ALDUNDIAREN KALKULUEK ERAKUSTEN DABENEZ, A-8 AUTOBIDEKO ERREKALDEKO BIDEZUBIA "116 HILEBETEKO" IZAPIDEEN ETA OBREN OSTEAN KENDUKO DA

  • Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusien kontrolerako osoko batzarrean esan dauenez, saihesbideak eta eraisketak ahalegin “handia” eskatuko dabe ikuspegi teknikotik, administratibotik eta aurrekontuari jagokonetik.
  • Rementeriak azpimarratu dauenez, proiektua ezagutzen danean eta aurrekontua dagoanean hartuko dau bere Gobernuak AHTa Bilbon lurperatzeko prozesuan Aldundiak izango dauen parte-hartzearen inguruko erabagia.

 

(Gernikan, 2022ko maiatzaren 25ean). Bizkaiko Foru Aldundia “aurrera doa” Errekaldeko A-8 autobideko bidezubiak kentzeko lanetan, “gaur egun posible dan neurrian”, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusien kontrolerako osoko batzarrean adierazo dauenez. Epe laburrerako azpiegituren arloan “hartutako beste konpromiso batzuk” dagozan arren, Aldundiko arduradunak Gernikan adierazo dauenez, bere sailak “pausuak emoten” jarraitzen dau, lekuan bertan aurretiazko azterlanak eginez, “puntu kritikoak” ezagutzeko eta, “6 hilebeteko” epean, lizitazinoaren plegu teknikoa prest izateko, “horren ostean” Errekaldeko saihesbidearen eraikuntza-proiektua idazteko kontratua egiteko. Pradalesek kalkulau dauenez, “116 hilebete” iraungo daben tramiteak eta “konplexutasun handiko” obrak beharko dira Errekalde hormigoizko hesi bako auzoa izan daiten.

Foru Gobernuari gai horren inguruan galdetu deutsen batzarkide-talde biek, EH Bilduk eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, hain zuzen be, Bilboko auzoaren gaineko bidezubiak kentzea ahalbidetuko dauen saihesbidea gauzatzeko pausuak emon daizala eskatu deutse Bizkaiko Foru Aldundiari. Eduardo Andrade popularrak esan dau Foru Gobernuak ez dauela inoiz konpromiso sendorik izan Errekaldeko bizilagunakaz, eta, horregaitik, “lehentasunezko” proiektua izatera pasetako eskatu dau, orain “nahikoa diru dagoalako”.

Modu berean, saihesbidea eregi eta zubibide zaharra eraisteko izapideei ekiteko denporaren ganeko konpromisoa eskatu deutso Aldundiari Raul Mendez EH Bilduko batzarkideak; izan be, daborduko “47 urte” daroez “kea, emisioak, kutsadurea, zaratea eta istripu larriak” jasaten. “Zorra da, eta ez dago atxakiarik”, batez be martian Bilboko HAPO onartu zanetik, eraikuntza-proiektua egiten hasteko eta proiektu horri Supersur izenekoari edo Lamiakoko erreka azpiko errepideari emoten jaken “lehentasun bera” emoteko.

Hitz “potolo” horreen ostean, Pradalesek gogora ekarri dau Aldundiak “orain arte esan dauena”, eta 2019an onartu zan Errepideen Lurraldeko Arloko Planaren Jarraibideen eta Erespide Orokorren Dokumentua gogorarazo dau. Bertan, plan “posibilistea” ezarri zan, Bilboko Hirigintza Plan Orokorra onartu ostean proiektua gauzatzeko bidean aurrera egiteko, eta hori joan dan martiaren 31n gauzatu zan. Plan horretan, daborduko, “II. Alternatibea” deitutakoa jasoten da, konponbide “egokiagoa”, Udalagaz adostua, Masustegi eta El Fango artean 2.200 metroko errepide barria eginez, gehiena lurpetik.

Pradalesek gogorarazo dauenez, bidezubiak guztiz kentzeko beharrezkoa da aldez aurretik saihesbide hori eregitea. Gai bi horreek aztertzeak, “administrazino-, urigintza- eta ingurumen-izapideak egiteko bide luzea eskatzen dau, eta horreek guztiak gainditu behar dira”. Hau da, saihesbidearen eraikuntza-proiektua egin ostean, eraitsi aurretik eginda egon behar dan alternatibarako –”48 hilebete” beharko dira horretarako–, beste “68 hilebete gehiago” beharko dira saihesbidea eregiteko eta bidezubia eraisteko. “Egia esateko”, guztira, “116 hilebeteko etenbako lana” beharko da saihesbidea eregiteko eta bidezubia eraisteko, hau da, ahalegin tekniko eta administratibo handia, bai eta aurrekontu aldekoa be.

INDUSTRIA-ONDAREA ETA ZAINTZAILEEN ATSEDENA

Beste alde batetik, beste itaun baten bidez, Elkarrekin Bizkaia taldeak Bizkaiko kultur ondare higiezina kontserbetako eta babesteko Aldundiaren politikak ezagutu gura izan ditu. Hector Fernandezen esanetan, Aldundiak “ez dau ezer egin gura”, arriskuan dagoan kultur ondasunaren aurrean zuzenean esku hartzeko legeak gaitasuna emonda be, Euskal Errotak Eraikinagaz gertatzen dan moduan. Foru erakundeak holango kasuetarako funts bereziak erabili daizala eskatu dau, eta ez daiala bakarrik “bitartekari” moduan jardun. Hori da jarrerarik “merkeena”.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, talde moreak eskatu deutsan “balantzean” oinarrituta, arau-esparrua argi itxi gura izan dau, hau da, Aldundiaren eginkizunak mugatzen dituan Euskal Kultur Ondareari buruzko 6/2019 Legea. Lege-esparru horren barruan, Aldundiak, azken zazpi urteetan, “1.800 esku-hartze” egin ditu babestutako ondasunetan, hau da, batez beste “250 esku-hartze” urtean. Aldi horretan, ondare horren egoerea baloretako “1.400 ikuskapen” egin dira. Zenbaki horreek hor dagozan arren, Bilbaok esan dau ahaleginak “mugatuak” dirala. “Gehiago egin gurako geunke, baina gaur egungo egoereak beste lehentasun batzuk marketan deuskuz”.

Itaunen atala Zaintzaileen Estatutuaren hedapenagaz amaitu da. EH Bilduren eretxiz, datu “kezkagarriak” dagoz, 221 zaintzailek bakarrik hartu ebelako 15 eguneko atsedenaldia 2021eko bigarren seihilekoan. Koalizino abertzaleak kasuen koordinatzailearen hedapenaz eta Zaintza Eskolak sektorean daukan parte-hartzeaz be galdetu dau.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak denporea eskatu dau atseden programak Bizkaiko gizartean “finkatu” daitezan; izan be, eboluzino “positiboa” ikusten dogu, eta 2019an martxan jarri ziranetik gorakada “esponentziala” izan dabe. Aurtengo lehenengo lauhilekoan, “bosgaitik” bidertu dira “oporretako” aste bi horreek hartzea eskatu daben zaintzaileak. Urtarrila eta apirila bitartean, “73” izan ziran, eta 2021eko aldi berean, barriz, “13”. Horri gehitu behar jako desgaitasunen bat daukien personentzako atseden-lekuek “% 33ko” igoerea izan dabela, edo Eguneko Zentroen bidez egunero atseden parziala hartzeko beste formularen bat erabilten daben “1.200 personatik gora” dagozala.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Ahozko erantzun-eskeen atalean, oposizinoko taldeek gai honeen inguruko erantzun-eskeak aurkeztu deutseez Aldundiari: AHTaren iritsiera Bilbora, Elorrioko Ibarrako egoitzea kudeetako Ama Mesedetakoakaz egindako hitzarmena, Usansoloren desanexinoa, 2021eko Errentaren kanpainako aurrez aurreko kanala eta Alonsotegiko bidegorria.

 

Ahaldun Nagusia barriro igon da Foru parlamentuko atrilera –zezeilaren 22ko kontroleko osoko batzarrean be egin eban–, Talde Bereziari erantzuteko, Aldundiak AHTaren Bilboko lurperatzea eta Abandoko geltokia finantzauko dituan ala ez argitzeko. Unai Rementeriak adierazo dauenez, erabagia “hartu behar danean” hartuko da, hau da, obraren ezaugarriak ezagutzen diranean eta beharrezko aurrekontua marraztuko dauen proiektua dagoanean, “trenbidearen eta urigintzaren eskumenen barruan”, gogorarazo dau.

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak desgaitasuna daukien personentzako Ibarrako (Elorrio) zentroa kudeetako Aldundiak Ama Mesedetakoakaz daukan lankidetza-hitzarmenari buruz galdetu dabe. Sergio Murillok jakinarazo dau gaur egun bere sailak 74 plazatatik “63 hitzartuta dituala” eta inbertitutako diru publikoa “justifikauta” dagoala. Jakin badaki kontratautako 43 personen soldatak ordaintzeko eta erabiltzaileei arretea emoteko erabili dala.

Talde moreak Usansolo Galdakaoko udalerritik desanexionetako prozeduraren egoerea ekarri dau osoko batzarrera. Azkenengo kapitulua auzoan martiaren 27an egindako herri-galdeketea da. Galdaketeak banaketaren aldeko % 80ko babesa erakutsi eban. Udalak daborduko bialdu deutso Aldundiari prozesua hasteko behar dan dokumentazinoa.

Elixabete Etxanobe Herri Administrazinorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak adierazo dauenez, nahikotasun ekonomikoari buruzko txostena amaituta, foru batzorde juridikoa memoria aztertzen ari da, “bagilaren 16an” epea amaitu baino lehen erespena emoteko. Horren ostean, Gobernu Kontsejuak, auzia Bizkaiko Batzar Nagusietara eroatearen inguruko behin betiko erabagia hartu beharko dau.

EH Bilduren erantzun-eskeei erantzunez, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak 2021eko errenta aitorpenaren aurrez aurreko kanalari buruzko hainbat xehetasun azaldu ditu, eta zehatzago, kanal hori erabilita egin ezin diran aitorpenei buruzkoak. Diputatuak onartu dau “operazino konplexuak” barne hartzen dituen “salbuespenak” dagozala, horreen kopurua “oso txikia” dan arren. Ez da kanpaina honetako nobedadea.

Arantza Urkaregi EH Bilduko kideak lehen banketxeetan egiten ziran eta zergadunei aholkularitza kontratetea eskatzen deutseen kasu konplexu horreei be erantzuteko eskatu dau. Urkaregiren berbetan, “asko” dira, eta adibide moduan etxebizitza bat heredetan dan kasuak edo dibortzioak jarri ditu.

Beste alde batetik, Imanol Pradalesek jakinarazo dau bere saila BI-3651 errepidearen paraleloa izango dan soluzino “bideragarria” ari dala lantzen Alonsotegiko urigunea Ularkigaz eta Arbuiogaz bidegorri baten bidez lotzeko; izan be, Alonsotegiko Udalak defendiduten dauen hasierako alternatibea Cadaguatik La Roblako zutabeak erabilten dituan trazadurea da, eta URA Agentzia eta Kantauriko Konfederazino Hidrografikoa horren kontra agertu dira daborduko. EH Bilduk “akordioa” eskatu dau Udalagaz, ibilbide hori gauzatu ez daiten. Pradalesek adierazo dauenez, “daborduko horretan ari dira”.