BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK DESKARGAKO BIDESARIARI ETA EGOITZEN EGOEREARI BURUZKO KEXAK ENTZUN DITUE
- Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Irizarreko behargin biren eta LAB sindikatuko hiru ordezkariren eskariak entzun ditu gaur.
- Bizkaiko parlamentuak EH Bilduren proposamena jaso dau, Aldundiak Abiñako San Antonio Busturian integretea aztertzeko txosten teknikoa egin daian.
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 6an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Irizar enpresako behargin bi eta LAB sindikatuko hiru ordezkari hartu ditu gaur. A-636 errepideko (Deskarga) bidesariari eta Bizkaiko itunpeko egoitzen egoereari buruzko eskaerak jarri ditue mahai gainean, hurrenez hurren.
Aitor Blanco González eta Zoraida Moreno Bator, biak Bizkaian bizi diran Irizar enpresako beharginak, Beasain eta Bergara artean A-636 errepideko (Deskargako autobia lez ezagutzen dana) bidesaria martxan jarteak eragindako gastuen igoerearen ondorioz Gipuzkoako Goierrin behar egiten daben bizkaitar askok bizi daben egoerea jarri dabe mahai ganean. Biek eskatu dabe Bizkaiko araudian diru-laguntzaren bat jasotea, eguneroko joan-etorrien kostua handitzeak eragindako gastuen parte bat ordaintzeko. Bidesarietan bakarrik gastu hori “ia bikoiztu egin da”: hilean, “85,09 euro” izatetik, “171,09 euro” izatera pasau da. “Larregizko” igoera horri erregaien igoerea gehitu behar jako. Beharginen berbetan, hilean “459 euroko” gastua daukie, eta igaz, barriz, “378 eurokoa” eukien.
Lanagaitik egunero Bilbo metropolitarretik “75 kilometro” ingurura dagozan Goierriko enpresetara, horreen artean Irizar, CAF, Indar edo Ampo, joan behar daben Bizkaiko eta Arabako gidariak ari dira “jasaten” egoera hori. Gipuzkoan bizi diran personek “% 55 eta % 75 arteko” deskontuak ditue Deskarga erabilteagaitik, edo “34,15 euroko” tarifa finkoa hilean.
Ganera, ez dago garraio publiko alternatibarik, ezta alokairu-aukerarik be inguruan, etxebizitzaren prezio garestiarengaitik, eta autoa partekatzeko aukerea “konplikaua” da, enpresa horreetako beharginen ordutegiak eta jomugea desbardinak diralako, eta horrek “kezkea” sortzen dau. “Jentea beste enpresa batzuetara lanera joatea baloretan ari da”, ohartarazo dabe. Irizarreko behargin biek argi itxi dabe ez deutsela uko egiten bidesaria ordaintzeari, “azpiegiturak garestiak diralako eta mantentze-lanak egin behar direlako, baina ordaintzeko moduko prezioan” izan behar dau, Morenok esan dauenez.
Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek aintzat hartu dabe arazoa, baina Talde Berezia-PP Bizkaiak penaz adierazo dauenez, beharginen eskaereak “horma baten kontra” joko dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren egungo errepide-politikea “bidesari gehiago” ezartearen aldekoa dalako. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk be egoerea “bidebakoa eta diskriminatzailea” dala adierazo dabe. Talde moreak iragarri dauenez, gaia aztertu egingo dau eta ekimen parlamentarioa planteauko dau Batzar Nagusietan eztabaidetako. “Koherentzia egon behar da hiru lurraldeen artean, herrialde txikia garalako”, adierazo dau EH Bilduk. Beste alde batetik, Foru Gobernuari eusten deutsien taldeetako (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ordezkariek eskerrak emon deutsiez bertaratutakoei, emondako azalpenengaitik; Sondikan bizi dan Blancori eta Etxebarrin bizi dan Morenori.
BIZKAIKO EGOITZAK EGOERA “LARRIAN”
Bizkaiko parlamentuak LAB sindikatuko hiru ordezkariren agerraldia hartu dau. Euren eretxiz “larria” dan Bizkaiko egoitzen egoerea deskribidu dabe ordezkari horreek. Adinekoak artatzen behar egiten daben beharginen azken mobilizazinoak sortu dituen errazoiak gogorarazo ditue.
Nekane Olalde Azkarate, Monica Rojo Riaño eta Idoia Bustinza González Bizkaiko egoitzen eredua aldatzeko “laguntzea eta esku gehiago eskatzera” joan dira Batzar Nagusietara. “Kontua ez da soldata handiagoa izatea”, ratioak aldatzeko “laguntza eskatzea” baino, “ezin dalako onartu enpresa harrapakari horreek gure adinekoak eta beharginak negozio bihurtzea”, azpimarratu dau Olaldek, Ermuko Abeletxe egoitzako beharginak. Sektoreko beharginek eta sindikatu abertzaleko ordezkariek salatu dabenez, kontuek “txarrera egin dabe” pandemiaren urte bi honeetan, eta beharginak “euren gaitasunen mugan dagoz”. Gure adinekoak artatuko dituen “esku gehiago” behar dira, eta horretarako, euren eretxiz, ratioak hobetu egin behar dira.
20 urteko esperientzia dauen Monica Rojok salatu dauenez, enpresek “ez ditue beteten” hitzarmenak, eta enpresen etekina “gehienez be % 2ra mugatzea” eta egoitza publikoetan (Bizkaian 4) eta itunduetan (155) lan-baldintza “bardinak” ezartea eskatu dau. Azken horreetan, soldatea “1.200 euro” ingurukoa da, eta kantidade hori “ez da nahikoa” bizimodu independentea bermatzeko. Gizarte-zerbitzuak “publifiketea” eta beste hobekuntza batzuk sartzea be eskatu dau Rojok, horreen artean gaixotasun eta arrisku profesionalak autortzea, lesino muskulu-eskeletikoak, antsiedadea edo depresinoa, besteak beste. Kontuan izan behar da 67 urtera arte erretirorik hartu ezin dauen eta “laneko eta etxeko bizimodua buztartzeko edo adin jakin batera heldutakoan lanaldia murrizteko aukerarik ez daukan” kolektiboa dala.
ABIÑAKO SAN ANTONIOKO LURRAK
Beste alde batetik, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak atzera bota dau Aldundiari Abiña auzoa Busturian sartzeko erabagiaren inguruko “txosten teknikoa” egitea eskatzeko EH Bilduk egin dauen proposamena. Ekimena ez da onartu aldeko 6 boto –oposizino osoa– eta kontrako 9 boto izan ditualako. Auzia “daborduko epaitu dalako” eta bere egunean, 2017. urteko zezeilean, Bizkaiko Batzar Nagusiek erabagia hartu eien beharrezko txosten teknikoak egin ziralako defendidu dabe Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek proposamenaren kontrako jarrerea.
Osoko Bilkuraren erabagia “zuzentzeko” eta Abiñako San Antonio auzoa Sukarrietara itzultzea eskatu eban Sandinderi herritarren plataformak martiaren 11n. Bizkaiko parlamentuak onartu eta gero auzoa Busturiara pasau zan behin betiko.
Une honetan Busturiakoak diran izen bereko hondartzea eta BBKren Urdaibai Zentroa dagozan lurren inguruko eztabaidea orain dala hamar urte baino gehiago hasi zan. Azken kapituluetako bat orain dala urtebete gertatu zan, Auzitegi Gorenak auzibidea ixtea erabagi ebanean, Euskadiko Auzitegi Nagusiak (EAN) ez ebalako onartu Sukarrietako Udalak epaiaren kontra aurkeztutako kasazino-errekursoa. Epai horrek ezetsi egin eban Bizkaiko Batzar Nagusiek Abiña auzoa Busturian sartzeko hartutako erabagiaren kontra Sukarrietak jarritako administrazino auzi-errekursoa. Horregaitik, jeltzaleek eta sozialistek ez dabe ulertzen talde batzuek gai hori barriro edegi gura izatea.