BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KONTRASTE-LANA BIZKORTU DABE, II. BERDINTASUN PLANA AMAITZEKO

  • Batzar Nagusietako taldeetako eta plantillako ordezkariek bilerea egin dabe gaur Bilbon, Legebatzarrak datozan urteetan bardintasunaren arloan izango dauen jarduera-ildoa zehaztuko dauen dokumentuaren lehenengo zirriborroa testetako

(Bilbon, 2020ko abenduaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek II. Berdintasun Plana prestatzeko lanean jarraitzen dabe. Gaur, Batzar Nagusietako taldeen eta beharginen ordezkariek bilerea egin dabe Bilboko egoitzan, bardintasunagaz erlazionautako ekintza barriak, barrukoak zein kanpokoak, bultzatu gura dituan ibilbide-orriaren lehenengo zirriborroan sakontzeko.

Aurtengo bagilean bigarren plan hori martxan jarri zanetik, barne-bilera askok lau urtez (2017-2020) indarrean egon dan Legebatzarreko lehenengo bardintasun-plana izan zana hobetzeko eta aberasteko balio izan dabe. Plan horri esker, 40 ekintza gauzatu ziran guztira, eta erakundeko behargin finkoen edo aldi baterako beharginen % 70ek hartu eban parte. Ekintza horreetan 1.230 personak hartu eben parte (890 emakumek eta 340 gizonek).

Lan horri jarraipena emon behar deutson planaren zirriborroak berrogeta hamar ekintza baino gehiago jasoten ditu, hiru jarduera-eremutan eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Orain, Parlamentuko Bardintasun Taldea osatzen dabenek onartu beharko ditue, eta, ostean, Bizkaiko Legebatzarra osatzen daben ganerako personek euren gain hartu. Talde hori arduratuko da haren sustapena, jarraipena eta ebaluazinoa zaintzeaz.

Plan barria, administrazino publikoek euren personen bardintasuna bultzatzeko beren-beregizko politikak txertatu behar dituela sinistearen ondorioa da. Batzar Nagusien kasuan, talde politikoek eta beharginek alkarregaz behar egiten dabe helburu horregaz, baita ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzat bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko be.

2017an, Nafarroaren atzetik, Bizkaiko Parlamentua izan zan bardintasun-plan bat onartu eban bigarrena, eta, ordutik, lan handia ari da egiten barne-mailan, bardintasun-politikak sustatzeko eta bultzatzeko.