DATORREN URTEAN GIZARTEAK BEHAR DITUAN POLITIKA PUBLIKOAK GAUZATZEKO BALIABIDE “NAHIKOAK” IZANGO DITU BIZKAIAK

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, Finantzen Euskal Kontseiluaren (urriak 13) eta Finantzen Bizkaiko Lurralde Kontseiluaren (urriak 15) azken bileren eukia zehazteko.
     
  • Euskadik 2025ean baino 1.000 milioi euro gehiago bilduko ditu datorren urtean.


(Bilbon, 2024ko urriaren 16an). Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 13an egin zan Finantzen Euskal Kontseiluak (FEK) egindako bileraren eukiaren barri emon dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Bertan, besteak beste, euskal administrazinoen aurtengo eta hurrengo urteko diru-sarreren aurreikuspena eta lurralde bakotxak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei egin beharreko ekarpenak ezarri ziran. Bilera horretatik urtendako magnitude nagusiak Batzar Nagusietako taldeen aurrean azaldu ostean, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak, agertoki globala konplexua dan arren, 2025erako eta 2026rako diru-bilketaren aurreikuspenak “oso positiboak” dirala adierazo dau. Bere eretxiz, “jarduera ekonomikoa eta enpleoa sortzen dituan egitura ekonomiko sendoa” erakusten dabe, eta, horri esker, “gizarteak behar dituan politika publikoak gauzatzen jarraitzeko baliabide nahikoak” egongo dira. 

FEKren bileran, zerga itunduen bidez 2025. ekitaldirako bildutako zenbatekoaren likidazino-aurreikuspenak onartu ziran. 20.092 milioi euroraino igongo dira. Urtea ixten danerako bilketak % 9,7ko hazkundea izango dauela aurreikusi da, igazko itxiereagaz alderatuta. Bizkaiari jagokonez, diru-bilketea 10.357 milioira igongo da, % 10,1 gehiago.

Ganera, Etxanobek jakinarazo dauenez, bilera haretan, datorren urterako zerga itunduen bilketaren aurreikuspenak be onartu ziran, Bizkaiko aurrekontuak egiteko oinarria. Kopuru absolutuetan, kalkuletan da Foru Aldundiek 21.130 milioi bilduko dituela zerga itunduen bidez 2026an, 2025eko Aurrekontua baino % 7,2 gehiago, eta horreetatik erdia baino gehiago –10.891 milioi– Bizkaiari jagokoz. Foru gobernuak aurreikusten dauenez, gure lurraldean hazkundea erdira murriztuko da, hau da, % 5,1era.

Egokitzapenerako Funts Orokorra Araba eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen artean banatuko da; Lurralde Historiko horreei 127,5 milioi eta 41,8 milioi jagokez, hurrenez hurren. Bizkaiak 24,9 milioi euro jarriko ditu funts horretarako. Eta Bizkaia izango da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei ekarpen handiena egingo deutsen lurraldea, onartutako koefiziente horizontala 2026rako % 50,36koa izan dalako, hau da, ehunen bat gitxiago.

Ahaldun Nagusiak, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren atzoko bileraren eukiaren barri emoteko be aprobetxau dau Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldia. Saio horretatik urten eban udalek 1.206,7 milioi euro jasoko dituela 2026an, aurton jasotako kopurua baino % 6,71 gehiago. 2025eko ekitaldiaren itxierea zezeilean jakingo dan arren, aurreikusten danez likidazinoa positiboa izango da udalentzat, 26,9 milioi euro, hain zuzen be.