARTERRIETAKO MUSEOAK FAMILIENTZAKO HISTORIAURREKO TAILERRAK ZABALDUKO DITU GABONETAN “GEHITU TRIBURA” PROGRAMEAGAZ

  • Ekimena doakoa da, eta arkeologia esperimentala erabiliko dau gabonilaren 20an eta 23an, giza biziraupenean lankidetzak eta zainketek daben garrantzia erakusteko.

 

(Abellanedan, 2025eko gabonilaren 10ean). Enkarterrietako Museoak, “Zorionem eta Enkarterrion” goiburupean, jaiegun horreetarako programazino berezia aurkeztu dau, herritarrak, parte hartzeko proposamen baten bitartez, giza eboluzinoaren sekretuak ezagutzera konbidauz. ‘Gehitu tribura’ izeneko jarduera nagusiak, salbuespen lez, normalean ikastetxeetara mugatzen dan historiaurreko tailerra edegiko dau familien gozamenerako, jente guztiari sarbidea emonez ate edegien jardunaldietan esperimentazinoaren bidez ikasteko.

Hezkuntza-jarduerea gabonilaren 20an eta 23an egingo da, 11:00etatik 12:30era, eta helduekaz doazen 6 eta 12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta.

Tailerra, arkeologia esperimentalaren bitartez, parte-hartzaileak Enkarterriko historiaurreko bizimoduetan murgiltzeko diseinau da. Bisita teorikoa izan beharrean, hainbat dinamika parte-hartzaile egingo dira. Bertan familiek tribuarentzat ezinbestekoak ziran baliabideak eta tresnak landuko ditue.

Programautako praktiken artean, bertaratutakoek historiaurreko pintzelak eta lanparak egiteagaz, pigmentu naturalak erabilteagaz, sua sortzeagaz eta tresna litikoak egiteagaz esperimentauko dabe. Ekintza horreek baliagarriak izango dira komunidadea eta alkarri emondako laguntzea historiaurreko gizarteak eregiteko funtsezkoak izan ziran agertokietara bisitariak eroateko.

Ainara Arranz Núñez Enkarterrietako Museoko hezkuntza arduradunak, euki horreek oporraldian familiaren esparrura egokitzearen garrantzia balorau dau. “Gabonetako programa honen bidez, familian kalidadezko denporea pasetea ahalbidetuko daben kultur jarduerak antolatzea da gure helburua, behaketaren bidez ez ezik, jarduera praktikoen bidez be ikasiz. Argi eta garbi erakutsi gura dogu gure arbasoen bizi-eredua zelakoa zan, eta espeziearen biziraupena ez zala bakarrik indarrean oinarritu, baita zainketetan, talde-lanean eta ezagutzen transmisinoan be”.

‘Gehitu tribura’ ekimenean parte hartzea guztiz doakoa da. Halanda be, plazak mugatuak diranez, hezkuntza-esperientziaren kalidadea bermatzeko, beharrezkoa da aldez aurretik online izena emotea, museoaren webgune ofizialaren bidez.

Proposamen horregaz, Enkarterrietako Museoak zientziaren dibulgazinoagaz eta kultur aisialdi inklusiboagaz daukan konpromisoa indartzen dau, gure iragan komunaren ganeko ikaskuntza belaunaldien artean partekatzeko esperientzia ludiko bihurtzen dan espazioa eskainita.

Lotutako estekak: