BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK IBILGAILU ASTUNEI ERABILERA-KANON BAT EZARTEKO ARAUAREN AURREPROIEKTUAREN EZTABAIDEA HASI DABE
- Batzordera etorrita, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak hasierea emon deutso 3,5 tonatik gorako ibilgailuei erabilera-kanona kobretako aukera emongo dauen araua aurrera aterateko parlamentu-izapideari. Kanona tarte honeek erabilteagaitik ezarri ahal izango da: A-8 eta BI-10 errepideak, Basurtutik Hagaraino; N-240 errepidea Barazartik, Urgoititik Ubideako saihesbideraino; N-636 errepidea, Durangotik Gipuzkoara (Kanpazar); BI-30 errepidea (lehengo N-637), Erletxe eta Arrontegi artean; eta BI-625 errepidea Laudiotik Basauriraino.
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 17an). Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, 3,5 tonatik gorako merkantziak garraiatzen dituen ibilgailu astunei Bizkaiko Lurralde Historikoko hainbat errepide erabilteagaitik kanona ezarteari buruzko Foru Arau Aurreproiektua aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Foru-arduradunak, hemendik aurrera, “iradokizunak” eta “ekarpenak” egin daiezala eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, arauzko testua “hobetzeko”.
Gobernu Kontsejuak apirilaren 15ean onartu eta gaur Bizkaiko parlamentuan aurkeztu dauen aurreproiektuak 15 artikulu eta 3 azken xedapen jasoten ditu, eta proiektu horren bitartez “free-flow” izeneko kontrol-arkuen sistemea legeen ikuspegitik egokitu gura da, ahalmen handiko Bizkaiko errepide-sareko bost tartetan, honeetan, hain zuzen be: A-8 eta BI-10 errepideetan, Basurtutik Hagaraino; N-240 errepidean, Barazarretik, Urgoititik Ubideako saihesbideraino; N-636 errepidea, Durangotik Gipuzkoara (Kanpazar); BI-30 errepidea (lehengo N-637), Erletxe eta Arrontegi artean; eta BI-625 errepidea Laudiotik Basauriraino.
Aldundiak gai horri adostasun politikoan eta sozialean oinarrituta ekitea Batzar Nagusietan proponidu dau. Helburua erabileraren ondoriozko ordainketa-sistemea abian jartea da, “desorekei konponbidea emoteko”, merkantzien errepideko garraioa kudeatzeko eta deskarbonizetako Europan egiten ari diran politikarik aurreratuenakaz bat etorrita. “Gure eredua Europa da”, eta, horrenbestez, EB osatzen daben 27 herrialdeetatik 23tan daborduko egin dana imitau gura da, merkantziak garraiatzeko ibilgailu astunei kargak apliketea arautzen dauen Europako zuzentarauagaz bat etorrita, ibilgailu horreek dituen ondorio negatiboak murrizteko.
Pradalesek argitu gura izan dau bere sailak oraindino “ez dauela tarifen inguruko ezelango erabagirik hartu”, eta tarifa horreek geroago emongo dan foru dekretuaren bidez onartuko dirala. Azaldu dauenez, sektorearen “eskutik” joango dira, “sartu daikeguzan gaiak” foru arauan sartzeko. “15 bilera baino gehiago” egin dira sektoreko ordezkariakaz, eta orain denpora gitxi beste bat Ekologistak Martxan talde ekologisteagaz.
Oposizinoko taldeek hainbat kritika egin ditue. Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Aldundia kritikau dau, Estadu espainiarrean bidesaria ordaindu beharreko tarteak kentzen ari diran unean “kontrakoa” egiten ari dalako. Eduardo Andrade bozeroalearen eretxiz, Aldundiak “60 milioi euro” gastauko ditu, besteak beste erregaiaren igoerak eragindako kostu operatiboen igoeragaitik, garraioaren sektoreak “daborduko gehiago ezin dauen” egungo egoera ekonomikoan. Ganera, Aldundiak tarterik luzeenak –A-8 eta Txorierri– “hauteskundeen” ostean edegi gura dituala esan dau. “Batez besteko prezio haztatuan” oinarrituz, Andradek kalkulau dau A-8 autobidearen tarteak hileko “189 euroko” gastua ekarriko leukela, eta apur bat gitxiago, 184 eurokoa, N-637 errepidearen kasuan. Bere eretxiz, “azkenengo” helburua “automobilei bidesariak jartea” da.
Elkarrekin Bizkaiarentzat “eskertzekoa da” sektoreagaz hartu-emonetan egotea eta asmoa neurri adostuak ezartea izatea, baina Eva Cabornero batzordekideak ohartarazo dau Europako zuzentarauak “ez dauela bidesari gehiago ezartera behartzen”. “Geu be arduratuta gagoz arazo horren aurrean, baina ez gatoz bat konponbideakaz”, errepideko pilaketen “arduradun bakarrak” ez diralako merkantziak garraiatzen dituen ibilgailuak. “Danok gara arduradunak”. Hori dala eta, ohartarazo dau bere taldeak zuzenketa-eskeen bidez egingo dituala ekarpenak, ibilgailuaren tipologiaren edo unean uneko egoera ekonomikoaren arabera tarifa murriztuak edo salbuespenak ezarri ahal izateko.
Beste alde batetik, EH Bilduk sektoreagaz, talde ekologistakaz eta horren eragina jasaten daben udalakaz “benetako” eztabaidea egiteko beharra azpimarratu dau, “eztabaida barik ez dogulako txeke zuririk emongo”, adierazo dau Raul Mendez batzordekideak. Kanona “apurka-apurka” ezarri behar dala uste dau, garraiolariak kontuan hartuta. Tarifak ezarterako orduan, diru gehiago batuko dala kontuan hartzeko eskatu dau Mendezek; izan be, “erabiltzaile gehiagok ordaintzen badabe”, kanon “lehiakorragoa” ezarri daiteke. Arauak trafikoaren joan-etorriak “beste modu batera banatzeko” aukerea emon behar dau, kamioiak Arratiako, Ubideko eta Txorierriko uriguneetatik edo Kanpazarretik aterateko.
Foru Gobernua babesten daben taldeetako ordezkarien aldetik nabarmendu danez, arau-proiektuak “premina bat beteten dau”, hau da, Europako zuzentarauak ezarten dauenagaz “bat etortea”: “erabilten dauenak ordaintzen dau, eta kutsatzen dauenak ordaintzen dau”. Arau-proiektuari esker, “Bizkaiko errepide-sarean dagozan funtzionaltasun ezak konpondu daitekez. Bertan, trafiko pilaketak jasoten dituen errepideak eta oso gitxi erabilten diran beste batzuk dagoz. “Norabide onean goaz”, baina jeltzaleek ohartarazo dabe “bidea oraindino luzea izango dala eta oztopo asko izango dituala”.
ARRONTEGI ZABALTZEA
EH Bilduk eskatuta, Pradalesek auto-ilarak murrizteko Gurutzeta-Arrontegi tartean egin gura diran hobekuntzen barri emon dau. Koalizino abertzalearen eretxiz, horren ondorioz Barakaldoko biztanleen bizi-kalidadeak behera egin dau; izan be, galtzadearen zabalera lau metrotan handitu da, eta horrek errepidea –Barakaldoko urteerea, Arrontegiko zubitik– Arrontegi auzoko etxebizitzetara hurbiltzen dau.
Pradalesek azaldu dauenez, proiektuak ez dau seigarren erreirik barne hartzen. Erreiak “beste modu batera banatuko dira” eta pantaila akustikoa daukan bazterbidea gehituko da. Ibilgailuak 65 zentimetro hurbilduko dira etxebizitzetara, 13,01 metrotik 12,26 metrora. Edozelan be, proiektua idazten ari dira eta oraindino “aldaketak” “egin daitekez”; izan be, “5 alegazino” dagoz aurkeztuta, bat Barakaldoko Udalarena berarena. Ganera, proiektua ingurumen-baimena jasotearen zain dago.
Pradalesek adierazo dauenez, proiektuak “12 hobekuntza” jasoko ditu, besteak beste pilaketak, zaratea eta soinu-inpaktua murriztea, eta errepidearen segurtasuna, ikuspena eta ahalmena “orduan 8.000 ibilgailutan” handitzea.
AP-68 AUTOBIDERAKO HITZARMENA
Bestalde, Talde Berezia-PP Bizkaiak Aurka agertzeko proposamen bat aurkeztu dau, Euskal Autonomia Erkidegotik igaroten dan AP-68 autobidearen tartea arautzeko eta horren gaineko eskumenak koordinetako administrazinoen arte sinatu dan hitzarmena atzera botateko. Hitzarmen hori Bizkaiko eta Arabako Aldundiek eta Gobernu zentralak sinatu dabe. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaiak ez dabe onartu proposamena, eta EH Bildu abstenitu egin da.
Akordio horretan oinarrituta, urritik aurrera Bizkaiak diruz lagunduko ditu 2026ko azarora arte AVASA emakidadunak kudeatzen dauen autobide horretako joan-etorriak. Hileko gastu-mugea 34,55 eurokoa izango da Bizkaiko joan-etorrietan, eta 50,54 eurokoa Arabako tartean egiten diranetan.
AZPIEGITURAK ETA INTERBIAK ERAKUNDEEN BALANTZEA
+
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu ditu, EH Bilduk eskatuta, Azpiegiturak eta Interbiak foru-erakundeetako arduradunen agerraldiak, legegintzaldi honetan gauzatu eta aurreikusitako proiektuen barri Batzar Nagusietan emon daien. Agintari horreek Imanol Pradales foru diputatuagaz batera etorriko dira, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sinatutako beste agerraldi-eskaera bat betez. Azken eskaera hori be Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabe.
+