BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BARDINTASUN TALDEA SEXU JAZARPENAREN KONTRAKO PROTOKOLO BARRIA LANTZEN DABIL

(Bilbo, 2025eko urriaren 17a) Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Taldeak beste bilera bat egin dau gaur Bilbon, bere II. Bardintasun Planaren, Bizkaiko Batzar Nagusiek genero-ekitateagaz daben konpromiso sendo eta iraunkorra azpimarratzen dauen tresnaren, ezarpenean aurrera egiten jarraitzeko. Bilerak funtsezko puntu bi izan ditu ardatz: Batzar Nagusietako beharginei zuzendutako bardintasunari buruzko prestakuntzea planifiketea eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren arloko protokolo barria aurkeztea.

Topaketea II. Bardintasun Plana osotzen daben 65 hobekuntza-ekintzen eta 22 helburuen barruan sartzen da. Guztiak hiru jarduketa-eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Eragin Soziala) eta zortzi ildo estrategikotan dagoz batuta. Ildo horreek funtsezko alderdiak jorratzen ditue, besteak beste, genero-ikuspegia integretea, beharginak bardintasunezko bernizagaz kudeatzea, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistearen kontra burrukatzea eta zainketak aintzatestea.

Gaur landu dan ekintzetako bat sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren arloko gatazkak konpontzeko protokolo barriaren eguneraketea eta onarpena izan da, laneko ingurune segurua eta bardintasunezkoa eskaintzeko bermeak eta prozedurak indartuz. Neurri hori Foru parlamentuak aurrera eroan dituan azkenengo ekintzei gehitu behar jake.

Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunagaz daben konpromisoa aitzindaria da, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zalako bardintasun plana eukitean, Nafarroakoaren atzetik bakarrik. Bardintasun plana 2017ko udan onartu zan aho batez.

Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek euren erakundearen barruan eta Bizkaiko gizartearentzat eredu lez benetako bardintasun eraginkorra sustatzen jarraitzeko daben borondate politikoa eta teknikoa berresteko balio izan dau.