PABLO GONZALEZ-I ALKARTASUNA ADIERAZOTEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA
Badira hiru hilabete baino gehiago, otsailaren 28az geroztik hain zuzen be, Poloniako zerbitzu sekretuek Bizkaiko herritar bat, hainbat komunikabidetako kazetari kolaboratzailea dana, atxilotu ebela atzerriko indar batentzat espioitza-lanak egitearen akusazino larriaren pean. Ordurik hona, prebentzinozko espetxealdian dago Rzeszów-eko espetxean.
Atxilotu ebenetik, bai abokatuak bai familiak salatu dabe beraren eskubideak behin eta barriro urratu jakozala, ezarri jakon inkomunikazino-aldi luzearen ondorioz, bere abokatuagaz hartu-emonetan jartea eragotzi eta ofiziozko abokatua ezarri deutsielako. Ofiziozko abokatu horri ukatu egin jako kasua prestetako behar dan dokumentazinoa.
Ez da gerra-testuinguru baten eskubideak urratu jakozan kazetari bakarra, ezta hori gertatzen dan gatazka bakarra be. Ez dira eskubideen urraketak bakarrik: daborduko hainbat dira gerra honetan hil dituen kazetariak. Bere garaian José Couso edo Julio Anguita Parrado hil eben moduan.
Halanda guzti be, Mugarik Gabeko Kazetariak alkarteak salatu dauen moduan, “honen aurretik ez da holako beste kasurik ezagutzen Europar Batasuneko lurzoruan europar kazetari bat atxilotu, babes barik eta lege-laguntza barik itxi eta haren berme prozesalak, oinarrizko eskubideak eta errubakotasun-presuntzinoa urratu jakozanik.
Horri gehitu behar jako kasuaz arduratzen dan Poloniako auzitegiak bidebako egoera hori beste hiru hilabetez luzatzea erabagi dauela, azalpenik eta justifikazinorik emon barik.
Hori dala-eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek honako hau adierazoten dabe:
• Alkartasuna adierazoten deutsegu Pablo Gonzalezi eta bere senitarteko eta pertsona maitatuei, eta aldi berean herritarrak babestu eta bultzatzen ditugu Pablo Gonzalezi eta bere familiari alkartasuna adierazoteko eta aske ixteko egiten diran mobilizazinoetan parte hartzera.
• Kezkatuta gagoz Poloniako agintariek behin-behineko espetxealdia neurriz kanpo erabiltearen ondorioz Pablo González euskal kazetaria jasaten dabilen egoereagaz, Poloniako agintariak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa urratzen dabilzalako.
• Ez gatoz bat Poloniako auzitegiaren erabagiagaz, eta euskal erakunde eta estamentuei, bai eta Estaduko Gobernuari be, eskatzen deutsegu Poloniako agintarien aurrean Pablo Gonzalezen eskubideak errespetau daitezala aldarrikatzeko eta behar diran kudeaketak egiteko, prozesu honetan jasandako eskubide-urraketei amaierea emongo deutsen prozedurea berme guztiakaz baliau ahal izan daian.
• Adierazoten dogu Pablo Gonzálezen atxiloketea eta espetxeratzea albiste txarra dala prentsa eta informazino askatasunarentzat, gizarte aske eta demokratiko baterako oinarrizko bermeetako bat dalako.