ATHLETIC CLUBEK ATXIKIMENDUA ERAKUTSI DEUTSO BIZKAIKO FORU BARRIAREN BOSGARREN MENDEURRENAREN OSPAKIZUNARI SAN MAMESEN

  • Domeka honetan, urriak 25, jokatu dan LaLigako partidua hasi aurretik, taldearen hasierako hamaikakoa efemeride honen irudi adierazgarriagaz azaldu da zelaian argazkirako.

 

(Bilbon, urriaren 25ean). Athletic Clubek ekitaldi sinbolikoa egin dau gaur, domekan, urriaren 25ean San Mames estadioan jokatu dan LaLigako partiduaren hasieran, Bizkaiko Foru Barriaren bosgarren mendeurrenaren (1526-2026) ospakizunari atxikimendua erakusteko. Partidua hasi aurretik, hasierako hamaikakoa osotu daben jokalariak, efemeride honen logotipo ofiziala eukan kartelagaz jarri dira argazkirako zelaian, keinu horregaz kirolak historiagaz eta lurraldearen identidadeagaz daukan konpromisoa azpimarratuz.

Mugarri historiko honen garrantzia Bizkaiko gizartearen esparru barrietara eroatea izan dau helburu ekimenak. Foru Barria ez da iraganeko dokumentu hutsa, Bizkaiko autogobernu-sistema historiko eta tradizionala eta identidade-zeinu zalantzabakoa baino. Urteurren honen lema ofizialaren pean, “Izan zirelako gara”, klubak balioan jarri gura izan dau gaur egungo autogobernuaren oinarri dan ondarea.

Horrez gan, ekitaldi honi esker, zaleek XVI. mendean daborduko emakume eta gizon bizkaitar guztiek legearen aurrean eukien bardintasuna, torturaren debekua eta atxilotze arbitrarioen aurreko askatasun-bermea (habeas corpus) lako hain lege-printzipio aurreratuak ezarri ebazan testu juridikoa sakonago ezagutzeko aukerea izan dabe. Ekintza horren bidez, erakundeak loturea sendotu dau ordezkatzen dauen gizarteagaz, eta Bizkaiko lurraldean bizikidetzaren eta zuzenbidearen oinarri funtsezko izaten jarraitzen daben arauaren bost mendeak ospatu ditu.