EUSKADIKO LEHEN KOADERNU METEOROLOGIKOETAKO BAT AURKITU DA, 1830EAN BALMASEDAN EGINDAKOA
- Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurkeztutako dokumentua, antza danez, Manuel Llagunok idatzi eban xehetasun eta zehaztasun zientifiko handiz.
- Bere erregistroen bidez XIX. mendearen hasieran, Izotz Aro Txikiaren amaieran, Industria Iraultzaren inpaktuaren aurretik klima zelangoa zan ulertu daiteke.
(Abellanedan, 2025eko garagarrilaren 22an) Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aparteko aurkikuntza dokumentala aurkeztu dabe: Manuel Llagunok 1830ean Balmasedan egindako koadernu meteorologikoa. Euskadiko klimaren lehenengo erregistro sistematikoetako bat da, eguneroko tenperaturak, haizearen norabidea, eguzki-orduak eta baldintza atmosferikoei buruzko iruzkinak zehaztasun handiz jasoten dituan materiala, hain zuzen be.
Garai haretan Europan be erabilten zan Fahrenheit eskalea erabilita, Llagunok 1830eko urtarrilaren 1etik gabonilaren 8ra arteko bertako klimea dokumentau eban. Balio historiko eta zientifiko handia dau, datu kuantitatiboak ez ezik, musturreko tenperaturek markautako aldiaren klimaren behaketa kualitatiboak be eskaintzen ditualako. Kontuan izan behar da Euskadin lehen estazino meteorologikoak XIX. mendearen amaieran hasi zirala lanean.
Neurketak klimaren aldetik interes berezia dauen une batean dagoz eginda: industrializazino orokorraren aurreko urteetan, Izotz Aro Txikiaren (Europako hotzaldia) amaieran, eta Lehen Gerra Karlistaren (1833-1840) eztandaren aurretik. Dakigunez, klima zorrotzak asko gogortu ebazan Bizkaiko gerra-aldiak. Neguko minimoak oso bajuak izan ziran: zezeilaren 2an eta 3an -7ºC-rainoko tenperaturak erregistrau ziran, Llagunok 19–20ºF apuntau ebazan. Aldiz, udek ez eben bero handirik eskeini: garagarrilaren 27an, egunik beroenean, 28,8ºC (83 – 84ºF) baino ez ziran hartu, eta udako batez bestekoa 20ºC ingurukoa izan zan.
Datu deigarrienen artean gaur egun Bizkaian ia pentsauezinak diran urtarrileko edurteak dagoz. Edur asteen ondoren, zezeilak behe-laino iraunkorrak eta martiak haize handiak, euriteak eta txingorra ekarri ebazan. Apirilaren 23an, adibidez, Llagunok bere koadernuan “euri-jasa jarraitu oparoak eta txingor bat edo beste” idatzi eban. Udan be, eguraldia ezegonkorra izan zan, zerua estalita eta euria noizbehinka.
“Koaderno hau, Balmasedako herritar batek XIX. mendean izan eban jakin-min zientifikoaren lekukotza ez eze, gure klimak izan dauen bilakaerea ulertzeko oso tresna baliotsua be bada”, adierazo dau Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariak. “Balioan jarten ditu behaketa zehatza eta idatzizko memoria ingurumenaren eta gizartearen ezagutzaren iturri lez gordetearen garrantzia”.
Jatorrizko testuaz gain, Enkarterrietako Museoak Fahrenheit eta Celsius graduen arteko tenperaturen baliokidetasuna alderatzen dituan koadrua egin dau, garai haretatik gaur egunera arteko klimaren bilakaerea testuinguruan argi eta garbi jarteko. Dokumentu hori, zalantzarik barik, funtsezko iturria da klima-aldaketari buruzko azterlanetarako, industrializazinoaren eraginaren aurreko klimearen zuzeneko ikuspegia emoten dauelako. Enkarterriko museoaren webguneko Dokumentu-funtsa atalean kontsultau daiteke (www.enkarterrimuseoa.eus).