FORU ALDUNDIKO GIZARTE EKINTZARAKO SAILAK 38,5 MILIOITAN HANDITU DAU BERE AURREKONTUA, PERSONEN ZAINTZAN AURRERA EGITEKO
- Amaia Antxustegik zuzentzen dauen sailaren aurrekontua % 5,5 hazi da, 729 milioi eurora heldu arte, hau da, Aldundiak erabilgarri daukan guztiaren % 44,2a.
- Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailak udalakaz egin beharreko lana indartuko dau, 86,5 milioiko aurrekontuari esker.
- Gizarte Ekintzarako Sailak eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak itxi ditue gaur 2025eko foru aurrekontuak azaltzeko saioak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean.
- Eguazten honetan, zemendiaren 13an, amaituko da herritarrek aurrekontu proiektuaren aurrean alegazinoak aurkezteko epea, eta Batzar Nagusietako taldeek abenduaren 2ra arteko epea izango dabe zuzenketa-eskeak erregistretako.
(Bilbon, 2024ko zemendiaren 11n). Gaur bukatu dira Bizkaiko Batzar Nagusietan 2025eko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua aletzeko informazino batzordeak, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuaren eta Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako arduradunaren agerraldiakaz. Aurrekontuak izapidetzeko fase hori amaituta, datorren astean zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko da. Herritarrek alegazinoak erregistretako daben epea eguazten honetan, zemendiaren 13an, amaituko da.
Barriro be, Gizarte Ekintzarako sailak izango dau Aldundiaren gastu bolumen handiena, alde handiagaz. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan Aurrekontuei buruz egin dan azken aurreko informazino batzordean gaur azaldu dauenez, bere sailak 729.154.000 euro izango ditu datorren urtean (beharginen gastuak kontuan hartu barik) bere programak aurrera eroateko. Aurton baino 38,5 milioi gehiago izango dira.
Aldundiko arduradunak, beraz, sailaren esku dagoan guztiaren (1.600 milioi euro baino gehiago) % 44,2a –igaz baino puntu bat gehiago– erabiliko dau. Aurrekontu hori “iraupen luzeko zainketak personalizetako ereduan aurrera egiteko eta adinekoei, desgaitasunen bat daukienei, zaintzaileei eta babesik barik dagozan ume eta nerabeei arretea eta babesa indartzeko” beharrarengaitik justifikau dau.
Antxustegik, 162 milioi euroko aurrekontua, 14 milioi gehiago, izango dauen GUFEri erreserbautako partidearen garrantzia azaldu dau. 2024an, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) “azken hamar urteetan” izan dauen behargin kopuru handiena izango dau, 887 profesional. GUFEk 12,6 milioi euroko partidea jasoten dau bizikidetza-unidade bihurtzeko proiektuan jarraitzen daben Elorrioko eta Leioako egoitzetan Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizino Planeko jarduketa estrategikoei ekiteko. Modu berean, partida horren barruan 2,9 milioi euro inguru Gernika Erreferentziazko Eskualdeko Zentroaren obrak hastera bideratuko dira.
Beste alde batetik, sailaren gastuen herenak adinekoen beharrei erantzungo deutse, 243,1 milioi euroko aurrekontuagaz. Aldundiak ehun plaza gehiago eskainiko ditu, 3.225 plaza kontzertaura heldu arte, horreetatik 400 bizikidetza unidadeetan.
Desgaitasunaren arloan, Antxustegik zuzentzen dauen sailak 101.393.027 euro baino gehiago izango ditu egoitzetan eta etxebizitzetan 1.353 plaza eta eguneko arretako 1.531 plaza kudeatzeko Hirugarren Sektoreagaz sinatu diran hitzarmenei erantzuteko.
Umeei Laguntzeko Programak 12,5 milioi euro izango ditu (+%18,3), eta hori babesik barik dagozan adinbakoei arretea emoteko GUFEren aurrekontuko 58,74 milioi eurogaz osotuko da. Aurrekontu biak nabarmen hazi dira, adinbakoak hartzeko baliabide barriak aktibetako.
Kotizazino bako pentsinoen programaren aurrekontuan laguntzak 72,7 milioi eurokoak izango dira. Kapitulu hori, 108,2 milioira iristen dan Etxeko Arreta programan sartzen da, eta bertan atseden-egoeretarako 3 milioi sartzen dira.
Gizarte Ekintzaren aurrekontuak beste partida txikiago batzuk be jasoten ditu, adibidez, 2025ean 12.654.021 euro jasoko dituan Balorazino eta Orientazino Zerbitzua, edo 3,6 milioi euro hartuko dituan Gaikuntza institutuari zuzendutako partidea.
86,5 MILIOI LURRALDE-KOHESINOA BERMATZEKO ETA HURREKO ADMINISTRAZINOA EREGITEN JARRAITZEKO
Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak itxi ditu eguerdian Aurrekontuen inguruko informazino saioak Bizkaiko Batzar Nagusietan, bere sailak 86.480.000 euro jasoko dituala azpimarratuz. Kopuru horren bitartez, Aldundiak toki erakundeakaz egiten dan lana indartu gura dau lurralde kohesinoa bermatzeko; larrialdi zerbitzua Estadu osoan erreferentziazko zerbitzu bihurtzen jarraitzeko; baliabideen aprobetxamenduan modu arduratsuan eta jasangarrian aurrera egiteko, Aldundia erakunde edegi, hur eta parte-hartzaile lez finkatzeko; digitalizazino prozesuagaz jarraitzeko eta, azkenik, foru enpleo publikoaren ereduan sakontzeko, oraingo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.
Gizarte-kohesinoaren eta udalei emoten jakezan zerbitzuen arloan, nabarmena da 10 milioi euroko aurrekontua izango duen BiscayTIK Fundazioaren lana. Modu berean, foru Erakundeak 3,7 milioi euro bideratuko ditu bere ’Toki Erakundeentzako Aholkularitza’ programara. Udal-eskumeneko azpiegitura edo zerbitzu publikoen inbertsinoak sustatzeko, 2025ean 3 milioi euroko partidea finkatu da 7.500 biztanletik beherako udalerrietarako
Prebentzino, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzura zuzendutako partidea 5,5 milioi eurokoa izango da datorren urtean. Aldundiak basoetako suteetarako ibilgailu berezi barri bat eta ekipoak gidatzeko beste bat erosiko ditu, 775.000 euroren truke. Modu berean, 1,1 milioi euro bideratuko dira obrak datorren urtean amaitzea aurreikusten dan Markinako parkearen birmoldaketara.
Izagirrek zuzentzen dauen sailak 2024an gobernu digital inklusiboaren eredua finkatzera bideratuko dau bere aurrekontuaren % 56a. Ehuneko hori Lantik, Zugaztel eta Biscaytik soziedade publikoen laguntzeagaz egingo diran Digitalizazioa eta Herritarrentzako Arreta, Foru Plan Informatikoa eta Gobernu ona eta Gardentasuna programetan konzentretan da. Kapitulu horren barruan, 2026an Bilbon (Done Bikendi plazea) Gertu bulego barria edegiteko lanak hastea aurreikusten da, eta 1,8 milioi euroko partidea aurreikusi da horretarako.
Bukatzeko, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak azaldu dauenez, beharginen kapituluak % 3,2 handituko dau bere aurrekontua, izaera estrukturaleko 42 plaza barri sortu ostean. 2025era begira, “50 eta 60 plaza artean” sortzeko Lan Eskaintza Publikoaren deialdia be aurreikusita dago.
ZUZENKETA-ESKEAK ETA HERRITARREN ALEGAZINOAK
Aurrekontuak azaltzeko epea amaituta, Batzar Nagusietako taldeek datorren astetik aurrera aurkeztu ahal izango ditue kontu horreen inguruko zuzenketa-eskeak. 2024koetan 393 zuzenketa-eske erregistrau ziran. Horreetako hiru (EH Bildu, PP eta Elkarrekin Bizkaia) osoko zuzenketa-eskeak izan ziran. Beste alde batetik, herritarrek alegazinoak aurkezteko epea eguazten honetan, zemendiaren 13an, amaituko da.