ADIMEN-DESGAITASUNA DABEN PERSONEN LAGUNTZAILEEK GARRAIO PUBLIKOAN DOAN BIDAIATZEKO PASEAK IZAPIDETZEAN IZANDAKO AKATSAK SALATU DITUE
- Erabiltzaile baten amak bere kasua salatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordearen aurrean.
- Saio berean, Sukarrietako Sandinderi herri-plataformak Abiñako San Antonioko enklabea udalerri horretara itzultzea eskatu dau barriro, txosten juridiko barri batean oinarrituta.
(Bilbon, 2024ko urriaren 17an). Adimen-desgaitasuna dauen garraio publikoko erabiltzaile baten amak haren laguntzaileak beste txartel bat ordaindu behar izan barik bidaiatu ahal izan daian Aldundiak behin betiko konponbidea emotea eskatu dau Batzar Nagusietan. Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordeak Rosa Ibargarayren kexua jaso dau, Aldundiak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak aukera hori ukatu deutsielako, bere semeak baldintza guztiak beteten dituan arren. Hainbat desgaitasunen baturaren atzean egon leiteke erabiltzaileak araudiak ezarten dituan kodeetako bat be ez lortzea, Aldundiak aurtengo bagilean ezarri eban hobekuntzearen onuradun izateko.
Hilebete horretatik aurrera, adimen-desgaitasuna dauen erabiltzaile bati laguntzen deutsien personak ez dagoz bigarren garraio-titulu bat ordaintzera behartuta. Araudia kontuan izanda, ordaintzetik salbuetsita dagoz adimen-desgaitasunak dituen personei laguntzen deutseenak, adimen-desgaitasun sakonetik hasi eta garapenaren nahasmendura arte, nazinoarteko CIE 10/OMS-2001 sailkapenaren eta onartutako mendetasun-mailaren arabera. Kontua da aitatutako personea ez dala kategoria bakar batean be agertzen, erabiltzaileak “% 70eko mendekotasuna eta 2. mailako minusbaliotasun larria” dauen arren.
Mendetasunaren berariazko aitorpena daben personek profil bereziko garraio-txartela jasoten dabe. Txartel horrek Bizkaiko garraiobide publikoetara sartzean bi aldiz balidetako aukerea emoten dau: bata jagokonaren arabera ordainduko dauen adimen-desgaitasuna dauen personarengaitik, eta bestea bidaia ordaindu behar ez dauen laguntzailearengaitik.
Batzar Nagusietako taldeek arazoaren jatorriari buruz egindako galderei erantzunez, Ibargarayk adierazo dau Foru Aldundiko sail bik, Gizarte Ekintzarako Sailak eta Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailak, “batak besteari bota deutsiela errua”, antza sistemearen kodeetan “akatsa” izan danarengaitik. Jakin badaki beste familia bat egoera berean egoala eta mendekotasuna autortzeko ezarritako mekanismoak hasieran “arazo asko” sortu ebazala, eta gero konpondu egin zirala.
ABIÑAKO SAN ANTONIOKO LURRETARAKO KONPONBIDEAREN EDEGIEREA
Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordeak, bere aldetik, Sukarrietako Sandinderi herri plataformako arduradunen bisitea jaso dau barriro. Aurkeztu daben txosten juridikoan adierazoten danez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Busturiari Abiñako San Antonio auzoko lurrak lagateko hartu eben erabagia “guztiz deuseza izan zan, eukia ezinezkoa zalako”.
Herritarren plataforma horren izenean Jaime Oruetak azaldu ditu Antonio Embid Irujo, Zaragozako Unibersidadeko Zuzenbide Administratiboko katedradun emerituaren ondorio nagusiak. Harek, Sukarrietako Udalak eskatuta, gaur goizean Batzar Nagusietako taldeen aurrean aurkeztu dan azterlan juridikoa egin dau. Txosten horretan iraganean Sukarrietako udalerriari egokon San Antonioko “enklabea” izenekoa kentzeko prozesuan egindako zuzenbideko “akats larriak” egiaztau dira.
Saioan, Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek gogora ekarri dabe auzia “daborduko epaitua izan zala” eta bere garaian, 2017ko gabonilean Bizkaiko Batzar Nagusiek auzo hori Busturian integretako Aldundiak egindako foru agindu bat onartzeko erabagia hartu eien beharrezko txosten teknikoak egin zirala. Edozelan be, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek dokumentazino barria “aztertzeko” eta Aldundiko organo eskudunen aurrera eroateko konpromisoa hartu dabe.
Sandinderi herri plataformak, katedradunaren txostenean oinarrituta, osokoaren akordioa “konpontzeko” eta Sukarrietari Abiñako San Antonio auzoa itzultzeko eskatu dau barriro. Izen bereko hondartzea eta BBK Urdaibai Zentroa dagozan lurren inguruko liskarra orain dala hamarkada bat baino gehiago hasi zan. Azkenengo kapituluetako bat 2021ean izan zan, Auzitegi Gorenak bide judiziala ixtea erabagi ebanean, ez ebalako onartu Bizkaiko Batzar Nagusiek Abiña auzoa Busturian integretako hartutako erabagiaren kontra Sukarrietako Udalak aurkeztutako administrazinoagazko auzi-errekursoa ezesten eban Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren kontra jarritako kasazino errekursoa.
Halanda be, epai horreek gorabehera, eta herritarren plataformeari entzun ostean, oposizinoko hiru taldeek (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu), aurrera eroandako prozesua hasieratik “barrikustea” eta aurkeztutako dokumentazinoa kontuan izanda prozesua barriro zabaltzeko “pausuren bat emotea” komenidu dala esan dabe.
Bukatzeko, Oruetak ez ditu Busturiagaz konponbide batera heltzeko akordiorako ateak itxi, baina jakinarazo dauenez “une honetan ez dago komunikazinorik”. Esan dauenez, lurrak alboko udalerrira pasau ziranetik Sukarrieta “zailtasun ekonomiko larriak” pasetan ari da. “Gabeziak daukaguz eta ez dago horreei erantzuteko aurrekonturik”, esan dau. Aldundiari “erantzukizuna, deuseztasun adierazpena eta alternatiba zuzen eta orekatua” eskatu deutsaz, “espoliazinoa zuzendu daian eta modu bidebakoan kendutako nortasuneko elementu historikoak berreskuratzeko aukerea emon deion Sukarrietari”.
Txosten barriak Sukarrietaren tesiak berresten ditu, San Antonio auzoa ez zala enklabe bat esanez. Kalifikazino horri esker sartu zan auzo hori Busturian.