BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARGI BERDEA EMON DEUTSEE ERREPIDE BIDEZKO GARRAIORAKO GAITASUN PROFESIONALAREN ZIURTAGIRIA LORTZEKO TASEI

  • Ogasun eta Finantzetako batzordeak ez dau onartu EH Bilduk proponidu eta Elkarrekin Bizkaiak babestu dauen urte biko salbuespena.
  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osoko batzarrak oneretxia emon ostean indarrean sartuko dan Aldundiak aurkeztutako foru arauaren proiektua babestu dabe batzordean. Ganerako taldeak abstenidu egin dira.

(Bilbon, 2022ko bagilaren 13an). Errepide bidezko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiriaren tasa barriek gaur igaro dabe parlamentuko izapidea Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean. Aldundiak aurkeztutako foru arauaren proiektuak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoak jaso ditu, eta parlamentuko ganerako taldeen (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldea) abstentzinoa. Osoko batzarrean onartu eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean jarriko da indarrean.

Testu arauemoilea, tasa horreek “guztiak” ordaintzetik urte biko salbuespena ezarteko EH Bilduren zuzenketa-eske bakarragaz heldu da Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordera. Zigor Isuskiza talde horretako batzarkideak azaldu dauenez, “aukera ona” da “gaiztasun handiak” bizi dituan garraio sektorearen egoerea arintzeko neurriak hartzeko, eta sektorean “belaunaldi-erreleboa” bultzatzeko. “Eragin positiboa” izango leuke, “oso txikia” izan arren.

Aldaketarako proposamenak ez dau aurrera urten Foru Gobernua babesten daben taldeek ezezkoa emon dabelako. José Alberto Álvarez Castrejón sozialistak adierazo dauenez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak ez dagoz EH Bilduk xedapen iragankor baten bidez planteautako aldaketa horren kontra, eta euren erabagiak ez deutso aterik ixten “hemendik eta osokora” oposizinoagaz sektoreari laguntzeko neurriren bat negozietako aukereari.

Arau-proiektuak barne hartzen dituan sei artikuluetan, eta horreen hiru xedapenetan, bidaiarien edo merkantzien errepide bidezko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiria “lortu, emon eta egiaztatzeari jagokozan zerbitzuak, jarduketak eta jarduerak emoteagaitiko” tasak zehazten dira, jagokon azterketea barne. Halan, prezio honeek ezarri dira:

  • Garraioen Kudeatzaile Profesionalaren Ziurtagiriaren azterketa egiteko eta ziurtagiria emateko eskubideak: 43,58 €.
  • Bidaiarien Garraioaren Kudeatzaile Profesionalaren Ziurtagiria emateagatik: 21,79 €.
  • Salgaien Garraioaren Kudeatzaile Profesionalaren Ziurtagiria emateagatik: 21,79 €.
  • Bidaiarien eta salgaien garraioaren kudeatzailearen tituluak lortu eta emateagatik, beste titulu batzuk baliozkotuta. 43,58 €.

Baliozkotzea titulu bakarrekoa bada, zenbateko hori % 50 murriztuko da.