BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKO BILEREAK ENERGIA-KRISIAREN ONDORIOAK ARINTZEKO HAINBAT NEURRI FISKAL ONARTU DITU

  • Bizkaiko parlamentuak zergen ordainketan, PFEZren ordainketa zatikatuaren salbuespenean, eta mikroenpresen eta behargin autonomoentzako gastuak konpentsetako forfait-a handitzean berme eta interes bako geroratzea onartu dau, batez be errepideko, nekazaritzako eta abeltzaintzako merkantzien garraioaren sektoreetarako.
  • 2016an kendu zan familia ugarientzako OHZko hobaria berreskuratzeko prest agertu dira talde guztiak.
  • Osoko batzarrak Batzar Nagusietako talde guztiek, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak izan ezik, desbardintasunaren aldeko eta indarkeria matxista desagertuarazoteko politikak indartu daitezan sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau.

(Gernikan, 2022ko maiatzaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusien osoko batzarrak energia-krisiaren ondoriozko preminazko hainbat zerga-neurri onartu ditu gaur, Gernikan egindako ohiko osoko batzarrean. Bizkaiko parlamentuak aldeko 36 botogaz eta 13 abstentzinogaz berretsi dauen apirilaren 5eko 2/2022 Foru Dekretu Arauemoilearen bidez gaur egungo energia-krisiaren ondorioak “arindu” gura ditu Aldundiak, hainbat zerga-neurriren bitartez.

Holan, irakurketa bakarraren bidez onartutako preminazko dekretuak aurkezteko eta ordaintzeko epea 2022ko apirilaren 1etik garagarrilaren 31ra bitartekoa daben zerga-zorren salbuespenezko atzerapena ezarri dau. Neurri horrek jarduera ekonomikoak dituen persona fisikoetan, mikroenpresetan eta enpresa txikietan eta kooperatiba batzuetan izango dau eragina. Artikulu honetan aitatzen diran zor geroratuen ordainketea hiru hilebetez etengo da.

Modu berean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak Persona fisikoen errentaren ganeko zergan etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate erraztua erabiliz kalkuletako arau bereziak ezarriko ditu. Ehuneko orokorra % 10etik % 15era igongo da, eta % 70eraino nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta merkantzien errepideko garraiorako.

Dekretuak ezarten dauenez, beste artikulu batzuetan, alde batetik, jarduera ekonomikoak egiten dituen zergadunek ez ditue PFEZaren 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoei jagokezan ordainketa zatikatuak autolikidau eta Bizkaiko Foru Ogasunean sartu beharko. Eta mikroenpresek euren zerga-oinarri positiboaren % 15 –5 puntu gehiago– gastu kengarri lez hartu ahal izango dabe, zerga-konpentsazino lez.

Neurri horreei jagokenez, talde batzuk salatu dabe Aldundia “eskas” geratzen dala, momentuaren larritasuna kontuan izanda. Horixe da, hain zuzen be, Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen kasua; izan be, neurri “sendoagoak” eskatu ditu, arazoak oso handiak dirala kontuan hartuta. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak azaldu dauenez, “neurriak ez dagoz herritarrak jasaten ari diran ondorioen mailan” eta neurriak “herritar batzuentzat bakarrik ari dirala hartzen” salatu dau. EH Bilduren eretxiz, onartutako neurriak “beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoak”. “Epe laburrera begiratzen daben neurriak dira, baina krisi honek egiturazko arazoei aurre egingo deutsen sakoneko neurriak” behar ditu, Arantza Urkaregik adierazo dauenez. Urkaregik dekretua foru arau moduan izapidetzea planteau dau, zerga arloko hobekuntzak sartzeko, baina osoko batzarrak baztertu egin dau hori beste bozketa batean egitea.

Beste puntan egon dira Foru Gobernua babesten daben taldeak. José Alberto Álvarez Castrejón Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak onartu dauenez, beti “egin daiteke gehiago”, baina proponidutako neurriak “laguntza-dosi txikiak dirala” esan dau, eta zergadun autonomoei eta ETEei estutasun ekonomikoren batetik “urtetan” laguntzen deutsela. Ildo horretan, Oscar Arana jeltzaleak “une bakotxerako” neurriak dirala nabarmendu dau, “krisi ekonomikoaren bilakaeraren araberakoak”.

% 90ERA ARTEKO HOBARIAK O.H.Z.-N FAMILIA UGARIENTZAT

Osoko Batzarrak atzera bota dau familia ugariei OHZ ordaintzeko orduan emoten jakezan hobariak berreskuratzeko Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztu dauen Arau-proposamena. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko maiatzaren 18ko 4/2016 Foru Araua onartu ostean hobariak kendu egin ziran, baina Araban eta Gipuzkoan indarrean jarraitzen dabe. Ekimen horren bidez, Foru Gobernua eusten daben taldeek “justifikazino barik emoten daben tratu txarra” zuzendu gura da, Bizkaian dagozan “15.165” familia ugariei % 90era arteko hobaria emonez.

+

Ekimenak ez dau aurrera egin, kontrako 32 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 10 (EH Bildu eta Talde Berezia-PP) eta 6 abstentzino (Elkarrekin Bizkaia) izan ditualako. Eztabaidak orain dala sei urte entzundako errazoiak errepikatu ditu. Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu hobarien alde agertu dira, baina familiaren errentea eta familia mota desbardinak kontuan hartuta. Ez datoz bat aplikazino “orokorra” izateagaz.

Popularren ekimenaren kontra egon arren, Foru Gobernua babesten daben taldeek bide “laburragoa” proponidu dabe hobari hori berreskuratzeko. Juan Otermin bozeroale sozialistak eta Unai Lerma jeltzaleak iragarri dabenez, zerga-neurri barriak onartu ostean Aldundiak aukerea edegi eban atzo. Bertan, gaur eguneko foru-arauaren 10. artikuluaren aldaketea jasoten da, popularrek proponidutako ehunekora helduko litzateken hobariagaz, baina epeak laburtuz, udalek ekitaldia amaitu aurretik prest izan daien. “Urrirako seguru helduko garala” esan dau Lermak, Batzar Nagusietan adostutako eta onartutako tresna hori udalek erabilgarri izatearen gainean oposizinoko taldeek zalantzak erakutsi dituen arren.

ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK: KLAUSULA SOZIALAK, GITXIENEKO KARGEA SOZIEDAEEN ZERGAN, ETA KRISIAREN ETA KLIMA-ALDAKETAREN KONTRAKO NEURRIAK

Ostean, beste horrenbeste itaunetik eratorritako oposizinoaren lau mozino eztabaidatu dira. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue.

Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak, EH Bilduren babesagaz, boluntariotza irabazi-asmoagaz erabilten daben erakundeakaz Aldundiak dituan kontratuak “apurtzea”, Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategia propioa garatzea eta klausula sozialen eta ingurumenekoen eredua lankidetza-hitzarmenetara eta diru-laguntzetara egokitzea proponidu dau.

Foru Gobernua babesten daben taldeek errepikau dabenez, Aldundia “daborduko gauzatzen ari da” planteetan ari dana. Klausula sozialak beteten dirala kontroletako mekanismoak ditu, lehiaketa bakotxeko klausula administratiboen pleguetan laburbilduta. Mekanismo horreek laneko eskubideak edo beharginen ordainsariak hitzarmenaren arabera beteten behartzen ditue kontratuen esleipendunak. Juan Otermin sozialisten bozeroaleak gogorarazo dauenez, jeltzaleen eta sozialisten ezezkoa Aldundiak klausula horreen jarraipen “bikotxa” ezarten dauela da, foru departamentu bakotxak eta Kontratazino Zerbitzuak, hain zuzen be.

Modu berean, Bizkaiko parlamentuak atzera bota dau Aldundiari Soziedadeen ganeko Zergan ordaindu beharreko gitxieneko tasea barrikustea eskatzen eutsan EH Bilduren mozinoa, erreferentzia lez kontabilidade-emaitzea hartuta, eta ez zerga-oinarria, une honetan Bizkaian egiten dan moduan. Arantza Urkaregik lurraldean finkatuta dagozan enpresen hainbat adibide jarri ditu (Petronor, Kutxabank eta CIE Automotive), ELGAk zerga horretarako gomendatzen dauena –% 15a– baino “askoz gitxiago” ordaintzen dabelako. EH Bilduko batzarkideak zerga horretan dagoan kenkari “piloaren” analisia be planteau dau, zerga gitxiago ordaintzeko atea dalako.

Elkarrekin Bizkaia planteamentu horren alde agertu da, eta enpresa handien kasuan ordaindu beharreko gitxieneko orokorra zerga-oinarriaren % 21ekoa eta ETE eta autonomoentzat % 18koa izatea eskatu dau. Halanda be, Batzar Nagusietako ganerako taldeek (Talde Berezia-PP Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) atzera bota dabe. Popularren eretxiz, EH Bilduren planteamentua “totum revolútum”-a da, eta bere helburua zergak “igotea” eta kenkari fiskalak “gitxiestea” da. Kenkari horreek “euren egitekoa beteten dabe, eta ez dau emoten egokia danik kentzea”, Ainhoa Pieló jeltzaleak esan dauenez; izan be, batzuek Batzar Nagusiek onartu ditue, ekonomiak “aurrera egiten eta hazten jarraitu daian”, eta lurraldeko ekonomiaren funtsezko beste alderdi batzuk bultzatzeko, horreen artean ingurumena, kalidadeko enpleoa edo zidarrezko ekonomia.

Aldundia eusten daben taldeek, EH Bildugaz eta Elkarrekin Bizkaiagaz batera, bertan behera itxi dabe Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Bizkaiko produkzino-sarea babestuko dauen “plana” egiteko mozinoa. Plan horrek gastu publikoa arrazionalizetako neurriak, traba administratiboen murrizketea, zergen jaitsiera “selektiboa eta berehalakoa”, Europako funtsen birdiseinua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko epe ertainera egin beharreko egiturazko erreformak jasoko leukez.

 

Victor Trimiño sozialistaren eretxiz, Esther Martinez popularrak defendidu dauen planteamentuak “huts egiten dau” diagnostikoan, “beharrezkoa dalako egiturazkoa eta koiunturala danaren artean bereiztea”. EH Bilduk egin dauen moduan, horrek be “zehaztasun gehiago” eskatu dau planteautako neurrietan, eta Elkarrekin Bizkaiagaz eta jeltzaleakaz batera, “Ayuso ereduaren” kontra agertu da. Batzar Nagusien gehiengoak fiskalitate zuzena eta orekatua eregitearen aldeko apustua egin dau, aberastasuna banatzeko bide lez.

Modu berean, EH Bilduk apirilaren 27an egindako kontrol saiotik eratorritako mozinoa aurkeztu dau, Aldundiari “Ekonomia hipokarbonikorako trantsizinoa egiteko politika publikoak diseinetea eskatzeko: besteak beste daukaguzan dependentzia energetiko eta hidrikoak zelan bajatu, zelan jaitsi gure elikadura mendekotasuna, zelan sustatu mobikortasun jasangarria eta gitxiago mobidu beharra, eta lurraldea eta personak berakopletako politika publikoen sustapena zelan emon zehazteko”. Elkarrekin Bizkaiaren babesa ez da nahikoa izan ekimena aurrera aterateko, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabelako onartu. Raul Mendezen eretxiz, adostasunerako bideak edegiteko ekimen “zabal eta orokorrak” Gobernu Arteko Adituen Taldeak (IPCC) Klimaren Aldaketari buruz proponiduten dituan neurriak Bizkaira ekarri gura ebazan.

INDARKERIA MATXISTAREN KONTRAKO AKORDIOA

Osoko batzarra Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen baten eztabaideagaz amaitu da. Proposamen horren bidez, lurraldeko udalerrietan emakumeek jasandako “Indarkeria Matxistei buruzko Azterlanak” egitea eskatzen jakon Aldundiari. Azkenik, talde horrek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeakaz batera, erdibideko zuzenketa-eske bat sinatu dau. Zuzenketa-eske horrek “Indarkeria Matxistaren Behatokiaren garapenean eta aurrerapenean lanean jarraitzera” bultzatzen dau Aldundia, “aurrera eroaten dituan politikak sendotzeko eta indartzeko, desbardintasunaren kontrako eta indarkeria matxista desagerrarazoteko burrukan tresna eraginkorra izateko helburuz”. Elkarrekin Bizkaiako Eva Cabornerok laburbildu dauenez, arlo horretan egiten ari diran lana eta informazinoa “eguneratzeko” beharretik sortu da akordioa.

Bizkaiko parlamentuko batzarkide guztiek onartutako zuzenketa-eske horren bidez, Behatokiak egindako argitalpenak, txostenak eta analisiak “ikusarazoteko eta zabaltzeko” eskatzen deutso osoko batzarrak Aldundiari. Ganera, orain dala urte bi adostutakoaren ildotik lan egiten jarraitzeko be eskatu deutso Aldundiari Bizkaiko parlamentuak, Aldundiaren, Bizkaiko udalerrien eta arlo horretan eskumenak dituen udalez gaindiko erakundeen arteko koordinazinoa bermatzeko, bai eta biktimei eta indarkeria matxistaren ingurunean bizi diran erasotzaileei buruzko azterketa-profilak zabaltzen eta eguneratzen jarraitzeko be.