BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK URILURREN BALIOAREN GEHIKUNTZAREN GANEKO ZERGAREN GEHIENEKO KARGA-TASEA HOMOGENEIZETAKO BIDEA ZABALDU DABE
- Batzordean, hiru lurraldeetan udal-gainbalioaren ganeko zergea % 30eko mugeagaz bateratzen dauen EH Bilduren foru-arau proposamena onartu da
- José María Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatua Ogasun eta Finantza Batzordera etorri da, 7 zerga-figura propioen zerga arloko aldaketa teknikoei eta egokitzapenei buruzko informazinoa emoteko
- Ogasun eta Finantzetako Batzordeak “Google eta Tobin tasak” jasoten dituen foru-arauen proiektuak onartu ditu.
- Bizkaiko parlamentuak ez dau onartu inflazinoaren ondorioz PFEZa deflatetako eskatzen eban Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen arauz besteko proposamena
(Bilbon, 2022ko bagilaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, EH Bilduk proponiduta, Urilurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergari buruzko bagilaren 30eko 8/1989 Foru Arauaren aldaketea onartu dabe gaur batzordean. Zehatzago, koalizino abertzaleak 5. artikuluko 1. puntua aldatzea proponidu dau, % 30etik gorakoa izango ez dan karga-tasea ezarteko, eta, holan, zerga hori Arabagaz eta Gipuzkoagaz bateratzeko. Izan be, lurralde bi horreetan udalerriek daborduko apliketan dabe muga hori.
Araua aldaketearen beharra Konstituzino Auzitegiak Toki Ogasunei buruzko Legearen zenbait artikulu baliobakotzat jo ebazanean sortu zan. Horrek arauzko hutsunea itxi eban zerga horren zerga-oinarria zehazterakoan. Aldaketa horrek foru-araudian eraginik ez eban arren, Batzar Nagusiek, Aldundiak proponiduta, orain dala gitxi berretsi eben hori epaira egokitzea ezarten eban azaroaren 16ko 7/2021 Foru Dekretu Arauemoilea. EH Bilduren ustez, aldaketa horrek ez dau bermatzen Bizkaiko Udalek etorkizunean une honetan jasoten dituenen antzeko baliabideak jasoko dituenik.
Koalizino abertzalearen proposamena Batzar Nagusietako talde guztiek babestu dabe, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak izan ezik; izan be, talde horrek proposamena kritikau dau, “aukerea zergak igoteko aprobetxetan dalako”, “gainbalioaren ganeko zergea ezabatu” behar danean, Eduardo Andrade bozeroaleak argudiatu dauenez.
Artikulu bakarraren eta haren xedapenen bozketaren txandan, arau-proiektuaren zioen azalpena baino ez da baztertu; izan be, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek eragozpenak ikusi ditue “paragrafo batzuen” idazketan. Ohartarazo dabenez, arau-aldaketeari buruzko behin betiko euren argudiaketea erespena onartu behar dan osoko batzarrean ikusiko da.
ZERGA ALDAKETA SORTA
Beste alde batetik, José María Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin dau, berak eskatuta, foru-arauaren aurreproiektua azaltzeko. Horren bidez, beste zerga-aldaketa batzuk sartzen dira, horreen artean “zuzenketa teknikoak edo zerga-egokitzapenak”, helburu honeekaz: “iruzurraren kontrako burrukea hobetzea”, Bizkaiko fiskalitatea beste lurralde historiko bietakoagaz “bateratzea” eta Bizkaiko araudia errealidade juridiko eta ekonomiko barrietara “egokitzea". Aldundiaren ekimenak 12 artikulu ditu, eta horreetatik 7 zerga-figura propioei buruzkoak dira.
Aldaketen artean, foru-arduradunak honeek nabarmendu ditu: zordunen zerrendaren mugea 600.000 eurora aldatu dala, Estatuan gertatzen dan moduan (orain milioi bat eurokoa da); kriptotxanponak dituen zergadunen mobimenduen eta saldoen barri emoteko betebeharra; zerga-kenkariak ezartea ingurumena hobetzeko inbertsinoak edo ikerketa edo barrikuntza teknologikoko jarduerak egiten diranean; edo garraio kolektiboko zerbitzu publikoagaitik gauzazko lan errentatzat ez hartzea, 1.500 euroko mugeagaz.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldearentzat, “totum revolutum” bat da, eta hori ez da herritarrak une honetan behar dauena. Eduardo Andrade bozeroaleak erreforma fiskala eskatu dau, zergak kentzeko edo bajetako.
Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk jasangarritasunari edo enpleoa sortzeari eta ekonomia hobetzeari lotutako soziedadeen ganeko zergako kenkarietan jarri dabe arretea. Eneritz de Madariagak eta Arantza Urkaregik, aplikautako hobariak lurraldearentzat positiboak dirala erakusten daben datu eta txosten teknikoak eskatu ditue.
“TOBIN ETA GOOGLE” TASAK
Modu berean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutse gaur Estaduak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan hartutako akordioan oinarrituta Estaduak euskal ogasunen esku itxi ebazan tributuak jasoten dituen foru-arau proiektu biri. Zenbait Zerbitzu Digitalen ganeko Zergea edo “Google tasea” eta Finantza-transakzinoen ganeko zergea edo “Tobin tasea” dira, eta Estaduak unean-unean ezarritako arauen arabera arautzen dira.
Akzinoen eskurapenak zergapetzen dituan Finantza-transakzioen ganeko zergea ez da aplikauko Espainiako soziedadeen akzinoen erosketa guztietan; ostera, merkadu arautu batean negozietako onartutako akzinoak dituen soziedadeen akzinoetara mugatzen da, transakzinoa negoziazino-zentro batean egiten dan ala ez kontuan hartu barik, eta, ganera, 1.000 milioi eurotik gorako burtsa-kapitalizazinoko balioa daben soziedadeen akzinoetara mugatzen da. Zerga-tasea ehuneko 0,2koa izango da.
Beste alde batetik, Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zergea (Google tasea izenez ezagutzen dana) barru hartzen dauen arau-proiektuak Bizkaiko Ogasunari zergak ordaintzera behartzen ditu zergadunak, zerga-egoitza edozein lekutan egonda be, zergari lotuta Bizkaiko Lurralde Historikoan egindako zerbitzu digitalen prestazinoen bolumenaren proportzinoan, beti be erabiltzaileak leku horretan badagoz. Zerga horren tasea % 3koa izango da, eta maila globalean gitxienez 750 milioi euro fakturetan dituen, eta datuen transmisinoa, publizidadea edo sare sozialak moduko zerbitzuak emonez gure lurraldean gitxienez 3 milioi euro lortu dituen enpresei aplikauko jake.
Arau-proiektu biek parlamentuko tramitea igaro dabe batzordean, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeen aldeko botoakaz, EH Bilduren abstentzinoagaz, eta Talde Berezia-PP Bizkaia Taldearen ezezko boto bakarragaz. Orain, zerga biek 2021eko urtarrilaren 16tik aurrera ondorioak izan daiezan, erespenak hurrengo osoko batzar batek berretsi beharko ditu.
EZEZKOA PFEZa DEFLATETEARI
Azkenengo puntuan, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak baztertu egin dau PFEZaren tarifak “2021ean Bizkaian izandako KPIaren igoeraren ehuneko berean” deflatetako Talde Berezia-PP Bizkaia Taldearen arauz besteko proposamena. Eduardo Andrade batzordekideak neurri horren alde egin dau, “familien erosteko ahalmena murrizten dauen prezioen gorakadan, eta ez ekonomiaren hazkunde errealean oinarrituta dagoan figura horren zerga-bilketearen igoerea” saihesteko. Batzar Nagusietako beste lau taldeak (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia) ekimenaren kontra agertu dira.