BATZAR NAGUSIEK 10 EGUNEKO EPEA EDEGI DABE TALDEEK BIZKAIKO BASOGINTZARAKO AZTERLAN BATZORDEAREN ONDORIOEN AURRETIAZKO DOKUMENTUARI EKARPENAK EGIN DEIOEN
- Dozena bat adituren parte hartzeagaz, Legealdiko lehenengo batzorde bereziak basoen sektorearen etorkizuneko erronkak eta aukerak landu ditu, eta lan hori erreferentzia izango da Aldundiak Basoen Foru Arau barria egin daian.
- Ondorioen zirriborroak, erespena egin aurreko dokumentuak, 17 proposamen jasoten dituan hobekuntza-moltso bat dau, eta Batzar Nagusietako taldeek, zezeilaren 13ra arte izango dabe horreek zehazteko aukerea.
(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 30ean). Igazko maiatzean sortu zan Bizkaiko Basogintzarako Azterlan Batzordea, Bizkaiko Batzar Nagusien Osokoaren aginduari jarraituz. Gaur, batzordeburuak, batzordearen azkenaurreko saioan, 10 egun balioduneko epea edegi dau (zezeilaren 13ra arte), Batzar Nagusietako taldeek, testuingurua jasoten dauen ondorioen dokumentuari ñabardurak edo aldaketak egiteko aukerea izan daien, txostenen laburpena eta batzorde horretatik hainbat hilebetetan igaro diran adituen panel batek egin dituan ekarpenak jasoten dituan atala.
Aurretiazko txosten hori osokora eroan beharko dan erespen bat egiteko oinarria da, bertan eztabaidatu daian, martiko ohiko bilkuran, seguruenez. Bertan, urrira arte 12 adituk hainbat saiotan egin dituen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak Basoen eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruzko bagilaren 2ko 3/94 Bizkaiko Foru Araua ordeztu behar dauen testu arauemoile barria egiteko jaso ahal izango dituan hainbat gomendio jasoten dira.
Batzordeburuak idatzi dauen dokumentuak dinoan lez, Basoen Foru Arauaren barrikuspena, klimeagaz eta biodibersidadeagaz erlazionautako krisia azkartzen ari dan, eta, aldi berean, gero eta ohikoagoak diran bero bolada larriakaz eta iraunkorrakaz erlazionauta dagozan basoetako suteak dagozan unean landu da. Adituen panelaren arabera, meteorologiari lotutako larrialdi lez tratau behar dira, basoei ez ezik, personen segurtasunari, azpiegiturei eta ingurumenari be eragiten deutseen kalteak saihesteko basoetan.
Hori dala eta, batzordeak arlo horretako adituen ahotsa entzuteko egin dau behar, gaur egungo baso ereduaren egoerea, Bizkaiko mendien egoerea, basoen funtzinoa eta etorkizunerako aukerak modu integralean jorratzeko. Joan dan urrira arte, batzorde berezia hainbat erakundetako ordezkariakaz eta hainbat arlotako adituakaz alkartu da, guztiak be esperientzia handikoak arlo horretan.
Aditu horreek adierazo dabenaren arabera, foru-arauak alderdi honeek jaso beharko leukez:
1 IKUSPEGI HOLISTIKOA
Arauak Bizkaiko basoen errealidadearen ikuspegi integrala jaso daiala, basoak bere funtzino guztietan kontuan hartuz eta gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegien arteko orekeari eusten saiatuz.
2 PLANGINTZEA
Epe luzerako baso-plangintzea ezartea, basoen aniztasuna, konplexutasuna eta konektibidadea lako parametroak kontuan hartuta.
3 KUDEAKETA JASANGARRIA
Baso-kudeaketa jasangarriaren helburua basoen eta baso-lurren administrazinoa eta erabilerea da, hareen biodibersidadea, produktibidadea, birsortzeko gaitasuna, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean toki, nazino eta mundu mailako funtzino ekologiko, ekonomiko eta sozial garrantzitsuak beteteko potentzialari eusteko moduan eta horretarako intentsidadeagaz.
4 EREDUEN KONBINAZINOA
Kudeaketa-eredu bakar baten alde lanik ez egitea, ereduen konbinazinoaren alde baino, baso erresilienteak eta funtzino anitzekoak lortzeko.
5 ESPEZIEEN DIBERSIFIKAZINOA
Modu berean, espezieen dibersidadeak lan ildoa izan beharko leuke etorkizuneko Foru Arauan. Espeziea bera ez da arazoa, arazoa espezie bakar baten kontzentrazinotik dator.
6 LURZORUAREN BABESA
Arauak lurzoruaren eta haren funtzinoen egoera ona eta babesa sustatu behar ditu, baita lurzoruaren erabilera jasangarria be.
7 BASO SUTEEN KONTRAKO PREBENTZINOA ETA BURRUKA
Kudeatutako paisaia estrategikoa da suteen prebentzinoari jagokonez. Horretarako, funtsezkoa da administrazino publikoek basoen kudeaketa jasangarrirako beharrezkoak diran baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak lehenestea, funtsezko tresnak diralako Bizkaiko lurraldean suteen prebentzinoan behar egiteko.
8 BELAUNALDIEN ARTEKO ERRELEBUA BERMATZEAREN BEHARRA
Bizkaiko basogintza-sektorearen erronka nagusietakoa ustiategietan belaunaldien arteko errelebua bermatzea da, dala familiako ondorengoen bidez, dala gazteak sektorean sartuz.
9 TALDEAN EGINDAKO KUDEAKETA PROFESIONALA SUSTATZEA
Kalkuluen arabera, azalera txikiak daukiezan 8.000 baso-jaube dagoz Bizkaian, eta horrek kudeaketa zaildu eta errentagarritasun ekonomikoa murrizten dau. Kudeaketa mankomunatua edo bateratua bultzatuko daben formulen bilaketan sakontzeko eta lan egiteko beharra ikusten da.
10 BASOGINTZA-SEKTOREA JARDUERA EKONOMIKO GARRANTZITSU LEZ
Basogintza-sektorea Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 1,5a da, eta zuzeneko zein zeharkako lanpostu ugari sortzen ditu (19.000 lanpostu inguru), baita jarduera ekonomiko esanguratsua be. Egurraren erabilerea sustatzea, ehungintza, kimika, energia eta eraikuntza lako sektore handietan erabilten diran petroliotik eratorritako produktuen ordezko lez.
11 LAGUNTZA-PLANA
Bizkaiko Foru Aldundiak basogintzako inbertsinoetara bideratutako laguntza-planagaz jarraitu eta hori indartu beharra.
12 IKERKETA, GARAPENA ETA BARRIKUNTZEA
Ikerketa, garapena eta barrikuntzea ezinbestekoak dira basoen osasuna, espezie alternatiboak, egurraren kalidadea edo hobekuntza genetikorako plana lako esparruetan, Bizkaian baso erresilienteakaz eta funtzino anitzekoakaz jarraitzeko.
13 ZERBITZU EKOSISTEMIKOAK
Helburua zerbitzu ekosistemikoak orekatzea izan behar da, beti be horreen degradazinoa saihestuz.
14 BIOEKONOMIA ZIRKULARRA
Basogintzako bioekonomia lurraldearen etorkizuneko garapen sozioekonomikorako eta lurraldearen oparotasunerako funtsezko zutabea izan dadila sustetea. Jatorri fosilekoak ordezteko gai izango diran lehengai organikoak lortzea.
15 FISKALIDADEA
Basoko ekoizpenera egokitutako fiskalidadearen aldeko apustua egitea, basoko jarduerea sustatzeko eta basogintzako beharginek zerbitzu ekosistemikoen horniduran daben zeregin garrantzitsua autortzeko.
16. HITZARMEN HANDIAREN BEHARRA
Nabarmendu da beharrezkoa dala hitzarmen handia egitea eragileakaz.
17 FORU ALDUNDIAREN ESKUMENAK
Basoen arloko foru-eskumenak hedatzearen komenigarritasuna, txostenetan identifikautako erronkei aurre egiteko tresna modernoez horniduteko.