EKONOMIA SUSTATZEKO FORU SAILAK 2.600 MILIOI EUROKO GASTUA MOBILIZATU DAU LAU URTETAN BIZKAIKO EKONOMIARAKO

  • Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Foru parlamentuaren aginduz, sail horrek 2021etik 2024ra bitartean gauzatu dituan laguntza programen, dirulaguntzen eta inbertsino funtsen ebaluazino kuantitatibo eta kualitatiboaren barri emoteko.
     
  • Inbersino publiko-pribadu horri esker 49.000 lanposturi eutsi ahal izan jake eta 506 milioi euroko zerga-itzulkina sortu da.

 

(Bilbon, 2026ko jorrailaren 28an). Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak 2021etik 2024ra bitartean ekonomia sustatzeko eta ekintzailetzarako gauzatu diran politiken eraginari buruzko ebaluazino integralaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean. Txostenak erakusten dauenez, sektore pribaduagaz lankidetzan egindako sailaren jarduerak 2.600 milioi euroko gastua mobilizau dau aldi horretan.

Mobilizazino ekonomiko hori egiteko 224 milioi euroko inbertsino publiko zuzena egin da –sailak berak eta Beaz, Seed Capital Bizkaia eta Bizkaia Talent soziedade publikoek egindakoak–, eta programen onuradun izan diran enpresek 2.400 milioi euroko ekarpena egin dabe. Basurko Urkirik zehaztu dauenez, sailaren jarduereagaz erlazionautako euro bakotxeko 1,6 euroko eragina sortu da lurraldeko Barne Produktu Gordinean (BPG), eta, horrek, guztira, 3.000 milioi euroko eragina izan dau (lau urte horreetako Bizkaiko BPGren % 1,7).

Gauzatutako inbertsinoa funtsezkoa izan da lurraldeko lan-sarearentzat, 49.000 lanposturi eusten lagundu dauelako. “Milioi euro bakotxeko 19 lanposturi eutsi jake”, zehaztu dau. Lanpostu horreetatik, 4.300 erakundeen gastu zuzenetik datoz, eta 44.000 foru programetan parte hartzen daben enpresen fakturazinoaren eta jardueraren hazkundeari dagoz lotuta.

Finantza publikoen jasangarritasun terminoetan, bultzatutako jarduera ekonomikoak 506 milioi euroko zerga-itzulkina eragin dau Bizkaiko Foru Ogasunarentzat. Zenbateko hori PFEZren (% 59), BEZaren (% 36,5) eta Soziedadeen ganeko Zergearen (% 4,6) bidez bildu da batez be.

Bere berbaldian, diputatuak azpimarratu dau sailaren estrategiaren ardatz nagusia barrikuntzea dala, inbertsinoaren % 67 bereganatuz (150 milioi euro). Ganerako baliabideak, ekintzailetza (% 24), talentua (% 5) eta nazinoartekotzea (% 4) lako arlo kritikoetan banatu dira.

Zuzeneko laguntzei esker, guztira 3.965 enpresa-proiekturi lagundu jake, eta eragin berezia izan dabe metalurgia, informazinoaren teknologiak eta zerbitzu teknikoak lako industria-sektoreetan. Modu berean, sailak enpresen trantsizino berdea bultzatu dau, ingurumenaren ganeko eragina murriztera eta ekonomia zirkularrera bideratutako 250 proiektu finantzauz, egiteko hori 2024an hasi bazan be.

Basurkok arreta berezia jarri dau kapital teknologikoan, izan be, Ekonomia Sustatzeko Sailak bitartean 3.591 proiekturi emon deutse babesa 2021etik 2024ra. Kopuru horrek enpresa barritzaileak sortzeko, eraldaketa digitalerako eta garraioa modernizetako ekimenak hartzen ditu. Bultzada horren osogarri, Bizkaiko 300 enpresa baino gehiagok finantzaketarako sarbidea hobetu dabe, eta inbertsino-txandetan, Next Generation funtsen kudeaketan eta inpaktu handiko Europako programetarako sarbidean aholkularitza espezializaua jaso dabe.

Kapital sozialaren arloan, diputatuak konektagarritasun sarean izena emon daben 23.300 profesional baino gehiago dituan eta Talentia programearen bitartez unibersidadeko 670 persona prestau dituan Bizkaia Talent-en lana azpimarratu dau. Ganera, Automotive Intelligence Center (AIC), Bilbao Accelerator Tower (BAT) eta Energy Intelligence Center (EIC) lako azpiegitura estrategikoek lurraldearen lehiakortasun teknologikoaren katalizatzaile lez daben zeregina balioetsi da.

Bukatzeko, Basurkok adierazo dau “Eragin Globalaren” txostena kanpoko aholkularitza batek egin dauela eta, metodologia bat dagoanez, “ona izango litzatekela” hurrengo lau urteak ebaluetea, enpresa-laguntzari, ekintzailetzari eta talentua bilatzeari jagokenez foru politiken bilakaerearen erradiografia izateko.