DESGAITASUNEN BAT DABEN PERSONEN KOLEKTIBOEK ALDAKETAK ESKATU DITUE GARRAIO PUBLIKOAREN BALIOZTATZE BIKOTXAREN SISTEMAN
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea Bilbon alkartu da gaur, laguntzaileagaz zein 8 kilotik gorako txakurrakaz bidaiatu ahal izateko foru araudia aldatzea eskatzen daben garraio publikoko bezeroen eskaerei erantzuteko.
- Esklerosi anizkoitza eta ikusmen-desgaitasuna daben personen ordezkariek salatu dabenez, mendetasun-maila eskatzeak joan-etorrietan laguntasuna izateko eskubidetik kanpo ixten ditu.
- 17.000 sinadura baino gehiago dituan herritarren kanpaina batek Metro Bilbaok txakur handiakaz bidaiatzeko aukerea emotea eskatzen dau.
(Bilbon, 2026ko martiaren 30ean). Garraio publikoa eta desgaitasunen bat daukien personen eskubideak izan dira gaur Bilbon egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen saioaren protagonistak. Agurtzane Sotch Mendiluce eta Arantza Uliarte Ranea agertu dira lehenengo, Barik txartelaren balioztatze bikotxaren sistemeagaz erlazionautako garraioko araudi barriaren aurrean daukien ezinegona azaltzeko. Biek ala biek Batzar Nagusietako taldeen aurrean salatu dabenez, ezintasun autortua izan arren mendetasun mailarik ez daukien personak neurri horretatik kanpo geratu dira, eta horrek atzerapena dakar mobiduteko daben eskubidean.
Lehenengo eta behin, esklerosi anizkoitza daukan eta gurpil-aulkian dabilen Agurtzane Sotch Mendilucek azaldu dauenez, gaur egungo mendekotasunaren erespidea etxe barruko autonomia baloratzera mugatzen da, kanpoko hesi fisikoak ahaztuta. Zehaztu dauenez, nasaren eta trenaren edo tranbiaren artean dagoan altuera aldeak eta distantziak modu autonomoan sartzea eragozten deutso, eta beharginen edo beste persona batzuen laguntzaren mende egotera behartzen dau. “Ganerako herritarren eskubide berberak izatea eta geure egoerea kontuan hartzea gura dogu; lurraldetik mobiduteko laguntzea behar dogu”, aldarrikatu dau.
Arantza Uliarte Raneak, Retina Bizkaiaren izenean, zaintzako beharginakaz deserosoak diran egoerak saihesteko balioztatze bikotxaren sistemea “soluzino ezin hobea” dala esan dau, baina sartzeko erespidea baztertzailea dala kritikau dau. Uliarte Raneak adierazo dauenez, legezko itsutasuna daben persona askok ez dabe mendekotasun-mailea lortzen, eta praktikan eskubide horretatik kanpo geratzen dira. Horrez gain, hiru lurralde historikoetan eskubideak homogeneizetako eskatu dau, lurralde arteko zerbitzuetan desbardintasunak saihesteko, Lurraldebusegaz alderatuta, adibidez.
Bertaratutakoek adierazo dabenez, garraio-enpresen artean ez dago erispide bateraturik. Bilbobusen, burpil-aulkian doazan personen laguntzailea doan sartu daiteken artean, Metro Bilbaon eta tranbian ez da halangorik onartzen balioztatze bikotxeko txartel barria aurkezten ez bada. Hori dala eta, bezeroaren arretarako beharginei informazino egokia emoteko eskatu dabe, operadore guztiek araudi eta erispide berberak izan daiezan.
Konponbide lez, desgaitasunari buruzko beren beregiko kodeen bitartez Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Aldundiagaz datuak gurutzetea proponiduten dabe, edo ONCEren mediku txostenak eta ziurtagiriak entregetako aukerea emotea, laguntzaile txartela modu pertsonalizauan izapidetzeko.
8 KILOTIK GORAKO TXAKURRAK METROAN
Beste alde batetik, David Fernández Rodríguez Iñaki Valentín Pérezegaz eta Pablo Muñoz Gabilondogaz batera etorri da, Metro Bilbaoko 1. eta 2. lineetan 8 kilotik gorako txakurrak sartu ahal izatea eskatzeko. Metroaren araudia beste garraiobide batzuekaz bateratzeko 17.000 sinadura baino gehiagok babestutako ekimen baten buru dan Fernández Rodríguezek egungo egoerea “anomaloa” eta “ulertuezina” dala esan dau, animalia horreek daborduko 3. linean (Euskotrenek kudeetan dau), Renfe Aldirietan, tranbian edo Artxandako funikularrean bidaiatu leikielako.
Plataformaren esanetan, murrizketa horrek Bilbon txakurrakaz bizi diran hiru familiatik bat ingururi eragiten deutso, eta horrek mobikortasuna zailtzen dau. Ganera, jasangarritasun helburuen kontrakoa da, garraio pribaduaren erabilerea sustatzen dauelako. Bere azalpenean, Fernández Rodríguezek azpimarratu dau metroak berak egindako inkesta batean ikusten dala erabiltzaileen % 73a ez dagoala neurriaren kontra. Horrez gain, adierazo dauenez, Madril, Bartzelona edo Lisboa moduko uri handiek neurri guztietako txakurrak sartzeko aukerea emoten dabe, “eta ez da ezelango gorabeherarik izan”, eta, gainera, araua onartu ostean bidaiari kopuruak be gora egin dau.
Plataformak gogorarazo dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2020ko bagilaren 12an aho batez onetsi eben erdibideko zuzenketa-eskearen bidez, ahalik eta arinen araudiaren aldaketea aztertzeko eta txakurrakaz sartzea ahalbidetzeko eskatu jakon Metro Bilbaori, eta gogora ekarri dau, baita be, Bilboko Udalak antzeko eskaria onartu ebala 2016an. Proposamenaren helburua bizikidetzea bermatzea da, ugal motza eta musturrekoa erabiliz, Europako uriburu gehienen ereduari jarraituz.
Azkenik, plataformak immobilismoa alde batera ixteko eta araudia 3. lineagaz harmonizetako eskatu deutse talde politikoei, uri-ingurunean gatazkarik bako bizikidetzea erakusten dau-eta. Bozeroaleek azpimarratu dabenez, Europako uriburu gehienek mobikortasun jasangarria errazten dabe, eta, hori dala eta, Metroagaz izandako bileretan jasotako “berba onak” herritarren beharrei eta turisten eskaerei erantzungo deutsen berehalako ebazpen formal bihurtzeko eskatu dabe.