BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK URKULLU LEHENDAKARIARI EMON EUTSIEN GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKOA LANDATU DAU ALONSOTEGIK
- Haretx gaztea gaur goizean landatu dabe Enkarterriko udalerrian, Iñigo Urkullu lehendakariak bere jaioterriari emotea erabagi eta gero.
- Landaketaren ekitaldian lehendakaria bera, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia eta Unai Arregi Gardoki Alonsotegiko alkatea egon dira, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideek, batzarkideek eta udalerriko zinegotziek eta herritarrek lagunduta.
(Alonsotegi, 2025eko martiaren 1a). Alonsotegik egungo Gernikako Arbolaren oinordekoa dauka gaurtik aurrera. Bizkaiko Batzar Nagusiek igaz Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariari Eusko Jaurlaritzako buru lez egindako ibilbideagaitik emon eutsien alea da. Urkulluk orain bere jatorrizko udalerriari emotea erabagi dau, Alonsotegiko Udalaren onespenagaz. 6 urteko ale gaztea herriko eleizaren alboan dagoan Frontoi Parkean hasiko da sustraitzen gaurtik aurrera.
Landaketaren ekitaldian lehendakaria bera, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia eta Unai Arregi Gardoki Alonsotegiko alkatea egon dira, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideek, batzarkideek eta udalerriko zinegotziek eta herritarrek babestuta.
Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldia egin eutsien igaz Urkulluri, Eusko Jaurlaritzan egindako hiru legealdiakaitik. 2024ko bagilaren 17an Lehendakariak Gernikako Arbolaren oinordeko gaztea jaso eban Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren eskutik. Sinbolismoz betetako oparia makilea eskuz aldatu eta egun gitxira etorri zan, eta Urkulluk beste lurralde batzuetara egindako bisita ofizialetan “enbaxadore” lez egindako lana eskertzeko be balio izan eban. Ekitaldi horretan, Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien talde guztiek parte hartu eben.
Alonsotegiko alkateak azpimarratu dauenez, “Bizkaitarrentzat eta, hedaduraz, euskal nazinoko gainerako herritarrentzat, identidade mailan daukan esanahiaz aparte”, Gernikako arbolaren oinordeko honek, identidadearen ikur izateaz gain, esanahi solidarioa be badauka. “Gerra-gatazketan biztanleria zibilaren kontrako basakeria jasan daben herri eta nazinoakazko herrialde solidarioa izan ginan, gara eta izango gara”, esan dau. Bere berbaldian, eskerrak emon deutsaz lehendakariari udalerriagaz izan dauen kinuarengaitik.
Horren ostean, Batzar Nagusietako lehendakariak oinordekoa Urkullu lehendakariari emoteko errazoia ekarri dau gogora. Eusko Jaurlaritzan 12 urtez egindako lanari “Gernikako Arbolaren inspirazino iturri diran balioen enbaxadore izateko” eginkizuna gehitu deutso. Eguerdiko 12:00etan hasi dan ekitaldian, Otaduik, “sustraien kontzeptuak gutariko bakotxarentzat daukan garrantzia eta sustrai kolektiboen garrantzia” azaldu ditu. Dohaintza-kinuagaz, Alonsotegik, “Euskaldunen sustraia eta nortasuna, gure historiaren lekuko isila eta zoritxarreko garaietan batasunak eta indarrak daben garrantziaren oroigarria” dan haretxa ikusiko dau hazten, esan dau. Landaketak “norberaren sustraiak ezagutzea eta inoiz ez ahaztea zein garrantzitsua dan be gogorarazoten deusku”, gehitu dau.
Alonsotegiren sinbolo bizi barriaren azpian egindako berbak Urkullu lehendakariak itxi ditu, bere gurasoei eta herritarrei eskerrak emonez, “sortu ninduenei eta Herriagaz konprometidutako persona egin nozuenoi. Gaur ohorea da jaiotzen ikusi ninduan herriari Gernikako Arbolaren oinordekoa emotea, guztion artean zaindu daigun eta Alonsotegin be bere frutua emon daian”, esan dau. Euskal askatasunen irudi lez, bere buruari “Alonsotegi-Irauregiko semea” deitzen deutsonak Iparragirreren “Gernikako arbola” abestiaren letraren zati bat ekarri dau gogora. Abesti horretan, Urretxuko bardoak zugatzaren sinbolismoa jasoten dau, “zutunik jarraitu daiala erregutzen dau, nortasunaren kontrako mehatxuaren aurrean erne, eta bere frutuak emoten jarraitu daiala eskatzen dau, betirako bakea eta sendotasuna emonez”.
Berbaldien ostean, Arregik, Otaduik, Urkulluk eta Etxanobek zugaitzaren landaketa sinbolikoari ekin deutsie, haretxa hazteko aukeratutako lekuan, Frontoiaren Parkean eta Eleizaren ondoan, lehenengo paladak botaz. Hori gertatzen zan bitartean, Arantza Urkiza Delgado herriko gitarristak Iparragirreren “Gernikako Arbola” ezaguna interpretau dau. Ondoren, ekitaldiko konbidauek enborrari lur gehiago botateko ohiturea jarraitu ahal izan dabe, eta gero herriko Mendipe Dantza Taldeak ohorezko aurreskua dantzatu dau. Ekitaldia familia argazki bategaz eta Alonsotegiko alkateari zugatzaren Benetakotasun Ziurtagiria emonez amaitu da.
Historian zehar, Batzar Nagusiek bost kontinenteetan landatu diran Gernikako Arbolaren 450 oinordeko baino gehiago entregau ditue. Bizirik jarraitzen dauen beteranoena Gernikako Batzarretxetik oso hur dago. 1859koa da eta Nabor lez ezagutzen dan eraikinaren lorategian ari da oraindino hazten. Kanpoan dagoan haretx zaharrena Argentinako Rosario de Santa Fé herrian dago eta 1886koa da. Gaurtik eta beste landaketa bat egin arte, gazteena Alonsotegin haziko da.