EMAKUMEZKOEN GETXO RUGBY TALDEAK BAT EGIN DAU BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENAGAZ

(Getxon, 2026ko maiatzaren 16an). Emakumezkoen Getxo Rugby taldeak ekitaldi sinbolikoa egin dau gaur, Iberdrola Ligako finalerdia Fadurako kiroldegian jokatzeagaz batera, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) bosgarren mendeurrenaren ospakizunei atxikimendua adierazoteko. Lehen taldeko jokalariak efemeride horren logo ofiziala dauen kartelagaz agertu dira, emakumeen kirolak lurraldearen historiagaz eta nortasunagaz dauen konpromisoa azpimarratuz.

Ekimenaren helburua, mugarri historiko horren garrantzia Bizkaiko gizartearen beste esparru batzuetara eroatea da. Foru Barria ez da iraganeko dokumentua bakarrik, "Bizkaiko autogobernuaren sistema historiko eta tradizionala" eta "nortasun ikur argia" be bada. Urteurren honen lelopean "Izan zirelako gara", klubak balioa emon gura deutso gaur egungo autogobernuaren oinarria dan legaduari.

Ekitaldi honek aukerea emoten deutse zaleei, XVI. mendean daborduko printzipio aurreratuak ezarten ebazan testu juridikoa hobeto ezagutzeko. Printzipio horreen artean egozan bizkaitar guztien bardintasuna legearen aurrean, torturaren debekua eta askatasunaren bermea atxiloketa arbitrarioen aurrean (habeas corpus). Kinu horregaz, Getxo Rugby taldeak ordezkatzen dauen gizarteagaz dauen lotura indartzen dau, Bizkaian alkarbizitzaren eta zuzenbidearen funtsezko zutabea izaten jarraitzen dauen arauaren bost mende ospatuz.