BIZKAIAK 15 EGUNERA MURRIZTU DAU INFORMAZINO PUBLIKOAREN ESKAERAK EBAZTEKO EPEA

  • Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek Aldundiak informazino publikoa eskatzeko dituan mekanismo ofizialak herritarren aurrean zabaltzeko informazino-kanpainea egitea eta emondako datuak guztiz “tratagarriak” eta “desagregaduak” izatea eskatu dabe.


(Bilbon, 2026ko maiatzaren 4an). Ager Izagirre Loroño Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordera etorri da gaur, lurralde historikoan informazino publikoa eskuratzeko eskaeren kudeaketeari buruzko informazinoa emoteko. Bere esku-hartzean azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 15 egunera murriztea lortu dau eskaera horreek ebazteko legezko epea, hau da, Estaduko araudian ezarritako denporearen erdira. 

Izagirre Loroñok azpimarratu dauenez, Aldundia, Eusko Jaurlaritzagaz batera, erabagi “guztiak”, eta ez bakarrik ezezkoa erantzuten dabenak, bere gardentasun atarian argitaratzea erabagi dauen erakunde gitxienetakoa da. Adierazo dauenez, erakundeak sartzeko mugen interpretazino “murriztailea” apliketan dau herritarren eskubidea errazteko, espedienteen trazabilidade osoa ahalbidetzen dauen sistema “finkatua” bermatuz.

Izagirrek Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako batzordean egin dauen agerraldia, herritarren, erakundeen eta enpresen artean eskubide hori ezagutzera emongo daben politika publikoak bultzatzeko beharra adierazo dauen Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak eskatuta etorri da. Oposizinoko ganerako taldeak bat etorri dira beragaz zabalkunde espezifikoko lana egitearen garrantzian, urte batetik bestera gora egin dauen arren, sartzeko eskaeren kopurua oraindino txikia dala uste dalako, zerbitzuaren potentziala kontuan izanda.

Erreklamazinoen Batzordeak orain denpora gitxi Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu eban balantzeak 2025ean 113 eskari aurkeztu zirala (2024an baino 17 gehiago) erakusten dau. De Madariagaren eretxiz, datu horreek erakusten dabenez, Gardentasunaren Ataria oraindino zerbitzu erabilgarria izatetik “oso urrun” dago, izan be, datuak 100.000 biztanleko 10 eskaera emoten ditu, maila hori Madrilen 170etan dagoan bitartean.

Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak, ganera, Atarian argitaratutako informazinoa “erraz tratetako modukoa” izatea eskatu dau, eta sailen, ez onartzeko arrazoien eta erabiltzaileen gogobetetasun mailaren araberako desagregazino maila handiagoa izatea. Eskari horren helburua sistemaren funtzionamentuari buruzko azterketa “zehatzagoak” egitea eta kontu emote instituzionala hobetzea da.

Eskaera horreei erantzunez, Izagirre Loroñok gogora ekarri dau daborduko hobekuntzak ezarten ari dirala datuen bistaratze dinamikoetan, eta informazino horren zati handi bat Open Data Bizkaia atarian deskargetako eta tratetako moduan dagoala. Foru erakundeak etenbarik hobetzeko eta prozesuan beharrean jarraitzeko konpromisoa hartu dau, lurraldean gardentasuna eta gobernu edegia indartuz, eta informazinoa modu proaktiboan emonez, herritarrek eskatu beharrik izan ez daien.

Bukatzeko, Open Data Bizkaia atariko egungo datuak daborduko guztiz erabilgarriak dirala eta sailek ezesteko edo ez onartzeko arrazoiak aztertzeko aukerea emoten dabela defendidu dau, baina ataria “gero eta eskuragarriagoa eta eraginkorragoa” izan daiten hobetzeko borondatea berretsi dau, legezko betebehar zorrotzak gaindituz.