EUSKADIKO MEATZARITZAREN MUSEOAK ALDUNDIAREN LAGUNTZA EKONOMIKO HANDIAGOA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Meatzaritzaren Museoko Kultur Alkarteko ordezkariak Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera joan dira, Aldundiari 300.000 euroko “aparteko” ekarpena eskatzeko, euren kulturgunean “preminazko” inbertsinoak egiteko.
     
  • Elikagaien soberakinak berreskuratzera bideratutako bere Rexcatering proiektua Aldundiaren egoitzetan ezartea eskatu dau Residuo Cero Fundazinoak.


(Bilbon, 2024ko azaroaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko ordezkarien bisitea jaso dau gaur, Aldundiak 300.000 euro gehiago jarri daizala eskatzeko, une honetan kanpoan dagozan “ondare-balio handiko” piezak kontserbetea ahalbidetuko daben “preminazko” inbertsinoak egiteko. 

Aitor Uriarte Meatzaritzaren Museoko kultur alkarteko presidenteak Batzar Nagusietako taldeei azaldu deutsenez, Aldundiak kudeaketa gastuak ordaintzeko urtero 70.000 euroko diru-laguntzea emoten dauen arren, beharrezkoa da “aparteko” ekarpena egitea museoaren kanpoaldean dagozan ondare-interes handiko piezak egongo diran estalki bat instaletako. Irabazi asmorik bako alkarte pribadu horrek ez dau oraindino aurtengo maiatzean foru erakundera bertara bialdu eban eraikuntza proiektuaren inguruko erantzunik jaso.

Zehatzago esanda, urtean 20.000 bisitari baino gehiago jasoten dituan eta kontratautako beharginen (6 persona) eta boluntarioen (30-50 persona) artean modu “mistoan” kudeatzen dan museoak elementu “bereizgarri” batzuk eguraldi txarretik babestuta egotea gura dau. Hain zuzen be, Bodovalle meategiko meatzaritzako funikular baten “jardinera” edo bagoia, Muskizko Amalia Vizcaína meategiko karga-jasogailu “bakarra” edo iraulkia daben bagoneta birakarien zenbait modelo.

Uriarteren berbetan, Estaduan dagoan meatzaritzako ondarearen bilduma onenetako bat “arriskuan” dago. Beste museo batzuek ez bezala, Meatzaritzaren Museoa erauzketa prozesuaren fase “guztiak” deskribiduten dituen bakarra da. “Bizkaiek ezin dau meatzaritzako museoaren bildumea galtzen itxi, galera ordeztuezina litzatekelako”, esan dau. Museoak Aldundiaren “preminazko” laguntzea behar dau, boluntarioek ezin dabelako “miraririk egin”, eta, horregaitik, hurrengo aurrekontuetan partida ekonomiko hori sartzeko eskatu dabe.


RESIDUO CERO FUNDAZINOAREN REXCATERING PROIEKTUA

Bigarren agerraldian, Residuo Cero Fundazinoak eskoletako jantokietan janari-soberakinak berreskuratzera bideratuta dagoan eta hiru urte baino gehiago “arrakastaz” funtzionetan ari dan bere Rexcatering proiektua aurkeztu dau.

Rexcatering proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxetan ari da funtzionetan gaur egun. Instalau diran vending makinakaitik izan ez balitz zaborretan amaituko leukien 15.000 otordu anoa berreskuratzen dira hilean.

Álvaro Saiz proiektu horretako ordezkariak azaldu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldiaren bitartez eskaria egin gura deutso Aldundiari, Aldundiaren egoitzetan eredu hori sartu daian elikagaien hondakinak birziklatzeko.

Eibarko Egogain Egoitzan ereduak “erakutsi dau daborduko bere eraginkortasuna” proba pilotu baten bidez, eta “hilebete bitan 400 anoa” berreskuratzea lortu da. Kalkulau dabenez, Aldundiaren esku dagozan egoitzetan bizi diran 100 biztanle bakotxeko urtean “3 tona elikagai baino gehiago” berreskuratu leitekez.

Eredua egoitza bakotxean instalauko litzateke. Jantokietan sobran geratu diran anoak etiketau eta modu seguruan ontziratzen dira, hozte azkarreko eta termozigilatzeko prozesu baten bidez, eta doan jarten dira herritarren eskura makina automatikoetan.