BIZKAIKO EMAKUME HAUTETSIEN VI. BATZARRAK EMAKUMEEN KULTUR ARLOKO TALENTUA OMENDUKO DAU
- Gaur, Martiaren 8a dala eta, Gernikako Batzar Etxean egin dan ezohiko batzarrak hainbat kultur modalitatetan (arte eszenikoak, arte plastikoak, musikea, literaturea edo bertsolaritzea) indar handiz nabarmendu diran Gurutze Beitia Basterretxea, Josune Urrutia Asua, Afrika Bibang, Edurne Portela Camino eta Nerea Ibarzabal Salegi bizkaitarren lana goraipatu dau.
- Saioa hasteko, minutu bateko isilunea egin da Ukrainako gerraren kontra eta biktima guztiei, batez be gatazka beliko horren biktima diran emakumeei, alkartasuna adierazoteko.
(Gernikan, 2022ko martiaren 4ean). Gernikako Batzar Etxea genero-bardintasuna sinbolizetan dauen kolore lilagaz tindatu da gaur Bizkaiko Emakume Hautetsien VI. Batzarra egiteko, kulturaren munduagaz zerikusia daukien Bizkaiko bost emakumeri omenaldia eskeintzeko. Gurutze Beitia Basterretxea aktoreak, Josune Urrutia Asua ilustratzaile eta marrazkilariak, Afrika Bibang abeslariak, Edurne Portela Camino nobelagileak eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak lurraldeko politikarien eta hautetsien autortza jaso dabe, Bizkaiko emakume guztien ordezkari moduan, bakotxak bere arte-eremutik egindako lanarengaitik eta sormen-ibilbideagaitik: arte eszenikoak, arte plastikoak, musikea, literaturea edo bertsolaritzea.
Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, EUDELegaz (Euskadiko Udalen Elkartea) alkarlanean, antolatutako Batzar hori Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Mahaiko kideak eta bost omenduak hemizikloan sartu dira, haretx ostroak eta marra moreak inprimiduta daukiezan eta askatasuna eta bardintasuna sinbolizetan daben oroimenezko zapiek alkartuta. Barruan zirala, Beti Jai Alai taldeko lau dantzarik, antxinako jantzi eta burukoakaz jantzita, ekitaldiari hasierea emoteko, “Desafioa” aurreskua dantzau dabe, aurreko mendeetan Bizkaiko Batzar Nagusien saioen hasierea marketan eban “adarraren” soinu tradizionala entzun aurretik. Saioa hasteko, minutu bateko isilunea egin da Ukrainako gerraren kontra eta biktima guztiei, batez be gatazka beliko horren biktima diran emakumeei, alkartasuna adierazoteko.
Oraindino edukiera txikiagaz (80 persona inguru), Batzar Nagusietako lehendakaria, oraingoan emakumeek bakarrik beteten ebezan hemizikloko jarlekuetara joan da, Emakumeen Nazinoarteko Egunetik gertu dagoan urteroko topaketa honetara ondoetorria emoteko. Aurton, “emakumeak politikan eta bizitzako ganerako esparruetan daukan presentzia ikusarazoteko balio izan dau, kulturaren munduan batez be”, laburbildu dau Ana Otaduik. Emakumeek kulturan izan daben eragina “etenbakoa izan da historian zehar, baina ikusezin izaten jarraitzen dogu. Horregaitik, edizino honetan, historian zehar gure kultur ondarearen parte izan diran euskal emakume guztien talentua eta ospea aldarrikatu gura doguz”. Aurrerapausu “nabarmenak” emon diran arren, Otaduiren eretxiz “oraindino asko falta da kristalezko sabai hori apurtzeko, eta oraindino be oztopoak eta gaiztasunak aurkitzen jarraitzen dogu gure proiektuen eta helburuen gailurrera heltzeko”.
Ostean, Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilitate politiko guztiak ordeztuz (Ane Legarretaetxebarria Aurtenetxe, EAJ-PNV; Itziar Biguri Ugarte, EH Bildu; María José Blanco Gavieiro, PSE; Soraya Pereira Freire, Elkarrekin Podemos; eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, PP), EUDELek egindako eta euskal udal guztien babesa daukan Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe. Aurton, Adierazpena Eusko Legebiltzarrean onartutako Berdintasun Lege barriaren barruan dago, eta holan, “emakumeak ahalduntzeko politikak indartzeko tresna estrategikoa izango da”, Otaduik gogorarazo dauenez, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana aho batez onartu izanagaz bat datorrela nabarmendu dau (ikusi EUDELen Adierazpena osorik, erantsitako dokumentuan).
BERBALDIAK ETA “GERNIKAKO ARBOLA”
Igaz Covid-19aren aurrean egindako funtsezko lanengaitik omendu ebezan hogei emakumeen lekukoa aurton hartu daben bost emakumeen esker oneko berbak entzun ostean, “Gernikako Arbola” abestiaren akordeak entzun dira barriro osoko batzarren aretoan. Iparragirreren abestiaren interpretazinoa Silvia Gutierrez Ortega Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko irakasle eta kontzertistak egin dau aurton be, Batzar Etxean bertan ikusgai dagoan Urretxuko bardoaren gitarra historikoa joz.
Emakumeen VI. Batzarrari amaierea emoteko, omenduek argazkia atera dabe Gernikako Arbolaren ondoan, zinegotziakaz, euskal batzarkideakaz, legebiltzarkideakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Horreen artean honeek egon dira: Itxaso Atutxa Atutxa (EAJ/PNV), Idurre Bideguren Gabantxo (EH Bildu), María Guijarro Ceballos (PSE-EE), Isabel González Rodríguez (Elkarrekin), eta Amaia Aguirre Muñoa (Getxo), Ima Garrastatxu Urbaneja (Durango), Maite Ibarra Goiti (Arrigorriaga), Ainhoa Basabe Meléndez (Sestao) e Irati Gondra Martínez (Mundaka) alkateak.
Gernikako ekitaldian izan dira, baita be, Izaskun Landaida Larizgoitia Emakundeko zuzendaria, Angela Eguia Liñero EUDELeko Batzorde Eragileko ordezkari eta Gordexolako alkatea, eta Foru Gobernuko ordezkaritza zabala, Lorea Bilbao Ibarra, Ainara Basurko Urkiri eta Teresa Laespada Martínez diputatuak bertan zirala. Hitzorduan egon gura izan dabe, baita be, Batzar Nagusietako euren taldeen bozeroale diran Bea Ilardia Olanguak (EH Bildu) edo Eneritz de Madariaga Martínek (Elkarrekin Bizkaia), edo gaur Batzar Nagusietako Mahaian jarri diranek, Begoña Gil Llanosek (PSE-EE), Arantza Urkaregi Etxeparek (EH Bildu) eta Esther Martínez Fernándezek (PP).