BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK II. BARDINTASUN PLANAREN BETEARAZPENEAN SAKONDU DABE
- 2022tik 2025era bitarteko planak berrogeta hamar ekintza baino gehiago aurreikusten ditu urtero, eta gaur Bardintasunerako Lantaldea bildu da plan horri datak ipinten jarraitzeko.
- Hurrengo helburuen artean, Batzar Nagusien hurrengo aurrekontuetan genero-ikuspegia txertatzea dago.
(Bilbon, 2022ko bagilaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasunerako Lantaldea gaur bildu da Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak 2022-2025 aldirako aurreikusten dituan urteko berrogeta hamar ekintza baino gehiago ebaluetan eta gauzatzen jarraitzeko. Plan hori aho batez onartu zan aurtengo urtarrilean. Jarduketa-ildoen artean, Batzar Nagusien hurrengo aurrekontuak genero-ikuspegiagaz egitea jarri da mahai gainean. Kontu horreek urteko azkenengo hiruhilekoan izapidetu beharko dira.
II. Bardintasun Plana 2021eko bagilean hasi zan egiten, eta, aurreko barne-eztabaidearen ostean, 57 hobekuntza-ekintza sartu dira bertan, hiru jarduketa-eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Eragin Soziala), bai eta zortzi ildo estrategiko be. Horreek guztiak Batzar Nagusiak osatzen dituen personek hartu dabe euren gain. Holan, bada, lehenengo helburua da aurreko planak —2017-2020 laurtekoan gauzatuak— izan eban parte-hartzea handitzea; izan be, 40 ekintzaren bidez, Batzar Nagusietako langileen eta bertako taldeetako kideen % 70ek parte hartzea lortu zan.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana erronka handia izan da bertan parte hartu dabenentzat; izan be, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarrena izan zan bere garaian, Nafarroaren atzetik, Bardintasun Plana eukiten, eta lehenengoa Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen artean. Herri-administrazinoek euren personen (kasu honetan, langileak eta Batzar Nagusietako taldeak) bardintasuna bultzatuko daben politika espezifikoak sartzeko arau-errekerimenduari erantzuten deutso proiektu horrek, eta holan ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasun-politiken erreferente bihurtu da.
Aurreikusita dago Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planaren betearazpena 2025eko abenduan amaituko dala, eta planak hainbat estrategia ditu bardintasunaren arloan jardunbide egokiak aurrera eroaten jarraitzeko. Jardunbide egokiok lehendik be hasita dagoz erakundearen barruan, eta I. Planagaz hartutako konpromisoaren ondorio dira. Beste ekintza batzuk be aurreikusten ditu, lehenengo planaren ebaluazinoan identifikau eta oraindino egin barik dagozan erronkak lortzeko. Oraindino gauzatu ez diran erronka horreen artean, garrantzitsutzat jo da fase barri honetan Batzar Nagusietako talde politiko guztiek modu aktiboan parte hartzea, plan barri honetarako ekintzak identifiketako eta ordezkari politikoen politika-lanean bardintasunaren ikuspegia gehiago txertatzeko, era horretan jardun ahal izango dalako genero-arrakalarik badago.
Bardintasun Plan hau apliketearen ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiek pauso garrantzitsuak emon ditue gizartean emakumeen eta gizonen bardintasuna sustatzeko. Halan, martiaren 8agaz bat eginez, Emakume Hautetsien Batzarraren hainbat edizino antolatu dira. 2017tik gure emakume ordezkari politikoak batzen dituan urteroko hitzordu horregaz batera, Bizkaiko Parlamentuan hainbat erakusketa, topaketa, berbaldi edo jardunaldi antolatu dira, emakumeen eta gizonen arteko aukera bardintasunaren kulturea zabaltzeko, eta erakundeko kideen eta beharginen kontziliazinoa bultzatzeko.