BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 25 KALERATZE DIRALA ETA ZEZEILETIK GREBAN DAGOZAN ALCONZAKO BEHARGINEN ERREKLAMAZINOAK ENTZUN DITUE

  • Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak ERE bat dala eta protestan dagozan Berangoko Irizarren lantegiko beharginen batzordearen eskariak entzun ditu gaur

(Bilbon, 2022ko bagilaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Alconza Irizar Groupeko beharginen batzordea hartu dau gaur. Zezeilean greba mugabakoa hasi eben, Enpleoa Arautzeko Espediente (EEE) “bidebako eta justifikauezin” baten ondorioz enpresak 38 persona kaleratu ebazalako, bai eta Berangoko lantegiaren etorkizuneko “zalantzazko” egoerea dala eta be. Espedientea apirilean gauzatu zan, ontzietarako motorrak diseinau eta fabriketan dituan lantegiak garai haretan ebazan ehun beharginetatik 25 kaleratu eta gero.

Batzordeak batzarretako taldeei azaldu deutsenez, urteak daroez 2013tik Alconzaren partaidetzen % 100aren jaubea dan Irizar Taldeari “benetako industria-plana eskatzen, lanpostuak eta garai haretan 250 behargin baino gehiago ebazan lantegiaren etorkizuna bermatzeko”. Francisco Martin Batzordeko ordezkariak adierazo dauenez, erosketa hori egin zanetik konpainiak izan dauen bilakaerea “benetako infernua” izan da, eta, horren ondorioz, ez dakie zein dan “erosketa horren benetako helburua”; izan be, erosi zanetik, lanpostuen “prekariedade basatia eta justifikauezina” emon da.

Beharginen ordezkariek ziurtatu dabenez, Ormaiztegiko konpainiak Alconza erosi ebanetik, enpresa “deskapitalizau” egin da eta ekoizpen-prozesuak “kanpora eroan” dira. Prozesu horreek dirala eta, enpresea “hiltzen” ari da, “puntakoa” eta “errentagarria” zanean. Berangon eta bere eskualdean “60 urte baino gehiagoko historia” daukan eta “funtsezkoa” dan enpresa da Alconza.

Aldi berean, “ez daitezala alde batera geratu eta herrialde honetako industria defendidu daiela” eskatu deutsee Batzar Nagusietako taldeei, eta Eusko Jaurlaritza kritikau dabe Irizarrek parte hartzen dauen industria-proiektuak diruz laguntzeagaitik, euskal kooperatibak gatazka honetan “arpegia emoten ez dauen” bitartean. Beharginei aurkeztutako hirugarren planean, enpresak 15 milioi euroko galerak hartzen ditu bere gain 2024. urtean. Martinen eretxiz, horrek ez dau enpresaren etorkizunerako “ezelango bermerik” emoten.

107 eguneko grebaren ostean egindako eskaeren artean, sindikatuetako ordezkariek enpleo-erregulazinoko espedientea bertan behera ixteko, “etorkizuneko” industria-plan barria aurkezteko eta aurre-erretiroen politikea barne hartuko dauen aldi baterako lan-erregulazino espedientea negozietako prozesua zabaltzeko eskatu dabe. Edozelan be, kritikau egin dabe enpresak Norgestión kanpoko enpresaren esku itxi izana Alconza “ahalik eta kostu txikienagaz” “ixteko” prozesua.

Beharginek Batzar Nagusietako taldeei jakinarazo deutsee ez daukiela greba gelditzeko asmorik, jarritako demandei buruz bagilaren 28rako aurreikusita dagoan epaiketeagaz zer gertatzen dan ikusi arte behintzat. Burrukea ez da bakarrik lanpostuei eustean zentretan –orain 75 behargin dira–, “lan-bideragarritasuna” sortuko dauen “etorkizuneko proiektua” sustatzean be zentretan da. Getxoko, Berangoko eta Erandioko udalak be horren alde agertu dira, eta erakunde-adierazpen banatan industria-planagaz batera diagnostiko sakona egin behar dala nabarmendu dabe. Horrez gain, “alkartasuna eta laguntza” erakutsi deutsee, Batzar Nagusietako bost taldeek herritarren kexei, erreklamazinoei eta iradokizunei erantzuteko batzordean gaur egin daben moduan.