BIZKAIKO EMAKUMEEN PARTAIDETZARAKO KONTSEILUAK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DAU

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko ordezkariakaz batera, harrerea egin deutse Kontseilu horren barruan dagozan alkarteetako emakumeen ordezkariei. Emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna bultzatzen egiten daben lana autortzearren. Berrogeita hamar emakume baino gehiago bertaratu dira.
     
  • Emakumeen alkarte eta kolektiboetako ordezkariakaz batera, Teresa Laespada Martínez Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatua etorri da.

 

(Gernikan, 2025eko urriaren 4an). Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluko berrogeita hamar emakume inguru etorri dira Gernikako Batzar Etxera bisita ofiziala egiten. Emakumeen 46 alkarte, talde feministak eta irabazi asmorik bako erakundeetako bardintasun batzordeak batzen ditu Kontseiluak. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek egin deutsie harrerea ordezkarioi.

Kontseiluaren ordezkaritzako buru Teresa Laespada Martínez Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatua, Trinidad L. Vicente Torrado Berdintasuneko Zuzendari Nagusia eta Keila Vizarraga erakundeko presidentea izan dira.

Batzar Nagusien Osokoak 4/2018 Foru Araua onetsi eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua sortu eban 2020an. Erakunde feministek, emakumeen elkarteek eta emakumeen eta gizonen bardintasuna lortzea helburu edota eginkizun daben beste entidade eta erakunde batzuk parte hartzeko organoa da. [hau Kontseiluaren webguneari erreparatu eta zuzenean kopiatu dot ia] Topaketarako, hausnarketarako eta parte hartzeko gunea da, Bizkaiko emakumeen ahotsa ozen entzun daiten sorturikoa.

Foru parlamentuan zehar egindako ibilbidean, Kontseiluko kideek Batzar Etxearen gela nagusiak ezagutu ahal izan ditue. Agurren ostean, bisitariok Gernikako Arbolan argazkia atara ahal izan dabe eta, ondoren, Batzar Nagusietako egoitzearen barrukaldera sartu dira, Osokoen Aretoa, Leiarpeko Aretoa eta Liburutegia ikusteko, besteak beste. Ohorezko aurreskua dantzatu jake haretx sagraduaren gerizpean eta Kontseiluko Presidenteak Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatu dau.