BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK INDARKERIA MATXISTARIK BAKO BARDINTASUNEZKO INGURUNEAK SORTZEKO GOMENDIOAK BATZEN DITUAN DEKALOGOA BULTZATU DABE

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planaren barruan, Mahaiko eta Batzar Nagusietako taldeetako beharginek eta ordezkariek osotutako Batzar Nagusietako Bardintasun Taldeak, edozein indarkeria matxistatik seguru eta libre egongo dan ingurunea sortzearen garrantzia azpimarratu dau, bai erakundearen barruan, bai horren proiekzino publikoan.

 

(Bilbon, 2025eko maiatzaren 7an) Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasunerako II. Planaren barruan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Taldeak bat egin dau gaur, plan horren jarraipena egiteko bere saioetako batean, indarkeria matxistarik bako ingurune segurua bultzatzeko ahaleginagaz, bai erakundearen barruan, bai horren proiekzino publikoan. Horretarako, bilera horretan indarkeria matxistearen adierazpenen aurreko prebentzinorako eta jarduketarako dekalogoa aurkeztu da, Batzar Nagusietako taldeei eta erakundeko beharginei zuzenduta.

Dokumentu horren helburua, Batzar Nagusietan sexu jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik bako ingurunea bultzatzeko eta indarkeria matxistearen edozein adierazpenen kontra hartu daitekezan jardunbide egokiak ezarteko gida izatea da. 2024an planaren balantzea aurkezteko balio izan dauen bileran, Bizkaiko Batzar Nagusiek gomendio batzuk atera ditue: etengabeko prestakuntza eta sentsibilizazioa; kultura politikoan erantzunkidetasuna eta berdintasuneko lidergoa sustatzea; errespetuzko eta berdintasunezko tratua; botere-posizioa onura pertsonaletarako ez erabiltzea; bileretan eta ekitaldietan giro inklusiboa eta segurua sustatzea; edo konfidentzialtasuna eta errespetua salaketa-prozesuetan.

 

AURTON AMAITUKO DA II. BARDINTASUN PLANA

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.

Lotutako artxiboak: