ERAKUNDE ADIERAZPENA, IRIZAR TALDEAREN FILIALA DAN ALCONZA BERANGO ENPRESEAREN EGOEREARI BURUZ

Alconza Berango enpreseak 60 urte luzez industria-jarduera garrantzitsua garatu dau, teknologia propioa sortuz. Nazinoartean be presentzia zabala euki dau eta, horri esker, kalidadeko lanpostuak sortu eta mantendu ditu.

2013an Alconza Irizar Taldera batu zan eta, ondorioz, euskal enpresa-talde sendo baten kide bihurtu. Irizar Taldea hazten dabil, nazinoartean presentzia dauka, eta bere jarduerea bidaiarien, elektromobikortasunaren, energiaren, elektronikaren, motore eta sorgailu elektrikoen eta konektagarritasunaren sektoreetan garatzen dau.

Hata guzti be, Alconza Berango enpresearen emoitzen eboluzinoak ez ditu egindako aurreikuspenak bete, eta ez hori bakarrik, eten barik galerak izan ditu; horrek enpresan apurka-apurka lanpostu ugari galtzea eragin dau 2013az geroztik.

Irizar Taldeak nagusitasun-egoerea daukan arren eta Euskadin etorkizuneko proiektuetan inbersino handiak egiten dituan arren, Taldeak erabagi dau plantillaren herenarentzako EEEa aurkeztea. Hori kolpe itzela izan da enpresarentzat, luzaro egon dira-eta bideragarritasun-planak egiten jarduereari bultzada barri bat emon eta dagozan lanpostuak bermatu eta mantentzeko helburuz.

Jakin badakigu etorkizunean Bizkaian industria-sektore lehiakor bati eutsiko badeutsagu, gertatzen ari diran aldeketetara egokitu behar dogula eta, horretarako, proiektu industrial barritzaile eta bideragarrien aldeko apustua egin behar dogula. Proiektuok lanpostu barriak sortzeko beharra ekarriko dabe beharbada, baina, aldi berean −eta azpimarratu gura dogu− gaur egun dagozan lanpostuei eusteko balio behar dabe.

Hori dala-ta, behean sinatzen dogun Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdiok, honako honeek eskatzen deutsaguz Bizkaiko Foru Aldundiari:

1.- Kolaboratu daiala Irizar Taldearen eta Alconza Berango enpresako beharginen arteko alkarrizketa-bideak mantentzeko, batez be enpleguari eusteko helburuz, eta gaur egun dagoan egoereari konponbide adostua eta ahalik eta egokiena emotea ahalbidetzeko.

2.- Jarduketa-programak abian jarri daizala, enpresa horreetako beharginen jakintza espezifikoa mantendu eta baliatzea ahalbidetzeko, bai eta behargin horreek industriaren sektoreak aurrean dituan erronketara egokitzeko be.

Lotutako artxiboak: