GUFE-K BERE LAN BOLTSEN KUDEAKETA-ERESPIDEAK BARRIKUSI ETA OINARRI OROKORRAK EGOKITUKO DITU, BEHARGIN FINKOEI BURUZKO EPAIEN OSTEAN
- Amaia Antxustegi Ziarda Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bildu taldeko batzordekideak eskatuta iragarri dau neurria Bizkaiko Batzar Nagusietan, behin-behineko behargin biri buruzko ebazpen judizialaren ostean.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 12an). Amaia Antxustegi Ziarda Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru diputatua Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordera etorri da gaur, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) egoereari buruzko azalpenak emoteko, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak (EHJAN) behin-behineko behargin bi finko lez autortu dituan azkenengo epaiaren ostean. Urtzi Ostolozaga Arrien Batzar Nagusietako EH Bilduko batzordekideak eskatutako agerraldian, diputatuak iragarri dau GUFEk behin-behineko kontratazinoa arautzen daben lan boltsen kudeaketa-erespideak barrikustea eta deialdi barrien oinarri orokorrak eta espezifikoak egokitzea aurreikusten dauela.
Amaia Antxustegi Ziardak zehaztu dauenez, aldaketa horreek sartzeko lanak hasi dira daborduko Erakundeko Negoziazino Mahaian, prozedurak Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia-esparrura egokitzeko, beste epai bitan oinarrituta: 475/2026 eta 578/2026. Hautaketa erespideak barrikusteagaz batera, erakundeak kasazino errekursoak aurkeztu ditu, eta Konstituzino Auzitegian babes errekursoa aurkezteko azterketea egingo dala iragarri dau, enpleo publikoa lortzeko bardintasun eskubidea defendiduteko.
Epai horreen ondorioei zifrak jartea eskatzen eutsan EH Bilduri erantzunez, diputatuak azaldu dau GUFEren plantillea 887 personak osatzen dabela, eta horreetatik 538 behargin finkoak dirala, eta horrek alde horren inguruan jarten dau egiturazko behin-behinekotasuna. Horrez gain, adierazo dau orain arte 202 demanda judizial aurkeztu dirala eta hamar bat kasutan epaileek finkotasuna autortu dabela.
Antxustegi Ziardak gogora ekarri dau GUFEk 20/2021 Legeak aurreikusten dituan egonkortze- eta finkatze-prozesu guztiak deitu dituala –105 finkatze-plazagaz eta 24 egonkortze-plazagaz–, eta horrek behin-behinekotasun-tasea % 14,53ra jaitsi eban 2022ko amaieran. Diputatuak egiturazko lanpostuen egonkortzea eta absentziaren edo mobikortasunaren ondoriozko ordezkapenak bereizi gura izan ditu: gaur egun 45 persona dagoz eszedentzian eta bat lanpostua gordeta, behin-behineko barne sustapeneko ehun bat kontratu mobiduten ditu urtean, eta giza baliabideen planeko baja pizgarriaren neurriek 48 personari eragiten deutse gaur egun. 2023tik 224 persona sartu dirala zehaztu dau. Diputatuak azpimarratu dauenez behin-behineko kontratazinoak bajen, lizentzien, oporren, eszedentzien edo barne sustapenen ordezkapenaren behar saihestezinei erantzuten deutse.
Bere aldetik, Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko batzordekideak diputatuaren azalpenak balorau ditu eta adierazo dau lan poltsen erespideen eta oinarrien egokitzapenak epe ertainera demandak gitxitu ahal dituan arren, ez dauela arazoa osorik konponduko. Koalizino abertzaleko batzordekideak ohartarazo dau erakundeak, estrategia global, gardena, negoziaua eta beharginen ordezkariakaz adostua eskatzen dauen “egiturazko arazoari” aurre egin behar deutsala. Horrez gain, Enpleo Publikoaren Eskaintzetarako egutegi errealistea aldarrikatu dau, administrazinoari erakunde kontratatzaile lez eredugarritasuna eskatu deutso eta epaitegien aurrean euren eskubideak babestu dituen beharginak ez zigortzea eskatu dau.
ERABILTZAILE BATEN KASUA
Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta be etorri da, egoitzarako sarbideari eta zerbitzuari lotutako prestazinoari buruzko espediente baten administrazino-izapideak zehazteko. Diputatuak azaldu dau interesdunak hasieran zentro publikorako zein prestazino ekonomikorako eskubiderik emoten ez eban 1. mailako mendekotasuna eukala. Halanda be, geroago 2. mailako mendekotasuna eta egotaldi iraunkorra autortu jakozan, zerbitzuari lotutako prestazino ekonomikorako eskubidea atzeraeraginez finkatuz. Horregaitik, beste foru agindu batek eguneko 9,82 euroko laguntzea esleitu eban, plaza publiko bat libre geratu arte egotaldi pribaduari laguntzeko, eta aurreko hilebeteetan sortutako ordainketak zemendian ordaintzea onartu eban.
Zentro publikoak esleitzeko erespideei jagokenez, Antxustegi Ziardak gogora ekarri dau 17/2014 Foru Dekretuak 3. graduko personen lehentasuna ezarten dauela 2. gradukoenen aurretik, ahalmen ekonomiko txikiagoa bigarren mailan balorauz. Diputatuak zehaztu dau lehentasunezko eta berehalako sarrerak abandonu, tratu txar edo larrialdi sozialeko kasu egiaztauetarako edo 2023ko irailaren 29ko ebazpenak babesten dituan zaurgarritasun ekonomiko bereziko egoeretarako bakarrik gordeten dirala. Arau horrek 10.000 eurotik beherako kapital higigarria izatea eta 20.000 euroko edo hortik gorako katastro-balioa daben bigarren ondasun higituezinik ez izatea eskatzen dau. Kasu honetan atalase hori gainditzen dauen higituezin gehigarri baten titulartasuna agertzen danez, ez da bidezkoa izan ez lehentasunezko ebazpena, ez plazaren esleipena.
Bizkaiko Talde Popularraren aldetik, Diego Pagadigorria Wickek onartu egin dau Dekretuaren aplikazinoa formaren aldetik zuzena izan dala espedientean, eta egiaztau egin dau ordaintzeko dagozan ordainketak zemendian egingo dirala. Halanda be, batzordekide popularrak, Bizkaiko errealidade soziodemografikoan eta 2027ko ekitaldirako Gizarte Ekintza Sailari esleitutako 815 milioi euroko aurrekontuan oinarritutako hausnarketa orokorra planteau dau. Testuinguru horretan, Pagadigorriak iragarri dau bere taldeak arau-aldaketak proponiduko dituala administrazinoari malgutasun handiagoa emoteko premina eta zaurgarritasun erispideen kudeaketan.