BILBAO FORMARTEK BERTAKO SORTZAILEEN LANAK ERAKUTSIKO DITU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- “FANTARTISTAK” Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 30 edizinoetako kartelak euren modura interpretau dituen eta aniztasun funtzionala daben 22 artistaren apustu komuna da.
- Erakusketea urtarrilaren 3ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan, goizeko 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2024ko gabonilaren 5ean). Bilbao FormArtek, aniztasun funtzional psikikoa edo intelektuala daben personentzako sorkuntza artistikorako guneak, azken hileotan ikasleek egindako lana jasoten dauen erakusketa barria aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. “FANTARTISTAK” erakusketeak FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren ikuspegi propioa landu daben 22 artistaren sorkuntza-lana biltzen dau. Artistek euren modura interpretau ditue Bilboko Udalak antolatzen dauen bildurrezko zinema jaialdiaren hiru hamarkadetako 30 kartelak. Erakusketea urtarrilaren 3ra arte egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik barikura.
Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo) Adrian Alexandrov, Agatha Domenech, Claudia Aguinaga, Daniel Esteves, Eider Martín, Gorka Pérez, Igor Plaza, Imanol Yébenes, Inés Subijana, Irene Santos, Irune Arezes, Irune Yarritu, Jonathan Castro, Leire Zelaia, Maddi Torregrosa, Maika Manjón, Maite Cumia, Marisa González, Mercedes Ruiz, Miguel Cordero, Miren Santiago eta Sonia Fernández artisten lanak ikusi ahal izango dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan egin dan azken erakusketa horren aurkezpenean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Begoña Gil, Idoia Buruaga, Jane Eyre Urkieta eta Richar Vaquero Foru parlamentuko Mahaiko kideak egon dira Bilbao FormArteko artista talde horri babesa emoten. Foru ordezkaritzari Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia be batu jako.
Otaduik zorionak emon deutsez FormArteko artistei, “desgaitasunari lotutako oztopoak eta estereotipoak apurtzeagaitik”. Erakusketearen bidez, “benetako” sortzaile horreei “gizarteratzean gehiago aurrera egiteko” aukerea eskaintzen jake, esan dau. Gaurtik aurrera, Bizkaiko ikusleek, karteldegi bildurgarria beste modu batean interpretetearen inguruko “sormenaz eta begiraden aniztasunaz” disfrutau ahal izango dabe, “sentimendu eta gogo handiz betetako begiradeagaz”.
Bilbao FormArte eskolea dimentsino anitzeko proiektua da, bertan hezkuntzeagaz eta enpleoagaz erlazionautako alderdiak arteakaz eta kultureagaz erlazionautako alderdiakaz konbinetan dira, garapen pertsonalerako eta parte-hartze eta interakzino sozialerako bitarteko lez. Horregaitik, aspaldidanik, Bilbao FormArtek oztoporik bako sorkuntza artistikorako gunea sortzeko idea garatzen dau, kolektibo horretako personei gizarteratzeko beste aukera bat emoteko.