BIZKAIAK ALDAKETAK AZTERTUKO DITU FISKALIDADEAN ETXEBIZITZAREN ALOKAIRUA ERRAZTEKO
- Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatua, etxebizitzaren arloko etorkizuneko fiskalidadearen eta 2021eko Kontuen HKEEren fiskalizazino txostenaren inguruan EH Bilduk egindako galderei erantzutera etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara.
(Bilbon, 2024ko zezeilaren 23an). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Aldundia beharrean dabil daborduko Zergak Koordinetako Organuaren (ZKO) barruan, etxebizitzen alokairuaren arloko fiskalidadea “indartzeko”. Hainbat tributuren “barrikuspen” fiskala lantzen ari dan organu horretan Bizkaiak daukan posizinoa, etxebizitza arloan “sustatzailea” izango da, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak egindako “orientabideak” jaso ahal izango ditu. Iragarri dauenez, euskal erakundeek “akordio zabalak” lortuko ditue etxebizitzarako sarbidea hobetzeko.
Berrojalbizek Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean egin ditu adierazpenok, Foru Ogasunek azkenengo urteetan arlo horretan “ahalegin handia” egin dabela azpimarratuz. Horretarako, Euskadiko egoerea beste erkidego batzuetakoagaz alderatu dau. 2017-2021 aldian, adibidez, Bizkaiak alokairuko etxebizitzen kopurua “% 49” handitzea lortu eban, “74.785” etxebizitzetara iritsiz. Helburua hobekuntza horreek bultzatzen jarraitzea da, etxebizitzarako eskubide subjektiboa “herritarrentzako benetako eskubidea” izatea eragingo daben proposamen fiskal barrien bitartez.
Diputatuak konparazino bat egin dau Estaduagaz, 2018ko datuak erabilita. Holan, ganerako autonomia erkidegoetan zergadunek “% 59” murriztu eben gastu fiskala 2013tik aurrera. Euskadin, ordea, aitorpenak % 12 igon ziran urte horretan bertan. Eta 2017-2021 aldian, Bizkaiko errenta-aitorpenak “% 35” hazi ziran, eta gastuaren hazkundea “% 45ekoa” izan zan. 2022an, Bizkaiko “51.270” zergadunek “55 milioi euroko” balioa dituen kenkariak aplikau ditue PFEZn.
Etxebizitzen alokairuaren arloko fiskalidadearen hobekuntza horrek 30 urtetik beherako gazteen artean be egin dau “gorantz”. 2017-2021 epealdi horretan bertan, kolektibo horrek “% 43” handitu ebazan aitorpenak, eta gastu fiskala “% 92ra” igon zan. 2022ko aitorpenetan oinarrituta, 9.164 gaztek jaso ebezan etxebizitza alokatzeagaitiko kenkariak, “11 milioi euro”, hain zuzen be. Bere eretxiz, horrek erakusten dau foru-lurraldeok “urte asko daroaguzala alkarregaz etxebizitzarako eskubidea bermatzeko beharrean”.
Hobekuntzako testuinguru horretan, asmoa da fiskalidadea hobetzen jarraitzea, etxebizitzarako sarbidea errazteko eta etxebizitzea “laguntzaile” bihurtzeko. Aztertzen ari diran gaien artean, Berrojalbizek “etxebizitzearen arlo guztietan” aitatu ditu hobekuntzak, baina, bere bigarren txandan eta Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez, tentsionautako eremuetan errentatzaileentzako pizgarriak edo etxebizitzen birgaitze energetikorako pizgarriak aitatu ditu, Euskadik, “Europa hegoaldeko higiezinen parke zaharrenetakoa” daukalako.
EH Bilduk, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak etxebizitzen alokairua bultzatzeko “International Congress on Housing Policies” kongresuaren barruan aitatutako neurri fiskalei buruzko erespenak emon daizan eskatu dau Ogasun eta Finantzetako diputatu andrearen agerraldia. Holan, sailburuak nabarmendu eban bere Sailak daborduko proposamen bat egin dauela eta dei egin deutsela foru aldundiei “erreforma fiskalari ekiteko prozesua bizkortu eta helburu komun horretarako ganerako administrazinoakaz bat egin daien”. Koalizino abertzalearen berbetan, Arriolak “errentei eusten deutsen errentatzaile zentzudunen”, eta errentari eta kolektibo “kalteberenen, adibidez gazteenen”, baldintzak hobetzera bideratutako “fiskalidade konprometituaren” ganean egin eban berba. Berrojalbizek baieztu dauenez, “gogoeta” horreek ZKOra bialdu dira daborduko, bertan aztertzeko.
2021EKO KONTU OROKORRA ETA FISKALIZAZINO TXOSTENA
Orain hilebete, Herri Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE) Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri zan, 2021eko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko. Agerraldi haretan, fiskalizazino organuak adierazo eban kontu horreek “alderdi esanguratsu guztietan, 2021eko ekitaldiko jarduera ekonomikoa, abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoerearen irudi leiala eta bere eragiketen eta eskudiru-fluxuen emaitzak” adierazoten ebazala. Ogasun eta Finantzetako diputatuak gaur azpimarratu gura izan dauen balorazino “positiboa”, hain zuzen be.
EH Bilduk Berrojalbizen agerraldia eskatu dau, batzordean txosten fiskalizatzaileari buruzko eretxia emon daian. Ohiko osoko batean irakurketa bakarrean onartu beharko dan 2021eko Kontu Orokorrari jagokonez, Arantza Sarasola batzordekideak ez-betete batzuen ganeko argibideak be eskatu ditu, horreen artean, Gaikuntza eta Bizkaikoa erakundeen inguruan “behin eta barriro” errepiketan diran ez-beteteak, eta superabitaren errazoia eta zenbait foru-arlotako aurrekontuen % 100 ez gauzatzea, urte haretan bete bako gizarte arloko beharrak egozala kontuan hartuta.
Diputatuak 2021eko Kontu Orokorreko “magnitude nagusien” barri emon dau. Urte horretan, “8.537” milioi euroko diru-sarrerak lortu eta “8.173 milioiko” gastuak egon ziran, eta, ondorioz, “364 milioi euro aurreztu” ziran. Kontabilidadeko doikuntzen ostean aurrekontuen superabita “238 milioitan” geratu zala eta bere eretxiz datu hori “positiboa” dala azpimarratu dau Berrojalbizek, kontuan izanda pandemiak eragindako finantza-egoerea “delikadua” zala eta administrazino publikoak zor publikotik tira egitera behartuta egon zirala. Urte horretan, Bizkaiak 1.719,83 milioiko zorpetzeagaz itxi eban ekitaldia, aurreko urtean baino 410 milioi gehiagogaz, hain zuzen be.